Zazpi urtean lehen aldiz jaitsi egin dira Txinako esportazioak

Italia atzeraldian sartu da, hirugarren hiruhilekoan %0,9 murriztu baita Barne Produktu Gordina

ERREDAKZIOA
2008ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Nabarmentzen hasiak diren herrialdeen artean Txinak izan du hazkunderik handiena azken hiru hamarkadetan. Produktu merkeen esportazioan oinarritu da batez ere herrialdearen garapena, eta AEBak, Europa eta Japon izan ditu bezero nagusi. Baina, haien egoera ekonomikoak okerrera egitearekin bat, jaitsi egin dira Txinaren esportazioak ere. Hala, zazpi urtean lehen aldiz, azaroan, %2,2ko murriztu da atzerrira saldutako produktuen kopurua.

Txinan ez ezik Italian ere jaitsidira esportazioak, %1,6 hain zuzen. Insat Italiako Estatistika Institutuak atzo jakinarazi zuenez, jaitsiera hori izan da herrialdea atzeraldian sartzearen arrazoietako bat. Inbertsioen %1,9ko murrizketak ere izan du eraginik. Insatek atzo baieztatu zuen herrialdea dagoeneko sartu dela atzeraldian, bi hiruhilekotan jarraian ez baitu hazkunderik izan. Bigarren hiruhilekoan, %0,4 jaitsi zen Italiako Barne Produktu Gordina (BPG), eta, hirugarrengoan, %0,9. 1998tik herrialdea atzeraldian dagoen lehen aldia da.

Bien bitartean enpresek kaleratzeen berri ematen jarraitzen dute. Rio Tinto meatzaritza taldeak 14.000 lanpostu suntsituko dituela iragarri du, dituen langile guztien %13 hain zuzen. Horietako 5.500 langilek mugarik gabeko kontratuak zituzten, eta 8.500ek, aldi baterakoak.

Taldeak 38.900 milioi dolarreko zorra du, eta kaleratzeen bidez 5.000 milioi dolar ordaintzea aurreikusten du. Era berean, inbertsioak murriztuko dituela eta aurreikusi baino aktibo gehiago salduko dituela iragarri du enpresak. Ekimen horiei esker, 2009 amaierarako 10.000 milioi dolar gutxiagoko zorra izan nahi du. «Neurrien bidez akzioen balioari eutsi nahi zaio, dirua salbatzeko eta zorrak murrizteko», adierazi du Rio Tintok.



Zenbakia

14.000

Kaleratzea. Rio Tinto meatzaritza enpresak 14.000 langile kaleratuko dituela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.