Zazpigarren Lurrama azoka hasi da gaur goizean, Miarritzen (Lapurdi), eta, gaur, haurren eguna ospatuko dute. Iparralde osoko eskoletatik joandako 1.600 haur bildu dira bertan. Ostiralera bitartean Miarritzeko Iraty erakustazokan bestelako nekazaritza, elikadura eta bestelako bizimodua aldarrikatzeko bilgunea egingo dute.
Gaur, mahai inguru bat izango da bertan, Europako nekazaritza kudeatuko duen PAC berriaren inguruan; Stephane Le Foll nekazaritza laborantzako ministroa, Aurelie Trouve ATTACeko presidentea, Jose Bove eurodiputatua eta Mixel Berhokoirigoin izango dira hizlariak.
Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko baserritarrek erakutsiko dituzte beren abereak, sal-erakusgai eskaintzen etxaldeetako ekoizpenak, haurrak aparkatzeko jolastokia, sukaldaritza tailerrak eta beste izango dira egun osoan Miarritzen.
Lurrama Euskal Herriko Laborantza Ganberak sortu zuen, laborantza herrikoia eta iraunkorra bultzatzeko: gizakia eta natura errespetatzen dituen laborantza. Politikariek hartu dute hitza gaurkoan; besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Merkataritza Ganberako kideek.