Zentral nuklearrak ez dituzte ezinbestean itxiko martxan 40 urteurte egiten dituztenean. Ekonomia Iraunkorraren Legetik epe horri buruzko aipamena kentzea erabaki zuen atzo Espainiako Kongresuak. PPk, PSOEk, EAJk, CiUk eta talde mistoko hainbat kidek adostu zuten neurria.
Zentral nuklearren bizitzari buruzko araudirik ez dago. Alabaina, Espainiako Gobernuak Garoña 2013an ixtea erabaki zuenean, zentral nuklearrek gehienez 40 urtean egon behar zutelamartxan esan zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak, eta araudian hori agertu behar zela. Hala jaso zen Ekonomia Iraunkorraren Legean, 40 urterako zeudela diseinatuta. Atzoko zuzenketaren ostean, kendu egin da aipamen hori.
Erabakiaren eraginez, kritika ugari jaso ditu PSOEk. Izan ere, hauteskunde kanpainan energia nuklearrari laguntzeko neurririk ez zuela hartuko agindu zuen Zapaterok. Gobernuak ez duela gaiarekiko jarrera aldatu nabarmendu du Miguel Sebastian Industria ministroak. «Beti esan dugu 40 urtetik aurrera Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak duela lehen hitza», dio. Azpiegituren segurtasunaren ebaluazioa hark egiten du. Sebastianen arabera, zentral nuklear baten kontrako informea egiten badu hark, loteslea izango da erabakia eta itxi egingo da. Aldekoa eginez gero, gobernuak erabaki beharko du irekita mantendu edo ez.
Garoñari buruzko zalantzak
Garoñarekin zer gertatuko den da zalantza nagusia orain. EAJk jakinarazi duenez, ez dio eragingo aldaketak, akordioan espresuki adostu dutelako 2013an ixtea.CiUk kontrakoa dio. 40 urteko muga desagertu egin dela esan du Josep Antoni Duran Lleida bozeramaileak.
AMAC Zentral NuklearrekEragindako Udalen Elkarteak gustura dago kongresuaren erabakiarekin, eta Garoña ez ixteko eskatu du, «jada ez dagoelako horretarako arrazoirik». Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak kontrakoa esan artean egon behar duela martxan adierazi du.
Zentral nuklearrak 40 urtetik gora egon ahalko dira martxan
Gehienezko muga kentzeak Garoñari ez diola eragingo dio EAJk; CiUk, aldiz, kontrakoa uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu