Zer dira menpeko finantza ekarpenak?
Mondragon taldeko kooperatibek 2002tik 2007ra saldutako finantza produktu batzuk dira. Burtsaratzerik ez dutenez, horien bidez finantzatu zituzten joan den hamarkada hasierako hedapen asmoak. 40.000 lagunek erosi zituzten ekarpenak, eta 845 milioi jarri zituzten: 660 milioi Eroskiri eta 185 Fagorri.
Lehentasunezko parte hartzeen berdinak al dira?
Ez, baina badituzte antzekotasunak. Batzuek zein besteak amaierarik gabeko inbertsioak dira, eta interes bat pagatzen dute, gordailuena baino nabarmen handiagoa. Baina bada alde esanguratsu bat: Eroskiren eta Fagorren ekarpenen kasuan, interesa ordaintzea bermatuta dago, baina ez, ordea, finantza erakundeen parte-hartzeena. Eroskik, esaterako, 30 milioi euro ordaindu dizkie aurten ekarpenen erosleei, %3,1 eta %3,6 arteko interesarekin.
Zein da arazoa?
Ekarpenak —bankuen bitartez— erosi zituzten askok uste zutela gordailu bat kontratatu zutela eta, hortaz, nahi zutenean atera zezaketela dirua. Baina ekarpenak betierekoak dira, eta soilik iraungitzen dira Eroskik edo Fagorrek ekarpenak erosi arte —bost urteren buruan—, edo enpresek porrot egin arte. Merkatuan saltzeko aukera badago, baina orain jaulki zutenean balio zutenaren %35 inguru baizik ez lukete lortuko.