Kutxabanken balizko pribatizazioaren inguruan hainbat erabaki hartu dituzte Gipuzkoako Diputazioak eta Donostiako Udalak. Euren zerbitzu juridikoei eskatu diete aztertzeko zein aukera dauden "gipuzkoarrena den ondasuna pribatizatzea saihesteko". Horrez gain, bilera eskatu diote Xabier Iturbe Kutxako presidenteari. "Esango diogu argitzeko zein plan dituzten eta helaraziko diogu pribatizazioaren aurka gaudela". Gipuzkoako gainerako alkateekin ere jarriko dira harremanetan, "jarrera komun bat adosteko".
Agerraldia egin dute gaur goizean Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, "Kutxako erakunde sortzaileen izenean". Gogoratu dute Kutxabank sortzeko akordioak hiru oinarri zituela eta hiru kutxetako batzarrek babestu zutela akordioa. Puntuak ziren obra soziala mantentzea edo igotzea; langileek aukera izatea euren lan harremanak zein markotan negoziatu erabakitzeko, hau da Euskal Herrian edo Espanian; eta banku berria "inola ere" ez pribatizatzea.
Kutxabankek hiru puntuak "errotik hautsi" dituela salatu dute. Izagirreren esanetan, "ulergaitza eta harrigarria" da gertatzen ari dena, erakunde berriak hartutako konpromiso bakar bat ere ez baitu bete.
Obra sozialari dagokionez, zenbait jarduera esku pribatuetan uzteko "mugimenduak" daudela adierazi du Donostiako alkateak, adibidez, onkologikoa. Instituzioekin partekatutako proiektuetako konpromisoak ere ez dituela bete dio, "Tabakaleran, Inbiomeden, Kursaalean..." . Erakundeek eskatutakoa ere ez duela bete gaineratu du, hipoteketan IRPH indizea aplikatzen jarraitzen baitu, etxeen desjabetzeak mantendu baititu, eta herritarrak "kreditu lehortean" baitaude. Gaineratu du langileei ere ez zaiela bermatu euren aukera.
Garitanoren hitzetan, Kutxabankek izaera soziala "erabat galdu" du. "Eta orain egin nahi dutena da Gipuzkoako herritarrak desjabetzea. Ondasun horiek mantentzeko betebehar moral eta politikoa dugu".