Zerbitzu sozialetako «utzikeria» kalean salatuko du LABek

Sektoreko langileek «miseriazko» soldatak eta baldintza prekarioak pairatzen dituztela ohartarazi dute

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko administrazioek uko egin diote zerbitzu sozialen sare publikoa osatzeari, LABen ustez, bere kudeaketa interes pribatuen esku utzi dutelako, «negozioa egin dezaten». Zerbitzu horiek eskaintzeko betebeharrari bizkarra eman diotelako, gobernuen «utzikeria» salatzeko protestak iragarri zituen atzoArantxa Vazquez sindikatuko gizarte sektoreko arduradunak.

Zerbitzu sozialen sektorean, egun, 40.000 langile inguru aritzen dira Hegoaldean, hamarretik zortzi emakumezkoak. Haien lan baldintzak «ezin txarragoak» direla esan zuen Vazquezek: «Miseriazko soldatekin bizitzeaz gain gero eta zama fisiko eta psikiko handiagoa pairatzen dute». Ondorioz, zaintza lanak behar dituztenek zerbitzu prekarioa jasotzen dutela deitoratu zuen.

Kalitateko zerbitzu publikoak eskaini ahal izateko, gastu publikoa igo beharko luketela gogorarazi zien sindikalistak gobernuei. Aurrekontuetan, alabaina, «are gehiago murriztu» dituztela gaitzetsi zuen. Horren aurrean, zerbitzu sozial eta sektoreko langileen baldintza hobeak eskatzeko elkarretaratzeak egingo ditu LABek datozen asteetan.

Bizkaiko hirugarren adinekoen egoitzetako langileek manifestazioa egingo dute bihar, goizeko 11:00etan Bilbon. Datorren astean itxialdiak egingo dituzte lau enpresatan. Martxoaren 8rako, berriz, zortzi orduko greba eta kontzentrazioak deitu dituzte.

Mila eurotik beherako sariak

Bizkaiko egoitzetako 4.500 langileen baldintzak 2008ko berberak direla azaldu zuten: mila eurotik beherako soldatak, hiru txandetako lanaldia eta lan karga handiak, besteak beste. Araban, berriz, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren itunak ezarritakoa ez dute bete. Eskubideak murrizteko «instituzioen eta patronalaren arteko aliantza» salatzeko greba iragarri zuten.

Gipuzkoan, bestetik, helduen egoitzetako zerbitzua ia guztiz azpikontratatuta dagoela eta Aldundiak patronalaren esku uzteko helburua duela salatu zuen Vazquezek. Nafarroan ere, gastu soziala «etengabe» murrizten ari direla gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.