Iaz 2007az geroztiko hazkunde tasarik handiena lortu ondoren —%2,9—, aurten astiroago ari da hazten Nafarroako ekonomia. Iazko azken hiruhilekotik aurtengo lehenengora %0,6 hazi da, eta %3,1 azken urtean. Hazkunde erritmo horri eutsiz gero %2,4 haziko litzateke urte amaieran. Uxue Barkosen gobernuak iazko hazkunde maila espero zuen aurten ere, baina motelagoa izango dela onartu du azkenaldian.
Sektoreei erreparatuz gero, zerbitzuak daude indartsuen, urte arteko %3,8ko hazkundearekin. Industria %2,2 ari da hazten, eta %1,6, berriz, eraikuntza.
Eskariari dagokionez, barne kontsumoak hazkunde tasa bizkortu du. Familien kontsumoa %3,3tik %3,6ra igo da, eta administrazio publikoena, berriz, %3,6tik %3,8ra. Nafarroako Estatistika Institutuaren azalpenen arabera, familien kontsumoaren igoerak lotura zuzena du lan merkatuaren hobeatzearekin. Elikaduran egiten den gastua handitzen ari da, baita ostalaritzan edo ondasun iraunkorretan egindakoa ere. Gastu publikoa, berriz, erosketengatik ari da handitzen.
Kanpo eskariaren ekarpena oso txikia izan da, 0,1 puntu baizik ez (0,4 aurreko hiruhilekoan). Izan ere, esportazioen hazkunde erritmoa %2,4tik %1,4ra moteldu da, eta inportazioena, berriz, %2tik %1era.
Moteltzen ari da enplegu sorrera ere, %2,9tik %2,4ra.
Eustatek atzo zabaldutako informazioaren arabera, Nafarroaren erritmoan ari da hazten Gipuzkoa (%3,1), baina hortik gora Bizkaia (%3,3) eta Araba (%3,6). Hiru lurralde horietan industria ari zaio ekonomiari tiraka.