Nafarroako Estatistika Erakundeak baieztatu egin du uztailaren amaieran aurreratutako datua, hots, lurraldeko barne produktu gordina %3,3 hazi dela azken urtean. Hazkunde tasarik handiena da 2015eko azken hiruhilekotik, eta familien eta administrazioen kontsumo gero eta handiagoan oinarritzen da (%3,5, urte arteko tasan). "Lan merkatuaren bilakaera positiboak familien gastua bizkortzea erraztu du", dio estatistika erakundearen agiriak. Hobekuntza da lanean gero eta jende gehiago dagoela —enplegua %2,5 handitu da azken urtean—, langile horien lan baldintzak ez direlako ari hobetzen maila berean. Nafarroako Gobernuaren arabera, soldatak %1 hazi dira iaztik hona, gaur egungo inflazioaren azpitik (%1,2 uztailean, Nafarroan).
Familien gastu hori asko antzeman da ostalaritzan, baina baita elikagaiak eta beste ondasun batzuk erostean ere. Horren eskutik, zerbitzuak dira gehien hazten ari den sektorea, alde handiz gainera: %4,1. Industriak ere ekarpen positiboa egin du, baina haren hazkunde erritmoa &2,7tik %2,4ra moteldu da. Bi hamarren mantsotu da lehen sektorearen hazkundea (%2,2), eta igoera apalekin jarraitzen du eraikuntzak (%0,8).
Zenbaki kaskarragoak eman ditu inbertsioak. 2016. urteko azken hiruhilekoan uzkurtzen hasi zen kapital finkoaren formakuntza gordina (inbertsioa), eta joera hori sendotu da (-%0,2 azken urtean). Batez ere ekipo ondasunetan (makinak eta halakoak) antzeman da (-%0,8), eraikuntzaren atalean handitzen ari baita (%0,5). Edonola ere, Nafarroako Gobernuak garrantzia kendu nahi izan dio inbertsioak moteltzeari. "Arrasto positiboak ere ikusten dira, hala nola ibilgailu industrialen hazkunde tasa handiak, eta industriaren ekoizpen gaitasunaren erabilera handitu izana".
Beste lurraldeak
Zerbitzuak eta kontsumoa dira hazkundearen motor nagusiak beste euskal lurraldeetan ere. Urteko bigarren hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hazkunde erritmoa %2,7tik %2,9ra handitu zela aurreratu zuen Eustatek uztailean. Irailaren 7an zabaldu behar du informazioa Eustatek, eta horren zain dago Eusko Jaurlaritza urte osorako iragarpena «%3tik hurbil» jartzeko, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuaren hitzetan.