Zergarekin lotura duten jardueretan praktika egokiekin aritzeko konpromisoa hartu dute gaur ekonomiaren alorreko sei erakundek, eta, xede horrekin, hitzarmenak sinatu dituzte Gipuzkoako Aldundiarekin. Hauek dira hitzarmena sinatu duten gizarte erakundeak: Adegi, Gipuzkoako Bazkundea, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, Ekonomisten Euskal Elkargoa, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoa eta Euskadiko Administrazio-kudeatzaileen Elkargoa.
Sinadura ekitaldian, erakundeen izenean hitz egin du Maite Villafruela Ekonomisten Euskal Elkargoko Gipuzkoako presidenteak. Haren arabera, ekitaldiaren xedea "indarrak batzea" izan da. "Gaur konprometitu gara zerga alorreko kontzientzia hedatzera, zerga betebeharrei buruzko informazioa zabaltzera, ogasunari ahal dugun neurrian laguntzera... Hau da, gure esparruetatik zerga iruzurraren aurkako jardunari gure ekarpena egitera".
Indarrak batzeko beharra aipatu du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak ere. Haren aburuz, hitzarmen horien helburua "gizarte antolatuaren konplizitatea irabaztea da". Orain arte zerga iruzurraren kontrako lankidetza erakunde publikoen artera mugatu dela azaldu du Olanok, eta orain lankidetza hori gizarte antolatura hedatu nahi izan dutela. "Gure lurraldeko eragile ezberdinen konplizitatea izatea gizarte guztiari hainbesteko kaltea egiten dion zerga iruzurrari aurre egiteko".
Olanoren ustez, erakunde horiek hartutako konpromisoa "aurrerapauso kualitatiboa da", baita ogasunaren eta beren bezeroen arteko komunikazio lanak hobetzearen ikuspegitik ere. Etorkizunerako zerrenda zabaltzea nahi luke aldundiak. Era berean, sinatzaileen arteko komunikazioetan euskara erabiltzeko konpromisoa hartu dute aldeek.