Aurtengo lehenengo zazpi hilabeteetako bilketa likidoa 4.130,8 milioi euro izan da, Bizkaiko Ogasunak emandako datuen arabera. 42,9 milioi gehiago 2015eko epe berean baino.
Urtea oso pattal hasi zuen Bizkaiak, apirilera arte zerga bilketa iazkoaren azpitik zegoelako. Maiatzean itzuli zen zenbaki positiboetara, eta hazkundea %1,8ra heldu zen ekainean. Uztailean, ordea, susperraldia %1,1era jaitsi da.
Oso bilakaera desberdina izaten ari dira bi zerga nagusiak. Enpleguak hobera egin duenez, gora doa errenta zergaren bidez bildutakoa. Zehazki, iaz baino %5,1 gehiago: 1.568,1 milioi euro. Baina ifrentzua BEZa da: kontsumoak gora egin arren, doikuntzek eragin dute %1,5 gutxiago biltzea horren bitartez (1.572,3 milioi). Eskas dabil sozietate zerga ere, %24,3 gutxiago bildu duelako. "Haren bilketak oraindik ere pairatzen ditu 2013an onartutako balantzeen erregularizazioaren ondorioak eta, gainera, txikiagoa izan da Estatuko araudiaren peko sozietateek kontura egindako lehen ordainketaren munta", azaldu du Bizkaiko Aldundiak.
%7ko helburutik urruti
Bizkaiko datuek erakusten dute Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek nekez beteko dutela iazko urriko Finantzen Euskal Kontseiluan iragarritako bilketa. Aurten 886 milioi gehiago bilduko zutela kalkulatu zuten (%5,5), baina petrolioaren prezioaren beherakadak kalte handia eragin zuen iazko helburua ere ezin betetzea. Horren ondorioz, aurten aurrekontuak orekatzeko egin beharreko ahalegina are handiagoa da, %7 gehiago biltzea dakarrelako. Helburu horretatik oso urrun daude aldundiak: Gipuzkoak %4,1 gehiago bildu du, eta %2 gehiago Arabak. Orotara, hiru ogasunek 6.988,1 milioi euro jaso dituzte zergetan urteko lehen zazpi hilabeteetan, iaz baino %2 gehiago (136,8 milioi). Espero zenaren eta gertatzen ari denaren arteko aldea oso poliki ari da txikitzen, eta oraindik 750 milioi eurokoa da.