Kontu publikoak

Zerga bilketa %14,9 igo da Bizkaian abuztura bitartean

Batez ere, errenta zergak eta sozietate zergak eragin dute gorakada.

Jon Fernandez.
2017ko irailaren 14a
10:45
Entzun

Urtarriletik abuztura bitartean, Bizkaiko Foru Ogasunak 4.808 milioi euro bildu ditu, iazko aldi berean baino 623,1 milioi gehiago (+%14,9). Beraz, ogasunak dagoeneko bilduta dauka 2017rako aurreikusitakoaren %68,8. Nolanahi ere, Bizkaiko Diputazioak zehaztu du bilketa ondo joan arren ez duela moldatuko aurtengo aurreikusitako bilketa kopurua; izan ere, aldundiak "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu du, uste baitu datozen hilabeteetan "apaldu" egingo dela zerga bilketaren erritmoa.

Bizkaiak lehen zortzil hilabeteetan bildutako diruaren erdia baino gehixeago (%51,5) zuzeneko zergen bidez bildu du: 2.477,7 milioi euro. Errenta zergaren (PFEZ) bilketa %6,6 igo da, eta %62,5 sozietate zerga. Ogasunak azaldu duenez, enpresen zergaren igoera gertatu da "bilketa gordina nabarmen handitu delako, eta itzulpenak dezente txikitu direlako".

Zeharkako zergak, berriz, apaldu egin dira abuztura bitartean: -%0,8. Guztira, 1.831,3 milioi bildu dituzte, iaz baino 15,5 milioi euro gutxiago. Bestalde, zerga berezien bilketak %4,7 egin du gora —erregaien zerga %9,2 igo da—. Halaber, Espainiarekin egindako doikuntzetan Bizkaiak 546,9 milioi euro jaso ditu BEZarengatik, eta 90,2 milioi pagatu dizkio Madrili zerga bereziengatik.

Gorakada orokorra

Bizkaiaren datua Arabaren eta Gipuzkoaren ildo beretik doa. Arabako Ogasunak 1.360 milioi bildu ditu abuztura arte, iaz baino %12,7 gehiago. Gipuzkoan, era berean, %12,6koa izan da gorakada, 2.603 milioi euro bilduta. Nafarroan, berriz, urte erdikoa da azken emaitza. Positiboa da hura ere, ordura arte %9 ari baitzen hazten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.