Foru ogasunek 2.091,8 milioi bildu dituzte urtarrilean eta otsailean, iaz hilabete horietan baino 37,7 milioi gehiago (%1,8). Otsailean egindako bileran Eusko Jaurlaritza eta hiru aldundiak zuhur azaldu ziren aurtengo helburuak betetzeko aukerari buruz.
Oso azpitik geratzeko arriskua handia da, aurreikuspena egin zutenean —2015eko urrian—, ez zutelako kontuan hartu petrolio merkeagoak batez ere Bizkaiko Ogasunari egingo zion kaltea. Horren ondorioz, 2015. urtearen amaieran bilketa esperotakoaren azpitik geratu zen (urrian uste zutena baino 224 milioi gutxiago), eta zailagoa egiten du orain aurtengorako helburua betetzea, 660 milioi gehiago bildu beharrean (%5,1), 880 milioi gehiago biltzea baita orain erronka (%7) .
Bizkaia, aurten hobeto
Iazkoaren kontrakoa ari da gertatzen: 2015ean Bizkaiak ia ez zuen lortu bilketa handitzea, baina aurten hura da gehien hazi dena, %2,6 hain zuzen ere. Gipuzkoan %1 igo da, eta behera egiten ari da iaz emaitza onenak izan zituen lurraldean, Araban (-%1,1).
PFEZ errentaren gaineko zergak ekarri du diru gehien —1.061 milioi—, iazkoaren mailan. BEZa, berriz, %3,5 hazi da, 846 milioira arte.
Enpresen irabazien gaineko zergak, sozietate zerga izenekoak, datu negatiboa eman du. Ohikoa da hori, urte hasieran enpresei diru gehiago itzultzen baitzaie zergetan ordaintzen dutena baino.