Zerga bilketa metatua %5 hazi da Gipuzkoan ekainera arte. 2015ean baino 69 milioi euro gehiago bildu ditu Ogasunak. Jabier Larrañaga ogasun diputatuak esan du hurrengo hilabeteak izango direla urtea nola itxiko den jakiteko lehen gakoak emango dituztenak. Errentaren, Aberastasunaren eta Sozietateen gaineko zergaren urteko kanpainen emaitzak orduan islatuko dra. "Bide onetik goazela dirudi, baina tentuz ibili behar dugu irakurketak egiterakoan datu fidagarriagoak izan arte", adierazi du.
Ekainera arteko bilakaeraren zergatia azaltzerakoan, eragin positiboa izan dute sarreretan PFEZaren lan atxikipenak, BEZaren sarrerak eta zerga bereziek; PFEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren itzulketek ere behera egin dute; gutxiago itzuli da, alegia. Balantzaren beste aldean, BEZaren itzulketak hazi dira, ondare irabazien atxikipenak gutxitu eta Sozietateen gaineko Zergaren sarrerek ere behera egin dute. Enpresek gutxiago ordaindu dute, alegia.
Errentaren esparruan, lan atxikipenen atalean 17,4 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (%2,6). Ondare irabazien atxikipenak eta kapital higikorraren etekinen atxikipenak, aldiz, bilakaera negatiboa izan dute: 17,9 eta 9,6 milioi gutxiago, hurrenez horren. PFEZa bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 16,2 milioi gehiago batu baitira (%3,3).
Sozietateen gaineko zergaren atalean, sarrerak 11,3 milioi jaitsi dira eta itzulketak ere 18,6 milioi gutxitu dira 2015eko lehen sehilekoarekin alderatuta. Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %3,7 igo da, hau da, 17,4 milioi euro gehiago bildu dira: 30,2 milioi gehiago batu dira (%4,8), itzulketak 17,9 milioitan hazi dira (%6,2) eta lurraldeen arteko doikuntzak 5,2 milioi igo dira (%4,3).