Urteko lehen 11 hilabeteetan Gipuzkoako Foru Ogasunak 196,7 milioi gehiago bildu ditu iazko epe berarekin alderatuta. Urtea amaitzeko hilabete falta denean, Gipuzkoak jarritako bilketa helburuak gainditzeko "zantzu argiak" ikusi ditu. Joan den urrian egindako Finantzen Euskal Kontseiluan, Jaurlaritzak eta aldundiek kalkulatu zuten Gipuzkoan aurten %5,5 igoko zela zerga bilketa 2013arekiko.
PFEZak %3,5 egin du gora, 44,5 milioi gehiago jasoz. Horretarako lagungarria izan da aitorpenen kuota diferentzial garbia beste %13,4 igo izana eta lan etekinen atxikipenak %0,9 haztea (urriaren 31ra arteko zerga bilketa-metatuan %0,5ekoa zen).
Aberastasunaren eta Fortuna Handien Zergak (AFHZ) berriz, iaz baino 16,9 milioi gehiago jaso ditu (%35,7 gehiago).
BEZaren bilketa garbia %17 hazi da. Orotara, 140 milioi euro gehiago bildu dira BEZarekin.
Sozietateen zergak, aldiz, 42,2 milioi gutxiago bildu ditu, aurreko urtean baino %16 gutxiago. Garrantzi handia du itzulketak 36,7 milioi handitu izanak; nagusiki, Repinves-Kutxa sententziagatik egin behar izan den 28,8 milioiko itzulketa bereziak.
"Urtea amaitzeko hilabete besterik falta ez denean, urte osorako jarritako helburuak betetzetik gero eta gertuago dago Gipuzkoa. Helburuak bete bakarrik ez, helburuak gainditzeko zantzu argiak ikusten dira", adierazi du Gipuzkoako Ogasunak..
Bizkaian, pattalago
Helburu horietatik urrunago geratuko da, berriz, Bizkaiko Foru Aldundia. Asteartean zabaldutako datuen arabera, azarora arte 5.904 milioi euro bildu dira zergen bidez, iaz baino %1,2ko gehiago (67,5 milioi euro). Gipuzkoako eta Arabako zerga bilketarekiko alde nabarmen bat dago Bizkaikoan: 2013an 120,1 milioi patrikaratu zituen enpresei beren balantzeen eguneratzea ahalbidetu zielako. Beste bi ogasunek milioi eskas batzuk baizik ez zituzten jaso. Balantzeen eguneratzearen efektua alde batera utzita, Bizkaian %3,3 hazi da zerga bilketa. Datu batekin zein bestearekin zaila dirudi Bizkaiak aurtengorako zuen helburua (%5,2) betetzea.
Araban %6,5 gehiago biltzea da helburua.