Urte osoan biltzea espero duen diruaren %70,9 bildu du Bizkaiak urteko lehen bederatzi hilabeteotan. Irailera arte jasotako 4.410,2 milioi euroak iaz aldi horretan bildutakoa baino %4,3 gehiago da (183 milioi gehiago). Abuztutik hona, ordea, bilketaren hazkundearen erritmoa pixka bat apaldu da, orduan %5,2 ari baitzen igotzen. Bizkaiak eman ohi ditu lehenik zerga bilketaren datuak, eta hurrengo egunotan egin beharko lukete Arabak eta Bizkaiak. Abuztura arte %3,6 gehiago bildu zuen Gipuzkoak eta %1,8 gutxiago, berriz, Arabak.
Datu horiek eskuetan joango dira datorren asteartean Finantzen Euskal Kontseilura, eta horien arabera kalkulatuko dute aurten zenbat bilduko duten eta datorren urtean zenbat jaso dezaketen. Azken aurreikuspen horren arabera egingo dituzte aurrekontu proiektuak Eusko Jaurlaritzak eta hiru diputazioek.
Bizkaiko datuek erakusten dute zergetan oso bilakaera desberdinak daudela. Errenta zergaren bidez jasotakoak jaisten jarraitzen du, langabezia handiagoaren eta soldata askoren jaitsieraren ondorioz. Zergetan bigarren handiena da errenta zerga, 1.361 milioirekin.
Garrantzitsuena, berriz, BEZa da, 1.487 milioiren bilketarekin. Krisiak kontsumoa jaitsi duen arren, iazko irailean Espainiako Gobernuak erabakitako igoera handiak %7,7ko igoera ekarri du.
Gora egin du sozietate zergak (%18,4), baina ez da izan enpresek irabazi handiagoak izan dituztelako, enpresa handi batzuek beren balantzeak berritzeko aukera baliatu dutelako baizik —etorkizunean gutxiago pagatzeko—. Horrela, balantzeen berritzeak 120 milioi gehiago ekarri dizkio Bizkaiari, zerga horretan lortutako igoera osoa (102 milioi) baino gehiago. Enpresen balantzeen berritzea gatazka iturri izango da Finantzen Euskal Kontseiluan: haren bidez ia ez dute dirurik lortu Gipuzkoak eta Arabak, baina, Ekarpenen Legearen ondorioz, baliteke jaso ez duten diru horren zati bat eman behar izatea Jaurlaritzari —hari ematen dizkiote hamar eurotik zazpi—.