Frantziako lehen ministro izendatua izan ondoren lehen hitzaldia eman du Manuel Vallsek diputatuen aurrean. Kutsu ekonomiko handiko mezua izan da, gobernuburuaren arabera, enplegua baita bere bere lehentasuna. Lanpostuak sortzeko bidea, haren iritziz, enpresen gaineko kostuak gutxitzea da. "Ez da arazo bakarra, baina lanaren kostuei heldu behar zaie", justifikatu du.
Kostuak jaisteko bide nagusia Erantzukizunaren Ituna izango da. Zenbait xehetasun eman ditu Vallsek. Horien artean dago Smic gutxieneko soldata ordaintzen duten kontratuek ez diotela Gizarte Segurantzari kontribuziorik egin beharko. Gutxieneko soldata edo haren halako 1,6 ordaintzen duten kontratuei ere gizarte kotizazioak jaitsi nahi dizkio Frantziako Gobernuak, familia kutxarako egiten duten kontribuzioa hain zuzen ere.
Diputatu batzuren txistuen aurrean, enpresen defentsa sutsua egin du Frantziako lehen ministroak. "Enpresen beharra dugu, enpresa txiki eta ertainena, start-upena, artisauena...". Enpresa horiek laguntzea "enplegua laguntzea da".
Defizit publikoa %3ra jaisteko konpromisoa bere egin du Vallsek —hori eskatzen dio EBk—, baina jaitsiera erritmoa moldatzeko asmoa azaldu du.
Zerga jaitsiera batzuk ere iragarri ditu, enpresek ordaintzen dituztenak batez ere. Esaterako, C3S ezabatuko du hiru urteko epean, eta sozietate zergan Sarkozyk erabakitako igoerak bertan behera geratuko dira (%28ra jaitsiko da 2020an).