Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen urratsa egin ahal izango du zerga politika aldatzeko. Lehena, 2012koa, txikia da, orain arteko joera aldatzeko eta norabide berria ezartzeko: funtsean, diru gehien irabazten dutenek gehiago ordaintzea eta ondare zerga berreskuratzea. Aldaketak ez die eragingo gipuzkoar gehienei. Datozen urteetako aldaketak sakonagoak izango dira, aurrera ateratzea lortuz gero: sozietate zerga, aberatsen zerga, etxebizitzak...
Foru Aldundiak (Bildu) eta PSE-EEk hitzartu dute zerga erreforma, eta Aralarren babesa ere jaso dute. Batzar Nagusietako Ogasun Batzordean zuzenketa partzialak eztabaidatu eta behin betiko txostenak onartu zituzten atzo. EAJk PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aldaketen kontra bozkatu zuen; ondarearen zergari buruzkoan, aldiz, abstenitu egin zen. Aldaketa datorren ostiraleko osoko bilkuran onartuko dute.
Egun gutxitan Bilduk aurrera atera ditu urteko bi egitasmo ekonomiko nagusiak, Batzar Nagusietan gehiengo osorik eduki gabe: aurrekontuak EAJrekin hitzartu ditu eta zerga erreforma, berriz, PSE-EErekin.
Zerga erreforma onartu ahal izateko pixka bat bigundu behar izan du jatorrizko proposamena, funtsezko oinarriak aldatu gabe. Foru Aldundiak 2012an 75 milioi euro biltzea espero zuen zerga erreformaren jatorrizko proposamenarekin.
Bilduk datorren urterako utzi ditu erronka potoloagoak: sozietate zerga, etxebizitzari buruzko zerga politika eta ondasun handiak dituztenen zergak. Foru Aldundiak azterketa bat aurkeztuko du zerga kenkariek etxebizitzen merkatuan duten eraginari buruz. Batzar Nagusietan, berriz, sozietate zergaren erreforma aztertuko dute.
Europatik «hurbilago»
Helena Franco Ogasun diputatuak atzo onartu zuen aldaketak «txikiak» direla, baina «norabide berria» ezartzen dutela: «Pixka bat gehiago hurbiltzen gaitu Europan gizarte politika aurreratuenak dituzten herrialdeetara. Horiek sistema publiko indartsua dute, zerga politika indartsu eta progresibo batean oinarritua».
Rafaela Romero PSE-EEren bozeramaileak bat egin zuen Helena Francok esandakoarekin. Gainera, gehitu zuen bere alderdia prest dagoela datozen urteetan ere Bildurekin zerga politika aldatzen jarraitzeko.
Onartutakoak ez dira Aralarrek nahi lituzkeen aldaketa sakonak, baina babesa eman die, «noranzkoa aldatu dutelako». Rebeka Ubera Batzar Nagusietako bozeramaileak Foru Aldundiko arduradunei eskatu die abiatutako bidean jarrai dezatela, «justizia sozialean, progresibotasunean eta elkartasunean oinarritutako zerga sistema ezartzeko».
Beraz, akabo harmonizazio fiskala, hau da, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak pareko zergak izatea. Gipuzkoak onartutakoak Arabak eta Bizkaiak hitzartutakoak baino urrunago doaz. Gipuzkoaren ekimenak behartu ditu, neurri handi batean, gainerakoak ere zerga politikak aldatzera.
Harmonizazioa haustea ez da arazoa Helena Francorentzat. «Harmonizazioak kezkatzen gaitu», esan zuen atzo, «baina harmonizazioak ezin du uniformizazioa izan». EAJrentzat, harmonizazioa urratzea arazoa da, gipuzkoarrek zergetan gehiago ordaindu beharko dutelako arabarrek eta bizkaitarrek baino, «zerbitzu berberak jasotzeko».
Zerga politikaren aldaketa aroa abiatu dute Bilduk eta PSE-EEk Gipuzkoan
Ondare zerga berreskuratzea eta diru gehien dutenek gehiago ordaintzea onartu dute, Aralarren babesarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu