Eusko Jaurlaritzak 2010eko aurrekontuak zehazterako garaian, zerga sistemarekin zer egin ez jakitea leporatu dio Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak. Gainera, arlo horretan, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen "antzeko politika" izatea egotzi dio, "nahasmenduz betea eta irizpiderik gabekoa", hain zuzen ere. Horren aurrean, Basagoitik kezka agertu du PSE-EEren aldetik ekonomiaren inguruan ekimen argirik ikusten ez duelako. "Krisi garaian gobernu batek ezin du zer gertatuko den zain egon". PPrekin "lehentasunezko harremana" du PSE-EEk, Patxi Lopezek Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu zutenetik.
Gaur aurrekontuen irizpide nagusiak zehaztu dituzte PSE-EE eta PPk eta besteak beste, autonomoentzat laguntzak handitzea hitzartu dute. Izan ere, abuztuaren amaieran datorren urteko aurrekontuak adosteko irizpideak finkatu eta aurtengorako ere zenbait inbertsio hitzartu zituzten bi alderdiek, baina oinarriak zehaztea falta zen.
Hurrengo astean, bigarren bilera errondari ekingo dio PPk. EAJrekin elkartuko da lehenik, eta gainerako alderdiekin ondoren. Alderdi jeltzaleak aurrekontuen akordioarekin bat egitearen aldekoa da Basagoiti. "EAJk soilik bilera mahaiaz hitz egiten du, baina oraingoz ez du proposamenik egin aurrekontuen inguruan. Alderdien arteko akordio baten beharra dugu, alderdien arteko liskarrak alde batera utzita".
Alderdiekin egingo dituen bileretan "zergak mantentzearen alde eta kasu batzuetan jaistea babestuko" duela nabarmendu du EAEko PPko presidenteak.
Ez da zergak ukitzeko unea Ekonomia eta Ogasun sailburuarentzat
Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak nabarmendu du "finantza krisiari aurre egiteko zerga sisteman aldaketak" egin behar direla, baina "enpresak dauden moduan egonda, ez dela zergak ukitzeko unea". "Enpresak ordaintzen duten zerga aldatzeko asmorik ez dugu".
Gaineratu du, "Euskadiko ekonomiaren berreskuratzea kanpo ingurunearen menpe" dagoela, "gure ekonomia oso irekia" delako.
ekonomia
Zerga sistemarekin zer egin ez jakitea leporatu dio Basagoitik Eusko Jaurlaritzari
Zapateroren "antzeko politika" izatea egotzi dio EAEko PPko presidenteak, "nahasmenduz betea eta irizpiderik gabekoa".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu