Zerga politika neoliberalek huts egin dute, eta ez dute balio izan ekonomia akuilatzeko. Hala uste du Aralarrek. Gaitzetsi egin ditu Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hartutako hainbat neurri. «Zapatero presidente denetik ondare zerga ezabatu, errenta handienak dituztenen zamak murriztu, kapitalaren zergak arindu eta BEZa igo da». Egoerari buelta eman ahal izateko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietan neurri zehatzak proposatuko dituela iragarri du.
Rebeka Ubera eta Patxi Aierbe Gipuzkoako batzarkideek, Josu Murgia Bizkaikoak eta Iñaki Aldekoa Arabakoak aurkeztu zituzten neurri horiek atzo egindako agerraldian: errenta zergen goiko tasa %50era igotzea; kapital errentak eta lan errentak eskalaren arabera tributatzea; ondare elkarteek %40ra tributatzea; elkarteen gaineko zerga nominala %32,6an kokatzea; ondare zerga berriz jartzea; SICAVen tasa igotzea; luxuzko produktuei zerga berezi bat jartzea eta BEZaren igoera bertan behera uztea dira Aralarren proposamenak. Horrez gain, iruzurraren aurkako borroka indartu behar dela esan du Murgiak.
Haren arabera, «gehiegi» hitz egiten da gastuez. «Murriztu egin behar direla, ez dagoelako behar adina diru ongizate estatua mantentzeko eta igotzeko. Guk, ordea, eztabaidako lehen mailan diru sarrerak kokatu nahi ditugu». Hain zuzen, dirua lortu ahal izateko bidea zerga zuzenak igotzea dela nabarmendu du. «Zergak murrizteak gauza bakarra eragingo du: ongizate estatua ahultzea eta zerbitzuak pribatizatzea, dagoeneko gertatzen ari den bezala».
EAJren eta PSOEren arteko aurrekontuei buruzko negoziazioez ere hitz egin du Aralarrek. Uberak EAJren «merkantilismoa» gaitzetsi du. Haren esanetan, alderdi horren jarrerak ez die inolako mesederik egiten euskal herritarrei. «Ikusi dugu zer egin duen lan erreformarekin ere», gaineratu du Gipuzkoako batzarkideak.
Zerga zuzenak indartzea proposatuko du Aralarrek, krisiari aurre egiteko
Zergak jaisteak ongizate estatua ahultzeko bakarrik balioko lukeela uste du alderdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu