Sartu bezala atera ziren atzo Eusko Jaurlaritzako eta diputazioetako ordezkariak Zergak Koordinatzeko Organoaren bileratik. Ez zen akordiorik espero, eta ez da egon. Bi ebazpen atera zituen organoak. Lehenik eta behin, ondareen gaineko zerga berreskuratzeari buruz bozkatu zuten. Sei kidek dute botoa emateko eskubidea: Jaurlaritzak hiru ordezkari ditu eta diputazioek bana. Bi proposamen egon arren, Gipuzkoarena bat eta Araba eta Bizkaiarena bestea, guztiek aldeko botoa eman zuten, «funtsezko aldaketarik» ez dagoela iritzita. Diputazioek onartutako gainerako aldaketei buruz, berriz, kontrako ebazpena atera zuen, ez dagoelako harmonizaziorik. Gipuzkoako Diputazioa abstenitu egin zen Araba eta Bizkaiaren proposamenetan, eta haiek gauza bera egin zuten Gipuzkoak planteatutako aldaketetan. Jaurlaritzaren hiru ordezkariek kontra bozkatu zuten.
Zergak Koordinatzeko Organoak esaten duena kontuan hartu ohi da, baina ez da bete beharrekoa. Azken hitza Batzar Nagusiek dute. Arabako eta Bizkaiko diputazioek erreforma bera proposatu ostean, ez dirudi Batzar Nagusiek onartzeko arazorik egongo denik. PPren esku dago Arabako Foru Aldundia eta EAJren esku Bizkaikoa. PPren eta EAJren artean 29 ordezkari dituzte Arabako Batzar Nagusietan, eta 30 Bizkaikoetan. Batean zein bestean, 26 boto alde aski dira proposamena aurrera ateratzeko.
Gipuzkoan, bestelakoa da egoera. EAJk eta PPk Arabako eta Bizkaiko erreforma berbera jarri nahi izango balute ere, ez daukate behar adina indar. Bi alderdien artean, ordea, 19 boto dituzte soilik. Bilduk 22 ordezkari ditu eta Aralarrek bat. Pilota, beraz, PSE-EEren teilatuan dago —hamar ordezkari ditu—. Alderdi horretako ordezkariek agerraldia egingo dute gaur Bilbon hiru herrialdeetan defendatuko duen zerga erreforma azaltzeko. PSE-EEk akordio bat du eginda Bildurekin eta Aralarrekin Gipuzkoan. Batzar Nagusietan zerga erreforma bat planteatzea adostu zuten. «Logikoena litzateke PSE-EErekin eta Aralarrekin lortzea akordioa, baina gainerako alderdiekin adostea ere ez dugu baztertzen», azaldu dute Gipuzkoako Diputazioko iturriek.
Gogor gaitzetsi dute Arabako eta Bizkaikodiputazioek atzoko bileran izandako jarrera. «Ez da eztabaidatu ez ondareen zergari buruz, ez beste neurri fiskalei buruz ere, Arabak eta Bizkaiak uko egin diotelako eztabaidatzeari. Akordio bat dutela esan dute, eta ez direla hortik mugituko». Gipuzkoako Diputazioak zalantzan jarri du Zergak Koordinatzeko Organoaren baliagarritasuna. «Ez da eraginkorra alderdiek proposamen ezberdinak aurkezten dituzten kasuetarako». Atzo gertatutakoa jarri du adibidetzat. «Horrenbeste defendatzen omen duten eredu instituzionala gupidarik gabe zapuzten ari dira, eta haren eragina indarrik gabe utzi dute. Jarrera immobilista horrek erakusten du ereduak aldaketa behar duela».
Osoko bilkura, hilaren 21ean
Bilduren proposamenari egindako zuzenketak abenduaren 12an edo 14an eztabaidatuko dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Onartu edo ez erabakitzeko osoko bilkura, berriz, abenduaren 21ean izango da. Garrantzitsua da urtea amaitubaino lehen onartzea. Ondare zergaren kasuan, esaterako, zerga ordaintzaileak abenduaren 31n dituen ondasunak hartzen dira kontuan. Hala, aurtengo kanpainan bertan jarriko litzateke indarrean zerga. Errenta zergen kasuan ez da hala gertatzen. Zerga ordaintzaileak 2012an izandako diru sarrerak hartzen dira kontuan. Hala, bilketa edo ordainketa 2013an egingo du ogasunak.
Zergak, desharmonizazio bidean
Zergak Koordinatzeko Organoak ontzat jo du ondare zerga berriz jartzea, baina ez beste proposamen fiskalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu