ZERGAK. FINANTZEN EUSKAL KONTSEILUAREN BILERA. Zerga igoerari esker, 680 milioi euro gehiago bilduko dituzte ogasunek

Bilketak jaitsiera historikoa izango du aurten: aurrekontuetarako erabilitako kopurua baino 3.160 milioi euro gutxiago bilduko dituzte

Ivan Santamaria.
2009ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Zerga igoerari esker heldu den urtean 680 milioi euro gehiago bilduko dituztela kalkulatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek. Urtea amaitu baino lehen EAEko administrazioek eta Espainiako Gobernuak presio fiskala handitu nahi dute, krisi ekonomikoaren ondorioz zerga bilketak izan duen hondoratzea arintzeko asmoz. PFEZn eta BEZan egin nahi den moldaketan oinarrituta, heldu den urtean bilketak %9,5 gora egingo duela kalkulatu dute EAEko hiru aldundiek. Lortuko den dirua -11.375 milioi euro- orain dela bost urteko bilketakoa bezainbestekoa izango da.

Finantzen Euskal Kontseiluak urrian egin ohi duen bileran Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietako arduradunak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak egon ziren atzo. Batzar horretan urteko zerga bilketaren itxieraren lehen kalkulua egiten dute, eta, are garrantzitsuagoa dena, heldu den urteko aurreikuspena egiten da, administrazio bakoitzak bere aurrekontu proiektua egin ahal izateko ezinbesteko tresna.

Ogasunen buruhaustea orain dela urtebete hasi zen, kontseiluaren iazko bileran. Aurten hiru aldundien artean 13.550 milioi euro bilduko zituztela aurreikusi zuten. Artean EAEko ekonomia atzeraldian eroriko zela ukatzen zuen Jaurlaritzak, eta zenbaki horiek erabili zituzten gobernu guztiek kontu publikoak osatzeko, baina urteak aurrera egin ahala, krisiaren mamuak aurreikuspen guztiak txiki utzi ditu.

Hipotesirik ezkorrena bete da, azkenean: aurten 10.388 milioi euro biltzea espero dute ogasunek, atzo argitaratutako behin-behineko kalkuluaren arabera. Aurreko urtearekin alderatuz, %19 gutxiago izango da. Haatik, aurrekontuak prestatzeko erabili zen kopurua aintzat hartuz gero, zuloa are ikusgarriagoa da: espero baino 3.160 milioi gutxiago izango dira, %23ko jaitsiera. Kontsumoa gehiegizko zama izan da. BEZaren beraren bidez aurreikusi baino ia 1.100 milioi euro gutxiago eskuratu dituzte.

Hilabetez hilabete baliabide ekonomikoak murriztuko zitzaizkiela ikusi dute administrazio publiko guztiek. Urteko gastuak arintzen eta aurretik zeuden soberakinei heltzen ahalegindu dira, baina defizit egoera gaindiezina izango da, eta zorpetzeari heldu behar izan dio, besteak beste, Patxi Lopezen gobernuak.

Edonola ere, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Carlos Agirrek garrantzia kendu zien iaz hartutako erabakiei. «Ezinezkoa zen ekonomiaren eta bilketaren halako jaitsiera bat aurrez ikustea. Ez du inork asmatu». Sailburuaren beraren itxaropenak zapuztu ditu errealitateak. Kargua hartu eta hilabetera, ekainean, bilketa jaitsieraren erritmoa apaldu, eta urte amaieran asko jota %8ko murrizketa egongo zela adierazi zuen.

Hobekuntza apala

Zergak Koordinatzeko Organoan mamitu den zerga erreforma erabili zuen atzo Finantzen Euskal Kontseiluak. Hasiera batean, herrialde bakoitzeko batzar nagusien onespenaren zain dago, baina ez luke arazorik izan behar, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa baitute ganbera guztietan aurrera ateratzeko. Tramitea, ziur asko, aurrekontuekin batera egingo da.

Zerga igoeratik aparte, beste elementu batzuek bilketari lagunduko diote. Ekonomia, atzeralditik aterako ez bada ere, gutxiago motelduko da. Oraingoz, 2010ean EAEko BPGak %0,8 egingo du atzera, Ogasun Sailaren arabera. Halaber, zerga batzuetan jaitsiera bortitzena dagoeneko izan dela uste du Gobernuak.

Horri esker, zerga bidez aurten baino 987 milioi gehiago lortzea espero dute. Parterik handiena, 680 milioi, zerga erreformak eragingo du. BEZak emango du igoerarik handiena, %20 inguru. Uztailetik aurrera bi puntu igoko da BEZaren tasa orokorra, %16tik %18ra, eta tasa murriztua, puntu bat, %7tik %8ra. Aldiz, sozietate zergaren bilketak atzera egingo du, berriro.

Espainiako Gobernuak egin nahi duen moldaketari bere ukitua eman diote ogasunek. Hala, 400 euroko kenkaria ez dute osorik ezabatuko, Espainian bezala, eta 15.000 eta 20.000 euro bitarteko sarrerak dituzten pertsonei ezarriko zaie, era mailakatuan. Kenkari horren parte bat hileroko soldatan ematen zenez, heldu den urteko atxikipen taulak onartu arte ez da jakingo aldaketa horrek zergapekoen soldata garbia jaitsaraziko duen edo ez.

Beste erabaki batzuetan ez da aldaketarik egongo. Hala, aldundiek etxebizitza ordaintzearen truke ematen duten kreditu fiskala ez dutela ezabatuko ziurtatu zuten. Espainian 24.000 euro baino gutxiago kobratzen dituztenei soilik emango zaie 2011tik aurrera.





Zerga igoerak datorren urterako

ZERGA ZUZENAK

Errenta zerga. Pertsona Fisikoen gaineko Errenta Zerga (PFEZ) pagatzen dutenei azken bi urteotan egin zaien 400 euroko kenkaria urtean 15.000eurotik beherako errenta dutenentzat soilik izango da. 15.000 eta 20.000 euroko irabaziak dituztenei progresiboki ezarriko zaie kenkaria, eta erabat ezabatuko dute 20.000 eurotik gora irabazten dutenentzat. Horrek esan nahi du, gutxi gorabehera, zergadunen erdiei kenkaria desagertu egingo zaiola.

Kapitalaren errentak. Kapitalak urte batean emandako irabazien gaineko zerga %18tik %20ra igoko da.

Sozietate zerga. Jaitsiko den zerga bakarra enpresek pagatzen dutena da. Sortzen duten lanpostu finko bakoitzeko 4.600 euro gutxiago pagatu beharko dituzte enpresek -3.000 euro aurten-. Kenkaria 8.000 eurokoa izango da kontratatutakoa emakumeaedo luzaroan langabezian egondakoa bada.

ZEHARKAKO ZERGAK

BEZa. Espainiako Parlamentuak Madrilgo gobernuaren proposamena onartzen badu, uztailaren 1etik aurrera %16tik %18ra igoko da balio erantsiaren zergaren tasa arrunta. Tasa murriztua -elikagai gehienek pagatzen dutena- %7tik %8ra igoko da.



456

BEZaren zorra. Espainiako Zerga Agentziak Arabako ogasunari 456 milioi euro itzuli beharko dizkio, zerga auziak epaitzen dituen batzordeak erabakitakoari jarraituz. Ordainketa negoziatzen ari dira, eta diru hori ez da kontuan hartu finantza baliabideak zehazterakoan.



Udalen egoera, foru aldundi bakoitzaren eskuetan

Baliabide ekonomikoen murrizketak udalerrien kontuetan izan duen eragina arintzeko funts berezia eskatu zuen Gipuzkoak. Finantzen Kontseiluak ez du onartu, eta aldundi bakoitzaren esku egongo da udalei nola lagundu. «Ez dugu udalak itotzea nahi», ziurtatu zuen Carlos Agirre Ogasun sailburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.