Europako Batasuneko bileretan beste agintariei gomendioak ematen aritu ondoren, bere etxeko kontuetan ere ordena jartzekourrats bat egitea erabaki du Nicolas Sarkozyk. Hurrengo lau urteotan defizita zeroan uzteko hainbat zerga igoera eta gastu murrizketa indarrean jartzea erabaki du Frantziako presidenteak, 65.000 milioi euro, orotara. «Subiranotasun ekonomikoa, finantzetakoa eta soziala mantentzeko ahalegin kolektiboak egin beharko ditugu, baita sakrifizioak ere», argudiatu du François Fillon lehen ministroak 2012ko aurrekontuen berri ematean. Lehen aldiz gerraz geroztik, aurrekontua txikitu du Parisek, «Europako beste herri batzuek pairatzen dituzten arazo larrietatik babesteko».
Sakrifizio horiek herritar guztiei eragingo diete. Batetik, orain arte %5,5eko BEZ zerga pagatzen zuten hainbat produktuk eta zerbitzuk %7koa ordainduko dute aurrerantzean, hala nola ostalaritzak, garraioak eta energiak. Ostalariek gogor egin dute protesta, iaz lortu zutelako BEZ arruntetik (%19,6) murriztura jaistea. Umih patronalak ziurtatu du BEZaren jaitsierak 600.000 lanpostu salbatu ez ezik, beste 50.000 sortu dituela. Neurri horren bidez, urtean 1.800 milioi euro gehiago biltzea espero du Frantziako Gobernuak.
Beste 3.400 milioi, berriz, errenta zergaren taulak ez deflaktatzen lortuko ditu. Hau da, 2012an eta 2013an ez dituela lan errenten gaineko zerga kalkulatzeko balio duten taulak inflaziora egokituko. Horren ondorioz, milioika langilek orain baino tasa handiagoa pagatu beharko dute, baldin eta soldata igotzen badiete. Enpresa handienei %5 igoko diete sozietate zerga.
Hori baino neurri eztabaidatsuagoa izango da erretiroaren atzeratzea lehenago helduko dela. Protesta bizien artean iaz onartutako pentsio sistemaren erreformak aurreikusten zuen erretiroa hartzeko adin ofiziala 62 urtera atzeratuko zela 2018rako. Orain, 2017rako nahi du indarrean. Ondorioz, 1952an jaiotakoek beste hilabete batez lan egin beharko dute pentsioa jasotzeko, bi hilabete 1953koek, hiru 1954koek, lau 1955koek eta bost 1956koek. Neurri horren bidez, lau urtean 4.400 milioi euro aurreztuko dituela espero du.
Inflazioa edozein izanda ere, gizarte laguntza gehientsuenak %1 baizik ez dira emendatuko hurrengo bi urteotan. Presidentearen eta ministroen soldatak ez dira igoko «finantza publikoak orekara itzuli arte», eta alderdi politikoen diru laguntzak %5 apalduko dira. Enpresaburuei ere berdin egiteko eskatu die Parisek.
'Rating' agentziak buruan
Planaren helburua da Frantziak defizit publikoa aurtengo %5,7tik %4,5era jaistea 2012an, %3ra 2013an eta zulorik ez izatea 2016rako. Lortuko balu, lehen aldia izango litzateke 1975az geroztik kontu publikoak orekatzen dituela. Ekonomia sendo hazten ari zen urteetan ere ez du lortu Parisek defizita ezabatzea, eta zorra handituz estali du zuloa. Gaur egun, 46.000 milioi euro pagatzen ditu urtero interesetan, baina Sarkozyk uste du askoz gehiago izango dela rating agentziek Frantziari AAA kalifikazioa kentzen badiote. Rating horri eusteko «beharrezkoa den guztia» egingo duela agindu du Sarkozyk. Kalifikazio horrekin ere, gero eta garestiagoa zaio Frantziari zorra jaulkitzea: atzo, haren arrisku hobaria 130 puntura heldu zen, aspaldiko handiena.
Zergak igo eta gastua jaitsiko ditu Frantziak, «subiranotasunari eusteko»
Sarkozyren gobernuak 65.000 milioi euro aurreztu nahi ditu datozen lau urteotan, 2016rako defizita ezabatu ahal izatekoErretiroaren adina 62 urtera atzeratzeko epea urtebetez aurreratuko du Parisek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu