Zergak «makillatu» ordez, kapitala zamatzeko eskatu dute sindikatuek

M21eko grebako aldarrikapenak kalera aterako dituzte berriz ELA, EHNE, LAB, Hiru, EILAS eta ESK sindikatuek

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Maiatzaren 21eko greba orokorretik lau hilabetera, krisiaren ondorioak «larriagotu» egin direla uste du Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak. Kaltetuenak, oraindik ere, langileak direla ohartarazi zuten ELAko, LABeko, EHNEko, ESK-ko, Hiruko eta EILASeko idazkari nagusiek atzo, gobernuek kapitalaren «mendean» eginiko legeekin aurrera egiteko prest dauden bitartean, «zerga politikek erakusten dutenez».

Izan ere, zergetan administrazioetatik iragarritako aldaketekin «makillajea eman» besterik ez dutela nahi esan zuen Adolfo Muñoz ELAko buruzagiak. BEZaeta beste zeharkako zergak igotzeari «erabat bidegabe» iritzi zion eta, hori egin beharrean, kapitala zergapetzeko eskatu zuten, krisiari aurre egiteko dekalogoa aurkezteko Bilboko agerraldian.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak esan zuenez, patronalak «lehen baino bortitzago» ari da bere eskakizunak plazaratzen eta, horren aurrean, langileek kalea hartu behar dute berriro, «proposamen zehatzak» eskuan dituztela. Politika berberekin jarraitzeari, aldiz, «eromena» deritzo Etxaidek eta dekalogoan bildutako urratsak «gauzagarriak» direla azpimarratu zuen, «gizartean inbertitzeko borondate politikoa izanez gero».

Iragarri zutenez, beren proposamenak lantokietara eramango dituzte, «milaka atxikimendu biltzeko» asmoz. Horrekin batera, manifestazio eta ekitaldiak egingo dituzte datozen asteetan, M21eko grebaren lekukoari eusteko. Donostian izango da lehenengoa, hilaren 22an ekitaldia eta manifestazioa egingo dute hiriburuan. Azaroaren 13an, berriz, mobilizazioa egingo dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta abenduaren 11n Iruñean, Nafarroako Parlamentuan.

CCOO eta UGT sindikatuak, berriz ere, deialdietatik at geldituko dira, «non dauden erabaki dutelako», Muñozen arabera. Horren haritik, gehiengo sindikala baztertzen duen elkarrizketa soziala «iruzurra» dela salatu zuen. Lopezen gobernuari, gainera, gezurretan aritzea leporatu zion, «Lakuako ateak zabalik ditugula esan eta bilerarako deitu ez» dituztelako. Edonola, dekalogoan bildutako proposamenak eztabaidatzeko prest daudela esan zuen.

1. Enpleguari eutsi

Langileak «aise» kaleratzeari utzi eta enpleguaren kalitatea hobetzea proposatzen du dekalogoak. Horretarako, gehiengo sindikalarekin adostu gabeko erregulazioak ez onartzea eskatzen diote administrazioei. Era berean, behin-behineko kontratazioen iruzurrari aurre egin eta azpikontratazioa mugatzera deitu dute eta, azkenik, langileen osasuna zein bizitza babestera.

2. Diskriminaziorik ez

Lan baldintzetan berdintasuna bermatu eta era guztietako bereizkeriak ezabatu behar direla diote sinatzaileek.

3. Babes soziala indartu

Langabeziaren eta pobreziaren gorakadari erantzuteko gizarte laguntzak ugaritu eta handitzeko eskaera egiten dute. Langabe guztiek bizimodu duinerako laguntza eskura dezatela eta pobreziaren mailatik gorako oinarrizko errenta sozialak bermatzeko eskatzen dute sindikatuek.

4. Zerga politika aldatu

Aberastasuna banatzea ekarriko duen zerga politika lortzeko progresibotasuna berreskuratu eta errenta handiei urteotan onartutako beherapenak bertan behera uztea eskatzen du dekalogoak. Hartara, ondare zerga berrezarri nahi dute, eta sozietate zerga aurreko mailara itzuli. Bestalde, ogasunetako iruzurraren aurka egiteko, lanekoak ez diren errenta guztien gaineko ikuskapenak egitea proposatzen dute.

5. Gastu soziala igo

Europako zerga mailarekin Hegoaldean 4.000 milioi euro gehiago bilduko liratekeela gogorarazi zuten, eta, hala eginez gero, osasungintzarako zein hezkuntza publikorako gastua, hurrenez hurren, %52 eta %41 igo behar dira herrialde garatuenen batez bestekoarekin berdintzeko.

6. Eskubideak lege egin

Mendekotasun egoerei kalitateko zerbitzu publikoekin erantzutea, eta alokairu sozialeko etxebizitza eskuragarriak sustatzea. Hutsik dauden etxebizitzetako jabeak zergekin zigortzea ere eskatu dute sindikatuek.

7. Sektore publikoa

Sektore publikoa ekonomiaren eta gizartearen garapenerako eragile bihurtu behar dela diote. Horretarako, finantza sistema publikoa sortu beharra dago.

8. Askatasun sindikala

Gehiengo sindikalak errespetatu eta grebaren kontrako oztopoak desagertu behar direla diote. Halaber, ildo jakin bateko sindikatuak ezin direla baztertu.

9. Parte-hartze soziala

Politika ekonomiko eta sozialen diseinuan parte-hartze soziala sustatzea eskatzen die dekalogoak administrazioei, herri galdeketen bidez.

10. Euskal esparrua

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako euskal esparrua bultzatzea, Hego Euskal Herriak lege propioak izan ditzan, besteak beste, enplegu politikak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.