Zergei buruzko bilera bat, baina bi iritzi

Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eztabaida izan dute Zergak Koordinatzeko Organoaren bileraz

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Zergak Koordinatzeko Organoko kideek ez dute bat egiten, ezta bilera batean hitz egin duten gai zerrendari buruz ere. Bilera ezberdinetan egon direla dirudi. Atzo gertatu zen. Eusko Jaurlaritzako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariak bildu ziren Zergak Koordinatzeko Organoan. Bilera amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailak esan zuen zerga iruzurrari aurre egiteko tresnei buruz hitz egin zutela eta Bizkaiak tresnak baztertu zituela; Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek, ordea, erantzun zuten bileran ez zutela zerga iruzurrari buruz hitz egin.

Jaurlaritzako Ogasun Saileko iturriek Efe agentziari zehaztu zioten zerga iruzurraren kontrako borroka izan zela bilerako gai nagusia, eta Bizkaiak uko egin ziola zerga izurrari elkarrekin aurre egiteko tresna bat sortzeari. Jaurlaritzako ordezkariek Eferi esan zioten «etsita» zeudela Bizkaiko Foru Aldundiaren «itxikeria» ikusita. Arabak eta Gipuzkoak Bizkaiak baino harrera hobea egin zioten proposamenari, Ogasun Saileko iturrien arabera.

Jaurlaritzak foru aldundien arteko elkarlan handiagoa nahi du, zerga iruzurrari aurre egin ahal izateko. Eskumena, ordea, foru aldundiena da.

Bizkaiko Foru Aldundiak gezurtatu egin du Jaurlaritzak esandakoa. «Ez dute ezer aipatu zerga iruzurraren kontrako borrokaz, ez dute proposamenik egin», aipatu zioten Eferi.

Zergak Koordinatzeko Organoan agerian geratu dira zergei buruzko iritziak. Jaurlaritzaketa Gipuzkoak Arabak eta Bizkaiak baino zerga erreforma ausartagoa nahi dute. Gipuzkoak bihar onartuko du, PSE-EEren babesarekin. Arabak eta Bizkaiak bestelako erreforma bat hitzartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.