Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin asteazkenean egin zituen bilerak auzitan jarri, eta zergen inguruko eztabaida Eusko Legebiltzarrera eraman behar dela adierazi du Adolfo Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusiak: «Gizarte demokratikoetan parlamentuek eztabaidatzen dute zerga politika; hemen ez, hemen erakunde sekretu batek egiten du, Zergak Koordinatzeko Organoa delakoak». Organo hori patronalaren interesen mende dagoela salatu du Muñozek.
Fiskalitateaz ez ezik, normalizazio politikoaz, negoziazio kolektiboaz eta Estatutuaren transferentziez ere mintzatu da ELAren mendeurrenaren harira, sindikatuko Zuzndaritza Batzordeak Bilbon egin duen bilkuran. Egoerari aurre egiteko «indar sindikalaren beharra» aldarrikatu du Muñozek.
1. Zerga politika
Errenta altuei eta enpresei zergak murriztearen kontra agertu da Muñoz, eta esan du goitik behera aldatu behar dela Hego Euskal Herriko zerga sistema. Errenta altuenei mesede egiten dien politika fiskalak jarduera ekonomikoa bultzatzen duela diotenean, gezurra esaten dutela adierazi du Muñozek, horrek, krisia larriagotu baino ez duelako egiten: «Adituek diotenez, inoiz ez da egon orain adinako iruzurrik, espekulaziorik eta kapital ihesik».
Hego Euskal Herriko iruzurraren erdia baino gehiago «onartua» dela uste du ELAko idazkari nagusiak, eta argitu du Europako Batasuneko batez bestekoarekiko diferentzia zortzi mila milioi eurokoa dela.
Patronalak, Arabako eta Bizkaiko ahaldun nagusiek eta Nafarroako Gobernuko kideek tea party estatubatuarraren diskurtsoa bereganatu dutela adierazi du Muñozek. Hala, zerga politika aldatu aurretik, gizarte politikan murrizketak egiten nahi dituztela esan du, eta, ildo horretan, Lopezen jarrera kritikatu du, PSEk errenta altuei zergak igotzeko proposamena egin badu ere, helduko ez den «kontsentsuaren» bila dabilelako Lopez.
2. Soldatak jaistea
Negoziazio kolektiboaren erreforma kritikatzeko beta ere hartu du Muñozek: «Lan itunak defentsa kolektiboaren oinarria dira, eta, horiek ahulduta, defentsa kolektiboa ahuldu nahi dute, enpresaburuen etekinak handitzeko». Gogorarazi du soldatek barne produktu gordinean zuten pisua zazpi puntu gutxitu dela azken urteetan, eta horrek izan behar duela negoziazioen abiapuntua.
3. Bakegintza
ELAk «borroka politiko-militarretik borroka politikora emandako pausuak» asko baloratzen dituela azaldu du Muñozek eta Espainiako Gobernuak eta bestelako botereek Hego Euskal Herriko normalizazio politikoari jartzen dizkioten «trabak» salatu ditu: «Hori errotugabeko demokrazietan baino ez da gertatzen».
@ELAren txostena helbide honetan dago osorik:www.ela-sindikatua.org
Zergen inguruko eztabaida Legebiltzarrera eraman behar dela esan du Muñozek
Espainiak normalizazio politikorako jartzen dituen trabak salatu ditu ELAren mendeurreneko ekitaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu