Ekonomia

Zergen inguruko eztabaidan herritarren parte hartzea eskatu du ELAk

Zerga erreformaren inguruko erreferenduma egitea garrantzitsua dela dio sindikatuak.

ELAko ordezkariak fiskalitateari buruzko txostena aurkezten. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko irailaren 22a
13:20
Entzun

“Egungo krisi ekonomikoaren arazo nagusiena iruzur fiskala da, eta, hala ere, zazpi urte hauetan paradisu fiskalen aurkako neurririk ez da hartu oraindik”. Zergen inguruko eztabaida erabat banalizatuta dagoela adierazi du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, eta, horregatik, berriz bideratzeko beharra ikusi du. “Herritarrek erabaki beharra daukate, eurei zuzenean eragiten dielako”. Hala, orain arte eztabaidatik kanpo egon den gizartearen parte hatzea eskatu du. “Jendeari galdetu behar zaio zer nahiago duen, seme-alaben ospitaleak ordaindu, ala iruzur fiskalaren aurka borrokatu. Askok bigarren aukera nahiago izango zuketen, ziur”.

Azken urteetan sindikatuak behin eta berriro eskatu du zerga politika progresiboagoak martxan jar ditzatela, eta gaur goizean berdin egin du Bilbon duen egoitzan. Horretarako, datuak jarri ditu mahai gainean Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak. 2008. eta 2011. urteen artean 0,9 puntu jaitsi da Hego Euskal Herriko BPGan presio fiskalak duen pisua: %32koa zen krisia hasi zenean, eta hiru urte geroago 31,1ekoa zen. Denbora tarte berean, Europako Batasuneko batez bestekoa ere 0,5 puntu txikitu da, baina Hegoaldeko presio fiskaletik urrun. “2011n, batez beste %38,8ko presioa zuen EBk, hemen baino 7,7 puntu altuagoa. Batez besteko datu horretara inguratu izanez gero, ez ziren horrenbeste murrizketa hartu behar izango”, Novalen arabera.

Hain zuzen ere, zergen bidez euskal ogasunek bildu duten diru kopuruak izan duen beherakada ere salatu du Novalek. Batetik, EAEn 2008. eta 2013. urteen artean 1.082 milioi euro gutxiago bildu direla adierazi du, eta Nafarroan krisi hasierako presio fiskalari heldu izan balitzaio 273,2 milioi euro gehiago bilduko zirela 2012an. Hori dela eta, bost proposamen zehatz jarri dituzte mahai gainean. Batetik, iruzur fiskalaren aurkako ikuskaritzak areagotzea eta zerga paradisuen erabilera oztopatzea. Ildo horretan, zergen inguruko informazio gehiago plazaratzea proposatu die ogasunei, gizartearen parte hartzea “garrantzitsua” delako. Horregatik, zerga erreformaren inguruko erreferendum bat ere eskatu du sindikatuak. Bestetik, zergetan aldaketak egitea. Horien artean, sozietate zergaren tasa nominala aldatzea, edo kapitalen gaineko zergan tratu preferentzialak kentzea. Horrez gain, euskal erakundeek zergetan eskumen osoa izan beharko luketela adierazi du Novalek, eta EAEn aldaketa eskatu du baita ere: zergaren inguruko eztabaida Batzar Nagusietatik Eusko Legebiltzarrera eraman dadila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.