Industria

Zibersegurtasuna izango da 'Basque Industry 4.0' biltzarraren gai nagusia

Bi mila partaidetik gora espero dituzte, hilaren 22an, Donostiako Kursaal jauregian.

Iazko kongresua ere Kursaalean egin zuten. SPRI
Iker Aranburu.
2017ko azaroaren 16a
11:58
Entzun

Laugarren urtea da SPRIk Basque Industry 4.0 biltzarra antolatzen duela, laugarren industria iraultzari lotutako gaiak jorratzeko. "Urterik urte topagune hau sendotzen ari da, bertan biltzen baitira industria iraultza berri honen eragile eta protagonista guztiak, eta, horri esker, Euskadi munduko eskualde erreferenteen artean sendotzen ari da teknologia berriek fabrikazio-prozesuetan eskaintzen dituzten ahalmenen aprobetxamenduan", azaldu du Jaurlaritzaren industria politikarako adarrak, gaur goizean egindako aurkezpenean.

Aurtengo saioa Iñigo Urkullu lehendakariak irekiko du, eta, ondoren, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak Basque Industry 4.0 estrategiaren azken berrikuntzak aurkeztuko ditu. Bi proiektu xehatuko ditu: Basque Cybersecurity Centre (BCSC) eta Basque Digital Innovation HUB.

Lehena SPRIk kudeatutako zentro bat da, eta bertan bilduko dira zibersegurtasun arloko jarduera ildo guztiak: prestakuntza, ekintzailetasuna, berrikuntza, homologazioa eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak. BCSCk Jaurlaritzako hainbat sail biltzen ditu (Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak, Segurtasuna, Hezkuntza eta Gobernantza Publikoa), bai eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileak ere (IK4-Vicomtech, IK4-Ikerlan, Tecnalia eta Matematika Aplikatuko Euskal Zentroa BCAM). Javier Dieguezek zuzenduko du gorabehera informatikoei erantzuteko lantalde hori.

Bigarren ekimena, Basque Digital Innovation HUB, I+Gko azpiegiturek, lantegi pilotuek eta fabrikazio aurreratuko esparruetan espezializatutako teknikari adituek osatutako sare bat da (modu digitalean lotua). Industria enpresak, eta bereziki enpresa txiki eta ertainak 4.0 industriaren erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasun teknologikoz hornitzeko xedearekin eratu da sare hori. Fabrikazio aurreratuko estrategiaren esparruan eta RIS3ren babesean jarri da martxan ekimena. Basque Industry 4.0 pilotatze taldeak koordinatuko du fabrikazio aurreratuko komunitate hori; hain zuzen, talde horren zuzendari eragileak ere, Manuel Salaverriak, hitzaldi bat emango du biltzarrean.

Batzarreko hizlari nagusietako bat Krystyn Van Vliet izango da, MIT institutuko berrikuntza arloko arduraduna. Lantegi adimenduna egunerokotasunean nola txertatuta dagoen eta horrek zer eragin duen azalduko du, Fabrikazio digitalak nola aldatzen du gure lan egiteko, kontsumitzeko eta bizitzeko modua? izeneko hitzaldiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.