Nork pentsatuko zuen General Motorsek konkurtso legera joko zuen egunean burtsak nabarmen gora egingo zuenik? Kapitalismo amerikarraren sinboloa Dow Jones indizetik irten da, baina zikin horiei brilloa edo distira atera zieten atzo burtsa indizeek. Inoizko porrot handienen podiumean sartzeko modukoa da Detroitekoena. Baina gurean, ArcelorMittalen (+%10,58) kurrinkak izan ziren nagusi eta oso galera gutxi, oro har; euroaren indartzeari eta 65 dolarrez gora doan petrolioari ere inork gutxik egin zion jaramonik. Eguraldiak bultzatuta edo, euforiatik gertu izan ziren txerritxo ehiztariak: Gamesak %6tik gora eta, batez ere, Santanderrek %4,14 irabazteak distira nabarmena ekarri zioten Ibex-35 (+%2,19) indizeari, 2.056 milioi euroren salerosketarekin. Urteko maximoak bertan dira kotizazioei dagokienez; ikuskizun dago enpresen mozkinak ere indar eta abiada horrekin islatuko diren. Oraingoz, kimu berdeak ikusten dituztenak ari dira nagusitzen.
Euro batek 1,42 dolar balio ditu. Ez da inoizko maximoa, baina Euskal Herriko eta Europako esportatzaileei mesede handirik egingo ez dien datua da. Dirua inprimatzeak zehar kalte horiek izan ohi ditu. Trukean, General Motorsi eusteko balio lezake.
Schroeders inbertsio funtsen kudeatzaile britainiarraren arabera, Frantzia, Espainia eta Italiako estatuen kaudimen kalifikazio edo rating-a berriro jaisteko arrisku handia dago. Italiak, kasu, aspalditik du urtebeteko BPG baino handiagokoa den zor publikoa.
Zikinbrilloa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu