Aspirina baten eragina bezain bizkor iragan da Espainiako bankuen erreskatearena. 100.000 milioi euroko maileguak ez ditu baretu finantza merkatuak, Italiaerreskatatua izateko zerrendan sartu da berriro eta Greziako hauteskundeen gertutasunak euroaren etorkizunari buruzko zalantza guztiak lehen lerroan jarri ditu. Giro nahasia gehiago nahasteko, beste fronte bat ireki zaio euroguneari Mediterraneoaren eki- aldeko muturrean: Zipreko Gobernuak ohartarazi du aurki berak ere laguntza eskatuko duela. Bosgarren erreskatea izango da.
Eurogunea hondoratzen duenzalantzen zurrunbiloa beste inon baino ageriago geratzen ari da zorraren merkatuetan. Eta, bereziki, Espainiaren eta Italiaren arrisku sariaren bilakaeran. Atzo, Espainiaren hamar urteko zorra 1997az geroztik mailarik handienera heldu zen: %6,84ko interesa ematera iritsi zen inbertitzaileen arteko merkatuan; 543 puntuko arrisku sarira, alegia. Egunaren amaieran 528 puntura erori zen.
Halakorik ez zuen espero Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak, joan den asteburuan presioei men egin eta bere bankuen kapitala sendotzeko Europak onartzera behartu zuen laguntza onartu behar izan zuenean. Financial Times-i eskainitako elkarrizketa batean, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak ziurtatu du berak eskatu ziola Raxoiri erreskatea onartzeko. Madrilek, berriz, ekimena berea izan zela dio.
Espainiaren bankuei buruzko zalantzak uxatu behar zituen erreskateak, baina artean ez da halakorik gertatu. Bi dira arrazoi nagusiak. Batetik, oraindik ez dute argitu dirua EFSF behin-behineko funtsak ala ESM iraunkorrak jarriko ote duen; bigarren horrek ematen badu, zor hori pagatzeak izango du lehentasuna aurretik hartutako zorraren aurrean. Horregatik, inbertsiogile batzuk Espainiaren zorra saltzen ari dira, eta horrela igotzen da arrisku saria. Egoera normal batean lehentasunarenak ez luke garrantzi berezirik izan behar, baina urduritasuna hain handia da Espainiak zorra ez pagatzeko aukera ez dagoela guztiz baztertuta. Gauzak horrela, Reuters agentziaren iturriek diote EFSF izango dela aukeratutako bidea, hark emandako maileguek ez dutelako lehentasunik. Alemaniak eta Finlandiak, ostera, ESM izan beharko lukeela diote.
Bestetik, erreskatea espreski bankuentzat izan arren, haren erantzulea Espainiako Estatua izango da. Horrek beste hamar puntu inguru handituko du zor publikoa, eta BPGaren %90rahurbilduko. Zor maila kezkagarria bere burua finantzatzeko larri dabilen estatu batentzat. Gainera, ez diote Espainiari asko laguntzen 100.000 milioi euro gutxi direla eta hortik gora beharko dela dioten txostenek, haietako asko interesatuak izan arren.
Italian ere haserre
Espainiak dagoeneko erreskate bat hitzartu duenez, dominoaren hurrengo piezari begira hasi dira merkatuak, Italiara alegia. Arrisku saria 475 puntutan dago jada. Maria Fekter Austriako Finantza ministroak ere jomugan jarri du Italia.«Italiak ere bere modura atera behar du defizit eta zorra handien atakatik, baina merkatuetan finantzatzeko dituen arazoak ikusita, baliteke haiek ere laguntza behar izatea», esan zuen astelehen gauean. Ezkortasun giroari gehiago lagundu nahian ere, Fekterrek aipatu du agian euroguneko erreskate funtsek ez daukatela nahiko diru. Fekterren adierazpenak oso gaizki hartu dituzte Alpeen bestaldean. «Hitz erabat desegokiak dira horiek EBko ministro batentzat», erantzun dio Montik. Ez du askorako balio izan Austriako Finantza ministroak bere adierazpenei garrantzia kendu nahi izatea, esanez ez duela Italiaren laguntza eskaera baten berri.
Alemaniako prentsa ere hasi da Italiara apuntatzen. «Corrado Passera Italiako Industria ministroak ziurtatu du bere herrialdea ez dela hurrengoa erreskatearen ilaran. Aurreko kasuetan, halako adierazpenek erakutsi dute doi-doi kontrakoa dela egia», nabarmendu du Stefan Kaiser Der Spiegel aldizkariko ekonomia arduradunak.
Zipren, bankuak ala estatua?
Italiaren erreskatearena espekulazio hutsa den bitartean, Ziprerena errealitate bihurtzeko bidean dago. Gaur bertan agian. Europako Batzordeko iturriak aipatuta, Alithia egunkariak esan zuen atzo arratsaldean «24 orduko epean» egingo duela eskaera ofiziala Nikosiako gobernuak. Ez dago guztiz garbi zein motatako erreskatea eskatuko duen Ziprek. Alithia-k dio Espainiaren modukoa izango dela, hau da, dirua bankuentzat soilik izango dela eta austeritate plan berezirik ez diotela eskatuko Zipreri. Hori esan du Stefanos Stefanu gobernuko bozeramaileak ere. Hitz horiekin zuzendu nahi zuen bezperan Vassos Shiarly Finantza ministroak esandakoa. Hots, bankuentzat ez ezik «etorkizuneko beharrak» ere betetzeko izango dela. «Gure kasuan agian ez da soilik bankuentzat izango; baliteke gainontzekoa estali behar izatea», adierazi du Shiarlyk.
Zipreren premiazko arazoa Cyprus Popular Banken zuloa estaltzea da. Hilaren 30era arteko epea du banku horrek kapitala 1.800 milioi euroan handitzeko, eta Gobernuari eskatu dio laguntza, bere kabuz ezin duelako dirurik bildu. Uharteko banku handienetan bigarrena da eta Greziarekikolotura handia izateak jarri du ataka zailean: Atenasek bere zor pribatuaren zati handiena ez pagatzeko akordioak 3.000 milioi euroko galerak ekarri dizkio, eta herrialde hartako sektore pribatuari mailegatutako 22.000 milioi euroen zati bat ez du jasoko.
Baina Zipreko gobernuak ere finantza merkatuen atea itxita du aspaldi. 2012ra arteko finantzaketa beharrak asebete ditu Errusiak emandako 2.500 milioi euroren mailegu batekin, baina 2013an 2.200 milioi euroko zorra pagatzeko dirua nonbaitetik atera beharko du.
Krisia eurogunean
Zipre izango da bosgarrena
Espainiako bankuen erreskateak ez ditu uxatu euroaren geroari buruzko zalantzak, eta Italia merkatuen jomugan jarri duteZipreko Gobernua ere eurogunearen salbamendua eskatzeko zorian dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu