Negoziazio saio luzearen ostean iritsi da akordioa. Soilik uharteko finantza erakunde nagusiko gordailu handiei ezarriko diete %20ko zerga, eta %4koa beste bankuetako gordailu handiei. Gainera, Reuters berri agentziaren arabera, atzera bota dute funtzionarioen pentsio funtsak nazionalizatzeko aukera, Alemaniak nahi zuen bezala.
Euroguneak bihar aztertuko du Ziprek proposatutako plan osoa. Euroguneko presidente Jeroen Dijsselbloemek baieztatu du finantza ministroek bihar aztertuko dutela Ziprek irlaren erreskaterako aurkeztutako proposamena. "Bihar 18:00etan, Eurogunea Zipreri buruz", idatzi du Twitterren Dijsselbloemek.
Sarris, berriz, baikor agertu da gaur. "Aurrerapen nabarmenak" egin dituzte gaur goizean troikarekin izandako bileran. Asteartea baino lehen proposamenak Eurogunearen baiezkoa izatea behar du Ziprek, Europako Banku Zentralak iragarri baitzuen soilik astelehenera arte bermatuko diela herrialde horretako banketxeei larrialdiko likidezia.