Iragan udaberrikoa errepikatzea ekidin nahi du Europako Batzordeak. Ez du herrialdeen zorrak eragindako beste krisirik nahi. Europako Batasuneko ekonomiaren egonkortasuna bermatu nahi du kosta ahala kosta. Horrenbestez, gogor zigortuko ditu defizit eta zor publiko handiegia dituzten herrialdeak, bai eta lehiakor izateko arazoak dituztenak ere. Bruselak gaur aurkeztuko du bere proposamena, neurri zehatz eta guzti. Alemaniak, badaezpada ere, aurretik eman du bere iritzia. Wolfgang Schauble Finantza ministroak gutun bana bidali dieEBko beste 26 finantza ministroei, garrantzizkotzat jotzen dituen neurriak eta haiek hartzeko zergatiak azaltzeko.
Schaublek oso argi ditu gauzak, eta halaxe adierazi dizkie besteei. «Krisiaren ondorioak eta finantza merkatuetako turbulentziak ikusita, badakigu guztion eginbeharra dela finantza eta ekonomia politika osasuntsuak sustatzeko esparru bat sortzea». Europako Batzordea zoriondu du, gainera, gaur aurkeztuko dituen proposamenengatik.
Defizit publikoaren muga herrialdeko barne produktu gordinaren %3 izango da; zor publikoarrena, berriz, %60. Bi muga horiek gainditzen dituztenentzat zigor gogorrak eskatu ditu Schaublek. Eta, harago doa. Aurrekontu arauak hausten dituzten herrialdeei egiturazko, landa garapenerako eta kohesiorako laguntzak ukatu behar litzaizkiekeela uste du. Isunak automatikoki ezartzeko mekanismoak abiaraztea ere proposatu du, horrek, arauren bat hausten duen oro zigortzea ez ezik, zigor horien oinarrian irizpide berak egotea ere bermatuko lukeelako. Arau bat ez betetzearen ohiko ondorioa isuna jasotzea izango da. Baina, horiez gain, lehiakorrak izateko arazo «handiak» dituzten herrialdeak ere estu hartu behar direla uste du. Kasu horietan, Bruselak emandako aholkuei muzin egiten dieten herrialdeak zigortzea proposatu du Alemaniako Finantza ministroak.
Zigor politikoak
Harago doa Schauble; harago doa Alemania. Zigor ekonomikoez gain, politikoak ere ezarri beharko liratekeela dio eskutitzean. Arauren bat hausten duten herrialdeei EBko ministroen kontseiluan botoa emateko eskubidea ukatu behar litzaiekeela adierazi du. Aukera hori, ordea, alde batera utziko du Bruselak, momentuan behintzat. Izan ere, horrelako neurri bat indarrean jartzeak, egungo legedian aldaketak egitea ekarriko luke ezinbestean, eta horrek prozesu guztia asko atzeratuko luke.
Eta Alemania ez da boto eskubidea kentzearen alde dagoen bakarra. Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidentea ere iritzi berekoa da. Neurri gogorrak hartu beharra dagoela adierazi du. «Jendeak ez digu barkatuko horrelako hondamendi bat bigarren aldiz».
Zor handiegia gogor zigortu behar dela uste du Alemaniak
Isun ekonomikoez gain, politikoak ere eskatu ditu Alemaniak; Bruselak gaur azalduko du bere proposamena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu