Zorraren krisia

Zorabiatzeko abuztua

Astea irabaziekin amaitu dute burtsek, baina ez da aski izan hilabetea hasi zenetik izan duten galera orekatzekoLaburreko salmenta mugatu izanak finantza alorreko akzioak suspertu ditu batez ere

Ivan Santamaria.
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Edozer gerta ere merkatuaren erantzuna beti zuzena dela defendatzen dutenentzat ez dira garai errazak. Burtsa gehienek astea nola itxi duten ikusi eta aurreko ostiraleko datuarekin alderatuz gero, hitz batek laburbilduko luke gertatu dena: atonia. Izan ere, alderaketak erakutsiko du merkatu gehienen igoera edo jaitsiera oso txikia izan dela. Espainiako burtsako Ibex-35 indizeak, esaterako, %0,27 baino ez du galdu. Mugimendu eskasari, abuztuari azken finean, leporatuko litzaioke mugimendu eskasa, asteko itxiera baino ez esku artean izanda. Kontrakoa gertatu da, ordea.

Datu soil batek ez duela sekula errealitatea islatzen egia bada, inoiz ez da izan aste honetan bezain egia. Mundu osoko burtsak etenik gabeko zorabio batean murgildu dira. Jaitsiera ikusgarriak —asteazkenekoa, batez ere— eta errebote indartsuak tartekatu dituzte egunotan.

Baina mugimendua ez da bakarrik saio batetik hurrengora gertatu. Egunaren joanean ere sekulako gorabeherak gertatu dira. Hala, goizean igoera sendoa zirudiena beherakada gogorra bihurtu da arratsalde batzuetan. Ibex-35eko beste adibide bat: astelehenean %4 irabaztera iritsi zen, baina saioa %2,4 jaitsita amaitu zuen. Hots, sei puntuko aldea ordu gutxi batzuen bueltan.

Azken bi egunetan burtsek hazkunde handia pilatu dute. Madril (+%8,3), Londres (+%6,1), Paris (+%6,9), Frankfurt (+%6,7), edo Milanek (+%8,1) antzera jokatu dute. Haatik, ez da aski izan abuztua hasi zenetik pilatutako galerari aurre egiteko. Ezer gutxi gertatu ohi den urteko garaia izateko, abuztuak ia denetarik izan du.

Laburbiltzeko, hilabetea AEBetako zorraren muga handitzeko akordio faltarekin hasi zen, ondoren arreta guztia Espainiako eta Italiako zor publikoaren interes tasaren eta arrisku hobariaren igoerak izan zuen, segituan beste atzeraldi global baten mamua hasi zen dantzan, eta, azkenik, Frantziako kontu publikoen eta banku batzuen egoerari buruzko zalantzak zabaldu ziren. Hori guztia hamar egunean.

Gertaera horiei guztiei aurre egiteko asmoz, xisteratik erantzunak atera nahi izan dituzte gobernuek eta banku zentralek. Italiak eta Espainiak —baita Frantziak ere— austeritate handiagoa agindu diete ustez arduratuta dauden hartzekodunei. Zeregin horretan Europako Banku Zentralaren laguntza traketsa izan dute. Jean Claude Tricheten prentsaurreko kriptiko batek merkatuak hondoratu zituen. Ondoren, Italiako eta Espainiako bonuak erosteari ekin zion, eta hitzak bainoago inbertsiogileek ekintzak nahi dituztela agerian geratu zen. Atzo, Espainiako eta Italiako hamar urterako bonuen interesa %5ekoa zen, eta arrisku hobaria, 265 puntu. Unerik txarrenean Alemaniak jaulkitzen dituen bonuekiko aldeak 400 puntu gainditu zituen, eta interes tasa ia %6,5era igo zen.

Laburreko salmentarik ez

Bitartean, atzeraldi globalaren aurkako botikaren bat asmatu behar zuen AEBetako Erreserba Federalak. Oraingoz, beste bi urtez diruaren prezioari %0tik oso hurbil eusten jarraitu dutela agindu du Ben Bernankek. Quantitative Easing edo arintze kuantitatiboa izeneko programa hirugarrenez erabiltzeko atea zabalik utzi du iragarpen horrekin. Azken finean, AEBetako altxorreko bonuak erosteko prest dagoela berriro.

Mezu horiei guztiei entzungor, burtsen beherakadak berriro ere alarma guztiak piztu ditu. 2008. urteko udan hasi zen ekonomiaren gainbeherarekin antza duten alderaketa kezkagarriak agertzen hasi dira, eta Nouriel Roubini ekonomialariak adierazi du nazioarteko beste atzeraldi bat gertatzeko arriskua %50 edo gehiago dela.

Ekonomiaren egoera gatazkatsua dela bistan da, baina burtsen erreakzioak neurriz kanpokoa izan deneko ezaugarriak ditu. Gobernu batzuk hasi dira errudunbila, eta espekulazioari aurre egiteko lehen erabakia hartu dute: laburreko salmenta debekatzea finantza sektoreko eragileen akzioekin. Atzo, behintzat, neurriak arrakasta izan zuen, eta Europako bankuetako akzioen balioak gora egin zuen aste korapilatsu baten ondotik. BBVArenak, esaterako, %6,3 igo ziren, eta Societe Generalekoak, asteazkenean jipoia jasan ondoren, %5,6.

Debekuak baditu kritikak. Mugatua dela —soilik lau herrialdetan ezarri da—, eta luzera begira merkatuen beherakada mugatzeko ez duela balioko argudiatu dute zenbait adituk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.