Ogasuna

Zordun handien zerrenda argitaratuko du Gipuzkoak

Milioi bateko zorra dutenen izena Interneten izango da ikusgai, hiru hilabetez.

Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun diputatua. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2016ko martxoaren 9a
14:40
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Zergen Foru Arau Orokorraren erreforma onartu dute, Ogasunarekin zor handiak dituztenen aldikako zerrendak argitaratu ahal izateko. EAJk, PSEk eta PPk eman dute aldeko botoa, eta Ahal Duguk kontrakoa. Abstenitu egin da EH Bildu; 100.000 eurotik gorako zorra zutenen izenak ere jakinarazteko galdegin zuen tramitazioan, baina eskaera atzera bota zuten EAJk eta PSEk, eta milioi bateko mugari eutsi.

Bizkaiak ere onartu du zordunen zerrenda kaleratzea, han ere milioi bateko zorrak ordaindu ez dituztenekin.

Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, ziurtatu du iruzur fiskalaren aurkako borrokan "fronte berria” irekitzen duela arauak. “Orain arte itxita zegoen bidea ireki dugu, eta garrantzitsua orain pausu seguruak eman eta estropezurik egin gabe ibiltzea da”, adierazi du.

Foru diputatuak nabarmendu duenez, erreformak berme juridiko guztiak ditu eta proportzionaltasun irizpideak jarraitzen ditu. “Baina gogoratu behar da ez dela iruzurgileen zerrenda, zordunena baizik”, azaldu du Ogasuneko arduradunak, “egoera ekonomikoak bultzatuta itxi diren enpresa eta negozioak ere agertuko baitira”.

Orain arte iruzur fiskalari aurre egiteko estrategiak “zenbait portaera zigortzera bideratu direla” adierazi du Larrañagak eta, bide honekin batera, betebehar fiskalak borondatez betetzearen inguruan pedagogia indartzearen alde egin du. Helburua gizartearen gaitzespena lortu eta iruzurraren aldeko jarrera eta jokamoldeei zilegitasuna kentzea da: “Hau ez badugu lortzen ezingo dugu iruzur fiskalaren aurkako borrokan aurrerabidean jarraitu”. Zentzu honetan, zordunen zerrenda “prebentziozko erreminta hezitzailea” dela esan du, zerga betebeharren borondatezko betetzearen alde egin dezakeena.

2016ko bigarren seihilekoa

Zerrenda 2016ko bigarren seihilabeteko naturalean argitaratuko da lehen aldiz, eta erreferentzia data martxoaren 31 izango da. Hau da, martxoaren 31n Ogasunari milioi bat euro baino gehiago zor diotenen identifikazioak jasoko ditu, borondatezko epean egindako eta atzeratutako, zatikatutako eta bertan behera utzitako ordainketak salbu. 2017tik aurrera, erreferentzia eguna publikazio akordioaren aurreko urteko abenduaren 31 izango da, eta argazkia urtero berrituko da. Egun horretatik aurrera hasi eta egindako ekintzek ez dute eraginik izango zerrendaren argitalpenean.

Listatuan sartzeko proposamena zordunari jakinaraziko zaio, eta hark hamar egun izango ditu alegazioak aurkezteko. Epe honen ostean, informazioa publiko egiteko akordioa emango da. Datuen argitalpena euskarri elektronikoetan egingo da eta hiru hilabetez egongo da ikusgai. Gainera, beharrezko neurriak hartuko dira Interneteko bilatzaileak informazio honetara hel ez daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.