Zorraren krisia. Italia

Zorra %60tik jaistearen truke, finantzaketa

Alemaniako 'bost jakintsuek' diote zorraren ardura partekatu egin behar dutela herrialdeek

Miren Garate.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Eurobonu hitzik ez da agertzen, baina funtsean ideia antzekoa da. Alemaniako Gobernuaren aholkularitza taldearen arabera— bost jakintsuak deitutakoa—, Europako zorraren gaineko ardura partekatu egin behar dute herrialdeek. Akordio bat proposatu du horretarako. Han parte hartu nahi duten herrialdeek zorra barne produktu gordinaren %60an finkatzeko konpromisoa hartu beharko dute, eta hala ageri beharko du herrialde bakoitzaren legedian. Trukean amortizazio funts bat sortuko da. Herrialdeek haren bidez finantzatuahal izango dute zorraren zati bat. %60tik gorako zorra hara joango litzateke, eta funtsak tituluak jaulkiko lituzke.

Bost jakintsuek azaldu dutenez, Italiak izango luke parte hartzerik handiena funtsean, %41ekoa; haren atzetik Alemaniak, %25ekoa; Frantziak, Belgikak eta Espainiak ere parte hartu behar lukete. Funtsera bideratutako zorra 20 edo 25 urtean finantzatzeko konpromisoa izan behar dute herrialdeek. Horrez gain, bost jakintsuek nahi dute funtsa epe mugatuan egotea indarrean. Herrialdeen zorra BPGaren %60tik jaitsitakoan desagertuko litzateke.

Berme gisa, diru eta urre erreserben zati bat amortizazio funtsera bideratu beharko dute gobernuek. Horrez gain, zergaren bateko diruaren zati bat —BEZarena edo errenta zergarena esaterako— ez litzateke aurrekontuetara joango, zuzenean funtsera baizik.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra ez du erabat ase proposamenak. «BPGaren %60tik gorako zorra kolektibizatzea proposatu duzue. Noski, aztertuko dugu, baina uste dut arazo konstituzional asko daudela eta Europako itun asko aldatu beharko liratekeela». Bost jakintsuen esanetan, Alemaniako ekonomia %0,9 haziko da 2012an; aurten, %3.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.