Zorraren krisiaren amesgaiztoak ez du etenik. Merkatuak ez dira esnatu. Akaso, ez dute esnatu nahi. Greziarentzat bigarren erreskate bat adostu izana ez zen nahikoa izan. AEBetan gehienezko zorpetzea igotzeko akordioak ere ez ditu animoak baretu. Atzo, Espainia eta Italia izan ziren protagonista, eta ez onerako, jakina. Bi herrialdeek jaulkitzen duten zor publikoaren prezioak gora egin zuen berriro. Hamar urterako bonuen interesak %6,4 gainditu zuen Espainiaren kasuan, eta %6,25era iritsi zen Italiarentzat.
Krisia nola garatu den ikusteko neurgailu ezin hobea da zorrak bigarren mailako merkatuetan izan duen ibilbidea. Portugalgo Finantza ministro ohiak, Teixeira dos Santosek, arriskuaren mugari zenbaki zehatza ezarri zion: %7. Interesak kopuru hori gaindituz gero, herrialde bati oso zaila egingo zaio bere burua merkatuetan finantzatzea ekonomia amildegira eraman gabe. Orain arte hiru herrialdek zeharkatu dute muga: Greziak, Irlandak eta Portugalek. Hirurek onartu behar izan dute EB Europako Batasunaren eta NDF Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza porrot ekonomikoa saihesteko.
Interes tasarekin batera, arrisku hobariari erreparatzen diote inbertsoreek. Hain zuzen ere, inbertsoreak Alemaniaren zorra erosi ordez beste herrialde baten bonuak hartzeagatik lortzen duen saria da arrisku hobaria. Alemania da erreferentzia, edozer gertatuta ere dirua itzuliko duen uste osoa dutelako merkatuek. Hori dela eta, krisi garaietan dirua jartzeko gordailu ziurtzat jotzen dira bund bonu publikoak. Alemaniarekin dagoen aldeak inbertsioaren arriskua neurtzen badu, albisteak txarrak dira Espainia eta Italiarentzat ere, euroa sortu zenetik arrisku hobaririk handiena gainditu zutelako atzo.
Espainiako bonuen arrisku hobariak oinarrizko 400 puntuak igaro zituen goizean, baina arratsaldean behera egin zuen apur bat. Italiari dagokionez, oinarrizko 384 puntu gainditu zuen Alemaniako bonuek ordaintzen duten interesa. Arrisku hobaria oinarrizko 300 puntutik gora egotea arazoen seinaletzat hartzen dute merkatuek.
Zorpetzea, garestiago
Bonuen bigarren mailako merkatuen mezua garbi dago: erreskatea onartu duten herrialdeetatik aparte, Espainia eta Italia dira utzitako dirua ez itzultzeko arrisku handiena duten herrialdeak. Eta inbertsoreen mesfidantza limurtu nahi badute, gehiago ordaintzeko prest egon behar dute. Merkatuen ikusmolde horrek ondorio zuzenak ditu: estatu horiek zor berria jaulkitzeko asmoa dutenean hasieratik interes tasa handiago bat eskaini beharko diote erosleari. Hala, geroz eta diru gehiago joango zaie interesak ordaintzeko. Espainiako Gobernuak, esaterako, 6.000 milioi ordaindu zituen interesetan urteko lehen hiruhilekoan, faktura %28 hazi eta gero.
Merkatuaren enbatak Espainiaren zorpetzeko ahalmenean nolako eragina duen bihar bertan ikusiko da. Altxorrak hiru eta lau urterako bonuak saldu nahi ditu, eta enkante horretan 3.500 milioi euro lortzea espero du. Inbertsoreek zorra erosten jarraitu nahi duten eta, batez ere, zenbateko interesarekin jaso nahi duten egiaztatuko da enkantean.
Erreskaterik ez, EBren ustez
Merkatuen egoerak erreakzio andana piztu zuen egunaren joanean. Espekulazio oro mozten saiatu zen Europako Batzordea, eta ziurtatu zuen Espainiak eta Italiak ez dutela inolako laguntzarik beharko. «Erreskate plan baten aukera ez dago mahai gainean, ez da eztabaidatu», adierazi zuen Chantal Hughes EBko Barne Merkatu eta Zerbitzuetako bozeramaileak. Hala Espainiako nola Italiako gobernuak ekonomia onbideratzeko «beharrezkoa den guztia» egiten ari direla uste du Hughesek. Ziprerako ere ez dago planik, Bruselaren arabera.
Espainian hauteskundeak aurreratu izanak ere ez ditu inbertsoreak baretu. Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak oporraldia atzeratu zuen, eta harremanak izan zituen beste alderdietako ordezkariekin, tartean Mariano Raxoi oposizioko buruarekin. Edonola ere, gobernua erreskate arriskua errefusatzen ahalegindu zen. «Espainiak ez du erreskatatua izateko arriskurik. Normal-normal zorra jaulki eta finantzatzen ari gara, batzuetan nahiko genukeena baino gehiago ordainduta ere bai», Diego Lopez Garrido Europako Batasunerako estatu idazkariaren hitzetan.
Europako burtsek galerak izan zituzten. Handienak Ibex 35ean eta Dax 30ean gertatu ziren.
Zorra da udako amesgaiztoa
Espainiako eta Italiako bonuen interesak gora egin du nabarmen, eta berriro ere erreskatearen mamua zabaldu daEuropako Batasunak ziurtatu du bi herriek ez dutela laguntzarik behar izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu