Alexis Tsipras Greziaren zorraren berregituraketa lortu nahian dabil honetan, zor horren zatirik handiena pagatzeari utzi behar diola esan dio nazioarteko batzorde batek Atenasko gobernuari. Batzordekideen arabera, erreskateen bidez Greziak pilatutako zorrek «greziarren giza eskubideak bortxatu» dituzte, ez baitziren egin greziarrak laguntzeko, hark aurretik hartutako zorrak pagatzen zirela bermatzeko baizik.
Apirilean hasi zen lanean nazioarteko batzordea, Eric Toussaint politogo belgikarra buru zuela, Syrizaren ekimenez Greziako Parlamentuak zorpetzearen arrazoiak ikertzea erabaki ondoren. 1980ko hamarkadaz geroztik Greziaren zorpetzea aztertu behar du batzordeak, baina lehenik erreskateen garaiarekin hasi da, 2010etik hona hasitakoarekin.
Gaur eguerdian aurkeztutako lehen emaitza ez da itzulinguruka ibiltzen: «Batzordeak uste du Grezia NDFren, EBZren eta EBren aldez aurretik prestatutako eraso baten biktima izan dela, eta oraindik badela. Misioa bortxazkoa izan da, legez kanpokoa eta inmorala eta helburu bakar bat du, zor pribatua sektore publikoaren bizkar jartzea alegia».
Txostenaren aurkezpenean izan da, Atenasen, Mikel Noval ELAko azterketa bulegoko burua. Eguna «politikoki oso garrantzitsua da» dela esan du, Greziarentzat eta Europa osoarentzat. «Herritarren eskubideak lehenesteko botere ekonomikoari eta finantziarioari aurre egin behar zaio. Greziaren zorra auditatzeko Egiaren Batzordea funtsezko tresna da aldaketa hori egiteko». Novalek ELAren elkartasuna adierazi die Greziako herritarrei. «Murrizketa eta austeritate gehiago inposatu nahi diete. Troikak nahi du sekulako pobrezia eta gizarte bazterketa ekarri duten politikek jarraitzea». Beste herriek ere Greziarrengandik ikasi behar dutela uste du Novalek, «Europarentzat adibide zaretelako, jarraitu beharreko adibidea».