Mezuak hartzaile zehatzak zituen: espekulatzaileak. Greziaren krisiaren kontura etekinak pilatu dituztenak eta beste herrialde batzuen porrotaren zain daudenak. «Otso saldoak» deitu zien Anders Borg Suediako Ekonomia ministroak. Euroa eta euroguneko herrialdeak babesteko neurriak premiazkoak ziren, eta atzo goizaldean hartu zituzten, presaka, finantza merkatuak ireki aurretik.
1. Zer onartu du Europako Batasunak?
750.000 milioi euroko erreskate plana, beren zorra ordaintzeko arazoak dituzten herrialdeentzat. Laguntzak bi tresna nagusi ditu: alde batetik, 690.000 milioi euroko bermeen funtsa eta, bestetik, 60.000 milioi euroko Egonkortasun Funtsa.
Neurri horiez gain, Europako Banku Zentralak zorra erosiko die merkatuetan zorra saltzeko arazo gehien duten gobernuei. Eta mugarik gabeko likidezia eskainiko du, bankuek dirua izan dezaten.
2. Zeinentzat?
Zorrak garaiz ordaintzeko eta merkatuetan dirua baldintza txukunetan lortzeko arazoak dituzten herrialdeentzat. Greziaren zorra, esaterako, %12ko interesera iritsi zen iragan astean.
3. Zertarako?
Funtsean, finantza merkatuetako sarraskijaleei erakusteko euroguneko herrialdeak bat eginda daudela eta ez dutela utziko Greziarekin gertatu dena errepikatzen. Alegia, eurogunea eta euroa babestuko dituela eta, horretarako, dirua jartzeko prest dagoela. Europak diru zorroa erakutsi die merkatuei. Behar izanez gero, guztien artean bete dezaketela diru zorroa beste norbaiti zorra ordaintzen laguntzeko.
Greziaren krisiak kolokan jarri du euroa bera. Grezia laguntzeko orduan izandako duda-mudek faktura garestia eragin dute merkatuetan. Horregatik, hurrengorako -gertatzen baldin bada-, laguntza tresnak hitzartu dituzte. Trukean, Espainiak eta Portugalek iragarria dute neurriak hartuko dituztela, aurten bertan eta datorren urtean beren defizit publikoa gehiago murrizteko.
4. Nola funtzionatuko du?
Herrialderen batek laguntza behar izanez gero, Egonkortasun Funtsera jo behar du aurrena. Europako Batzordeak kudeatuko du, diru merkatuetan dirua eskuratu eta herrialdeei maileguan utziz. Kopurua mugatua da, 60.000 milioi eurokoa, Europako Batzordeak ezin baitu diru gehiago eman beste partida batzuetan murrizketak egin gabe.
Europako Batzordeak badu antzeko funts bat, baina euroaren eremuan ez dauden Europako Batasuneko herrialdeei laguntzeko. Errumaniak, Letoniak eta Hungariak eskatua dute laguntza hori.
Egonkortasun Funtseko laguntza nahikoa ez bada, hurrengo urratsa bermeen funtsa izango da. Euroguneko herrialdeek 440.000 miloi euro arteko bermeak eta maileguak emango dizkiete. NDF Nazioarteko Diru Funtsak 250.000 milioi euro jarriko lituzke, gaur egun eskura duen diru kopuruaren erdia baino gehiago.
Maileguaren epea hiru urtekoa izango da, eta interesa Greziari emandako maileguen antzekoa, %5 ingurukoa.
Dirua eskatzen duen herrialdeak ez du dena kolpe bakarrean jasoko, zatika baizik. Laguntzaren truke defizita eta gastuak murrizteko neurriak hartu beharko ditu -baldintza horiek ezarri dizkiote Greziari-. Dirua jasotzeko neurriak bete beharko dira. Europako Batzordea eta NDF izango dira prozesuaren ikuskatzaileak. Alemaniak exijitu du NDFren ikuskapena, herrialdeek neurriak betetzen dituztela ziurtatzeko.
Kopuru handiak dira, Greziarentzat onartutakoaren ia halako zazpi, baina Espainiak edo Italiak laguntza behar izanez gero, Greziaren kopuruak txiki geratuko dira.
5. Herrialdeen arazoak konponduko al ditu?
Ez. Espainiaren, Irlandaren, Italiaren eta Portugalen arriskua hor dago. Baina, Greziaren kasuan ez bezala, laguntzeko modua bideraturik dute, oraindik xehetasunak zehaztea falta bada ere.
Hala ere, eurogunea hamasei herrialdek osatzen dute, hamasei errealitatek, eta arrakalak izan daitezke laguntza emateko orduan. Alemanian oso zabalduta dago Grezia laguntzearen kontrako iritzia eta jarrera. Berdin gerta daiteke Espainia, Irlanda, Italia edo Portugal lagundu behar badira.
Era berean, hamasei herrialde izateak laguntza prozesuak luza ditzake, herrialde bakoitzak berari dagokion laguntzaren zatia bertan onartu behar badu.
Gainera, oraindik ikusteko dago Greziari emandako laguntza eraginkorra izango den, Greziako Gobernuak iragarritako neurriek funtzionatuko duten eta, laguntza horrek huts egiten badu, ze neurri hartuko dituzten.
6. Zer egingo du EBZk?
Europako Batasuneko gobernuen zorra erosiko du bigarren mailako merkatuetan, iragan ostegunean ez zuela horrelakorik egingo esan arren. Neurri horren bitartez, gutxitu egin nahi ditu herrialdeek zorraren merkatuetan ordaindu behar dituzten interesak, beren zorrak erostearen truke. Merkatu horiek gaizki funtzionatzen dutela esan du EBZk.
Berez, zorra erosiko dutenak herrialdeetako banku zentralak izango dira, EBZk eskatuta. Eskatu eta egin. Europako Batasuneko banku zentralak atzo bertan hasi ziren estatuen bonuak erosten.
EBZrena ez da merkatuak orekatzeko hartutako neurri bakarra. EBZk berak, AEBetako Erreserba Federalak eta Ingalaterrako, Japoniako, Kanadako eta Suitzako bankuek abian jarri dituzte swap-ak. Tresna horien bidez luze gabeko finantzaketa erraztu nahi diete bankuei, dolarretan. Aurretik subprime krisiaren hasieran eta Lehman Brothersek porrot egin ostean erabili izan dira.
7. Eta gero, zer?
Atzo goizaldean onartutakoa epe laburrera begirako adabakia da. Garestia izan daitekeena, baina adabakia azken finean. Horregatik, batasun gehiago eskatu du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. «Krisi honen ikasgaia garbi dago: batasun ekonomiko gehiago behar dugu», esan zuen. «Moneta batasuna nahi baduzu, batasun ekonomikoa bultzatu behar duzu».
8. Zein izan da merkatuen erreakzioa?
Euforia. Europako Batasunak iragan hasteko gainbehera geratzea lortu du. Bilbao 2000 indizeak, Madrilgo Ibex-35ek eta euroguneko 50 konpainia handienen Eurostoxx 50-ek %10etik gorako hazkundea izan zuten egun bakarrean, %12,63, %14,43 eta %10,35, hurrenez hurren.
Ibex-35en kasuan, atzo, ia iragan astean galdutako guztia berreskuratu zuen. Atzoko igoera bere historiako handiena izan da. Europako indize nagusiek ere igoera nabarmenak izan zituzten, %5etik gorakoak. Dena den, Europako Batzordeak berak ohartarazi du atzokoa egun bateko kontua dela eta oraindik ez dagoela ezer ospatzeko arrazoirik.
«EBren planak merkatuak lasai ditzake, oraingoz.Baina gaixoa egonkortzen duen morfina baizik ez da»
MAREK BELKA
Nazioarteko Diru Funtseko Europa Saileko burua
«Merkatuetako otso saldoen erasoak geratu ezean, herrialde ahulenak txikituko dituzte»
ANDERS BORG
Suediako Ekonomia ministroa