ZORRAREN KRISIA. IRLANDA. Irlandako bankuen erreskatea prestatuko dute gaur Dublinen

Irlandako Gobernua EBko, EBZko eta NDFko teknikariekin bilduko da, finantza sistemaren berregituratzea aztertzeko

jakes goikoetxea
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Irlanda laguntzari uko egiten ari den zauritua da, baina suhiltzaileak eta medikuak etxera sartuko zaizkio gaur: Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtsa (NDF). Zertarako? Finantza sistemaren erreskatea prestatzera. Suhiltzaile eta mediku horiek berak joan ziren Atenasera Greziaren erreskate plana prestatzera. Horrela gainditu dute Irlandaren egoskorkeria, herenegun euroguneko finantza ministroek eta atzo Europako Batasunekoek (EB). 80.000 milioi euroko laguntza prest egon daiteke astebetean.

Ofizialki, Irlandaren finantza egoera eta bankuak aztertuko dituzte, finantza sektorea berregituratu behar den edo ez ikusteko. Osasun azterketa zorrotza egingo diote, eta gaixotasunak okerrera egiten badu, jarrai ditzakeen tratamenduak zehaztuko dituzte. Erreskatea, alegia. «Balizko laguntza programa baten prestaketa biziagotuko dugu, Irlandak eskatuko balu eta beharrezkoa bada», onartu zuen Olli Rehnek, Ekonomia eta Finantza Gaietako komisarioak. Zehaztu du ez dituztela erabiliko jada onartuta dauden tresnak. Erreskatea «datozen egunetarako» espero du Jean-Claude Junckerrek, euroaren eremuko Ekonomia ministroak biltzen dituen eurotaldeko buruak.

Brian Lenihan Irlandako Finantza ministroa Europak diru zorroa erakustearekin konformatzen da, laguntza jaso gabe. «Orain behar duguna ez da, agian, dirua jasotzea, zailtasunak izanez gero zenbat diru jaso dezakegun erakustea baizik», esan zuen.

Herrialdeko agintariek ez diote erreskate deitu nahi. Etengabe errepikatzen ari dira ez dutela erreskaterik behar, ez dutela zorra ordaintzeko arazorik 2011ko erdialdera arte.

Herrialdeko agintariek nabarmendu izan dute arazoa dutenak Irlandako bankuak direla baina arazoak ez direla gaindiezinak. «Ez dute funts faltarik», nabarmendu zuen atzo Lenihanek RTE irratiari eskainitako elkarrizketan. Bankuek estres testak gainditu zituztela eta aktibo toxiko gehienak estatuaren agentzia baten esku daudela gehitu zuen.

Hori esatea egia ezkutatzea da. Bankuak dira Irlandaren egoeraren muina, eta bankuak nazionalizatzeak -bost handienetik lau nazionalizatu dituzte- ez du esan nahi arazoa desagertu denik. Irlandako bankuek bizirik jarraitzen dute gobernuak bere gain hartu dituelako, bankuak eta haien zuloak. Bankuen zorra gobernuaren zor bihurtu da. Faktura, jakina, irlandarrek ordainduko dute.

Horrez gain, Irlandako agintariak egoeraren larritasuna apaltzen saiatu dira, arazoa euroarena eta EBrena dela nabarmenduz, eta irtenbidea, Irlandaren arazoak konpontzeko baino gehiago, Europarenak konpontzeko dela esanez.

Ñabardurak mezuan

Dena den, Irlandako Gobernua ñabardurak gehitzen ari zaio herenegungo ezezko borobilari. Lenihanek atzo onartu zuen bankuek laguntza beharko dutela «zailtasunak handitzen badira» eta Irlandak bere kabuz konpontzeko handiegiak badira. «Irlanda herrialde txikia da, eta bankuen arazoak handiegiak badira, Europak garbi utzi du lagunduko digula», esan zuen.

Arazoa oso handia da jada: defizit publikoa BPG barne produktu gordinaren %32ra iritsi da. Zerbitzu publikoetan gastatzen duenaren eta zergen bidez jasotzen duenaren arteko aldea BPGaren %12koa da.

Bankuentzat ezinezkoa da diru bila zor merkatu pribatuetara jotzea. Ordaindu beharreko interesa garestiegia da (%9ra iritsi zen iragan astean). Ondorioz, EBZri esker eskuratzen dute dirua: EBZk utzitako diruaren laurdena jasotzen dute uneotan -130.000 milioi euro-, baina EBZren iturriak mugak ditu.

Erresuma Batuaren laguntza

Erreskatearena harrotasun eta burujabetza kontua ere bada. Gobernuak erabakiak bere esku daudela erakutsi nahi du, laguntza jaso behar badu ere. Hala ere, Lenihanek errealitatearen gordina aitortu zuen: «Dirua maileguan hartzen duzunean, zure burujabetzaren zati bat galtzen duzu, ez dio axola dirua nori eskatzen diozun».

Eta Irlandak diru asko zor die banku askori. Erresuma Batukoei batez ere. Ondorioz, Erresuma Batuak bat egin du Irlandari laguntzeko planarekin. George Osborne Ekonomia ministroak Bruselan esan du dirua uzteko prest dagoela. «Erresuma Batuari komeni zaiona egingo dugu», onartu du Osbornek. Bai, Erresuma Batuko bankuek baitute Irlandaren zorraren zatirik handiena: 164.000 milioi euro.

Irlandak laguntza onartuz gero, jakina, baldintza zorrotzak bete beharko ditu. Laguntza ez da doan izango. %5 inguruko interesa ordaindu beharko du, eta defizita murrizteko neurri zorrotzak hartuko dituela agindu beharko du. Gobernuak datorren astean iragarriko du lau urterako plan bat, bai defizita murrizteko, baiherrialdearen lehiakortasuna berreskuratzeko. Murrizketen bitartez 15.000 euro aurreztu nahi ditu, eta defizit publikoa BPGaren %3ra jaitsi 2014rako.





############



Tigrearen krokodilo malkoak

Analisia
Iker Aranburu

Herrialde hau gogor borrokatu zen bere subiranotasunaren alde, eta gobernuak ez dio inori oparituko». Gauzak gaiztotzen direnean -edo botoei eutsi behar zaienean- Fianna Fail alderdiak gustuko duen erretorika nazionalista atera zaio Batt O'Keefe Irlandako Enpresa ministroari. Britainiarren aurka independentzia odolez lortu ondoren, finantza merkatuen eta Europako Batasuneko bazkideen presioari aurre egiteko gai izango zirela adierazi nahi zuen O'Keefek. Azkenean, ordea, bataren zein besteen aurrean makurtuko da Irlanda, aste honen bukaeran ez bada, hurrengoan ziur aski.

Europako Batasunean eta euroaren eremuan egoteak subiranotasuna partekatzea esan nahi duela alde batera utzita ere, XXI. mendearen hasieran subiranotasun formalak zenbat balio duen nahiko garbi geratu da krisi honetan. Benetan nork agintzen duen (edo zerk) berriro errepikatzeak alferkeria ematen du.

Berez, Irlandaren arazo nagusia da gobernuak -Fianna Failen eskutik 1997az geroztik- aspaldi uko egin ziola subiranotasunaren zati handi bati. Baina ez, ordea, atzerriko indar maltzurren aurrean, barruan hazi zaion etsaiaren aurrean baizik: bere bankuak. 90eko hamarkadaz geroztik, Dublingo agintariek karta zuria eman zieten bere bankuei eta horiei lotutako eraikuntzako enpresei. Herrialdearen azken muturrean ere etxeak edo urbanizazioak egin behar direla? No problem. Herri txikienak ere merkataritza zentro erraldoia behar duela? Tori baimena. Eraikuntza bultzatzeko zergak jaitsi behar direla? Eskatu eta egin. Bankuak sekulako arriskua hartzen ari zirela eta gauzak okertuz gero zuloa estalezina izango zela? Ezinikusiarena egin, eta aurrera, ez dezagun Irlandako Tigre Zeltiarraren miraria txikikeria batzuekin estal.

Baina 2007an finantza krisia lehertu zenetik euri asko egin du-Irlandan bai, behintzat-, eta hamarkada bateko politika okerra pagatzeko gutxienez beste hamarkada bat beharko dute. Pagatuko du Fianna Failek datozen hauteskundeotan egurra jasotzen duenean, baina benetako kostua herritarren bizkar jarriko du: zerga batzuk igoko dira, gizarte zerbitzuak urritu eta kaskartu, gizarte laguntzak desagertu, inbertsioak geratu...

Eta hori hala da, neurri handi batean, 2008an Irlandako Gobernuak erabaki zuelako bankuetako gordailu guztiak ez ezik, bankuen zorrak ere bere gain hartuko zituela. Hau da, Irlandako bankuak etxegintza elikatzeko maileguak eman ahal izateko atzerriko bankuetatik lortutako dirua itzuli egingo zuela, kosta ahala kosta. Erabaki horrek, zilegi izan ala ez, bazuen logika: dirua itzuli ezean, Erresuma Batuari, Alemaniari, AEBei eta Irlandari dirua utzitako beste guztiak lepora botako zitzaizkion, eta Irlandari oso zaila izango zitzaion nazioarteko finantza merkatuetan dirua lortzea. Baina arazoa da bankuen faktura handiegia dela Irlandaren moduko herrialde txiki batentzat, eta eragotzi nahi zuena gainera erori zaiola Dublini.

Aurten 50.000 milioi euroko zuloa eragin diote Anglo Irish Bankuek, AIBk, Bank of Irelandek eta Nationwidek. Baina oso litekeena da kopuru hori oso txiki geratzea. Morgan Kelly Dublingo Unibertsitateko irakasleak Irish Times-en ohartarazi duenez, okerrena etortzear dago, orain arte azaleratutakoa eraikitzaileek utzitako zuloa baita. Baina krisiarengatik gero eta herritar gehiagok maileguak pagatzeari uzten diotenean, bankuek galera gehiago izango dituzte.

Eta bankuak bezalaxe Irlandako Estatuak herritar horiek salbatuko al ditu? Ez, atzo bertan Brian Lenihan Finantza ministroak azaldu zuenez. Maileguak zertxobait beranduago pagatzen utziko diete, baina hortik aurrera hor konpon.





############



Irlandak dio ez duela sozietate zerga ukituko

Enpresek pagatzen dituzten zerga txikiei esker, oraindik ere atzerriko inbertsioa erakartzen du
I. Aranburu.

Azkenean Irlandak Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren dirua erabiltzen badu, ez zaio doan aterako. Eta ordaindu beharreko prezioan baliteke sozietate zerga ere sartzea, %12,5ekoa baita, Europa mendebaldeko txikiena.

Oraindik Irlandako bankuak salbatzeko plana ez dagoenez, diru horri lotuta Irlandari jarriko dizkioten baldintzei buruz espekulazioak baizik ez daude. Eta espekulazio horiek errotik moztu ahal izateko kanpaina hasi dute Dublingo gobernuak eta enpresaburuen elkarteek: %12,5eko sozietate tasak bere horretan jarraitzea da helburua.

Inork ofizialki eskatu ez duen arren, ez da sekretua EBko herrialde askok oso begi onez ikusiko luketela enpresek Irlandan pagatzen duten zerga nabarmen igotzea. Alemanian, esaterako, batez beste %29ko sozietate zerga pagatzen dute enpresek, eta zerga gutxitzeei esker, %22koa Frantziakoek -%33,3koa da tasa ofiziala-.

Zerga txiki hori izan da azken bi hamarkadotan Irlandak nazioarteko inbertsio asko jaso izanaren arrazoi nagusietako bat. AEBekiko harreman kulturalek eta enpresen aldeko araudi oso liberalek ere lagundu dute. Horren ondorioz, AEBetako multinazional indartsu gehienek -Google, Apple, Intel...- Irlandan dute Europako adarren egoitza, eta kontinenteko beste askok jarraitu diete.

Krisi gordinean ere, Irlandak atzerriko inbertsioari eutsi dio: 2009. urtean %30 jaitsi zen munduan, baina %4 baizik ez Irlandan. Orotara, 30.000 milioi euro erakarri zituen. Irlanda da, horrenbestez, atzerriko kapitalari esker lanpostu gehien duen EBko herrialdea.

Dublingo gobernuak ez dio uko egin nahi bere ekonomiaren geroari buruz baikor izateko arrazoi bakar bati. «Sozietate zerga gure industria politikaren funtsezko osagaia da, eta ez dugu aldatuko datorren hilabeteko aurrekontu proiektuan», aldarrikatu du Batt O'Keeffe Enpresetako ministroak. Zerga igotzeak «ondorio dramatikoak» izango lituzkeela ohartarazi zuen atzo Irish Management Institutek, enpresa askok uhartea uztea erabakiko luketelako.

Sozietate zerga aldatzeko baino erresistentzia txikiagoa jarriko du Irlandak BEZ zerga igotzeko. EBk eta NDFk behartuta, %19tik %23ra igo behar izan du Greziak. Irlandak %21ekoa dauka.





############



Sindikatuek manifestaziora deitu dute 27rako, Dublinen

Irlandako Gobernuak austeritate neurri gogorrak hartu dituen arren, oraingoz nahiko protesta txikiak izan dira kaleetan. ICTU sindikatuen konfederazioak, ordea, manifestaziora deitu ditu Irlandako langileak, hilaren 27rako, Dublinen. Protesta horren bidez salatu nahi dute Dublingo gobernuak errenta zergaren igoerarekin eta gastu sozialaren murrizketarekin txikitu nahi duela defizit publikoa. Kontuak orekatzeko «modu hobe bat, bidezkoagoa» dagoela aldarrikatu du Jack O'Connor ICTUko presidenteak, eta 2014an beharrean, defizita %3rako uzteko 2017ra arte itxaroteko eskatu du.Besteak beste, pentsioen erreserbarako diruarekin inbertsioak egitea proposatu du sindikatuak.





############



40.000

Berankortasuna. Langabeziaren igoeraren eta etxebizitzen prezioen jaitsieraren ondorioz, gero eta irlandar gehiagok dituzte arazoak maileguak itzultzeko. Atzo esan zenez, 40.000 mailegu berankor daude dagoeneko, eta beste 45.000 berriz negoziatu behar izan dituzte.





############



9.000

Dirua Greziarentzat. Europako Batzordeak ukatu egin du Greziari beste 9.000 milioi gehiago emateko arazoak daudela. Austriak ez du artean bere zatia onartu, esaten baitu Greziak ez dituela baldintza guztiak bete. Hala ere, dirua urtarrilean helduko dela dio Bruselak.





############



160.000

ECBren maileguak. Nazioarteko merkatuetan mailegu gehiago lortzeko modurik ez dutenez, Irlandako bankuak Europako Banku Zentralaren diruari esker ari dira irauten. Urriaren amaieran, EBZk utzitako 160.000 milioi euro zituzten. Irlanda osoaren BPGa adina.



############

Salgadok dio Espainiak ez duela neurri gehiago hartuko

Espainiako Gobernuak ez du oraingoz neurri gehiago hartuko defizita murrizteko. «Gure neurriak betetzen ari gara, eta nahi genuen ondorioa izaten ari dira», azaldu du Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak Bruselan. Astelehenean, doikuntza neurri gehiago eskatu zizkion Bruselak Espainiari.





############



Hauteskunde partziala galtzear dago Fianna Fail

Irlandako Gobernuko alderdiak, Fianna Failek, oso zaila du gaur zortzi Donegal South West barrutiko aulkiari eustea. Sinn Feineko Pearse Doherty da irabazteko faborito argia. Hauteskunde partzial hori eta beste bi atzeratzen saiatu da gobernua, guztiak galduz gero gehiengo osorik gabe geratuko delako.





############





Bandera zuria altxatu dugu, eta toalla bota; ostegunean datoz olatuak, eta ez hain justu animoak ematera»

ENDA KENNY
Fine Gael oposizioko alderdi nagusiko buruzagia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.