Belgikak, Espainiak, Frantziak eta Italiak finantza sektoreko balioekin short selling-a egitea debekatu dute, denboraldi baterako. Finantza merkatuetako aldakortasunari eta zurrumurruei aurre egin nahi diete. Espainiaren debekuaren barruan daude BBVAren eta Banca Civicaren akzioak.
•Zer da short selling-a? Inbertitzaileak berea ez den titulu bat (akzio, bonu edo petrolio kontratu bat) maileguan eskatzen dio merkatuetako salerosle bati, komisio baten truke. Titulu hori saldu egiten du, eta tituluak merkatuan balioa galtzea nahi du, merkatzearen aldeko apustua egiten du, nolabait. Tituluaren prezioak behera eginez gero, orduan erosi egiten du. Titulua jabeari bueltatzen dio, eta inbertitzailea bi saldutako eta erositako prezioen arteko aldearekin geratzen da.
•Adibidez? Inbertitzaile batek maileguan hartu dizkio operadore bati banku baten 1.000 akzio. Akzio bakoitzak 15 euro balio ditu eta, beraz, 15.000 eurotan saldu ditu merkatuan. Inbertitzaileak akzioen prezioek behera egitea nahi du, etekina lortzeko. Bankuaren akzioen prezioa 10 euroraino jaitsi da, eta inbertitzaileak erosi egin ditu, 10.000 eurotan. Akzioak operadoreari bueltatu, maileguagatik komisioa ordaindu eta gainerako diruarekin geratu da. Irabazia: 5.000 euro - komisioa.
•Eta zer da naked short selling-a? Titulua maileguan hartzen duenak saldu egiten du, oraindik mailegua ziurtatu gabe. Horrek galerak izateko arriskua areagotzen du, eta herrialde batzuetan debekatuta dago, Alemanian esaterako, iazko maiatzetik.
•Zertarako balio dute? Egoera arruntetan, merkatuari likidezia eskaintzeko; merkatu estresatuetan, aldiz, prezioen jaitsierak handitzeko, nahasmenduak eragiteko eta sistemarentzat arriskuak sortzeko.
•Nortzuk aritzen dira operazio horietan? Bereziki, hedge fund funtsak. Taktika eta operazio desberdinak erabiliz, merkatuek gorantz edo beherantz jo, beti irabaztera jokatzen duten espekulatzaile osoak dira. Arriskua kudeatzeko modu oldarkorrena dute.
•Zergatik debekatu dituzte orain? Neurri batean egunotako aldakortasunaren erantzule izatea leporatzen diete, merkatuak manipulatzea, gainbeherarekin etekina lortzeko asmoz.
AEBek eta Erresuma Batuak finantza erakundeen akzioekin short selling egitea debekatu zuten, 2008ko irailean, Lehman Brothersen porrotak finantza egitura osoa dardarka jarri zuenean.
•Neurria eraginkorra izango al da? Orain bai, baina luzera begira ziurrenik ez.
•Beti irabazten al da? Ez, ezta pentsatu ere. Akzioen balioa igoz gero, inbertitzaileak saldutakoa baino garestiago erosi behar ditu, eta dirua galtzen du. Adibide nabarmena izan zen Volkswagenen akzioekin 2008an gertatua: Porsche akziodun nagusiak VWen akzioen %75 bereganatu zuela iragarri eta gero, akzioen prezioa 200 eurotik mila eurora igo zen bi egunetan.Short selling-aren bidez VWen akzioek behera egingo zutela apustu egin zutenek akzioak erosteari ekin zioten, galerak saihesteko, baina beranduegi zen. Milaka milioi euro galdu zituzten.
•Zer dio Europak? Europako Batzordeak proposamen bat egin zuen iazko irailean. Inbertitzaileak short selling operazioei buruzko informazioa ematera behartu nahi ditu, arriskua antzeman ahal izateko.
Zorraren krisia. 'Short selling'-a edo laburreko salmenta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu