ZORRAREN KRISIA. Zerga igoera 'aberatsei', herritarrak lasaitzeko

jakes goikoetxea
2010eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Zergen igoeraren txanda da. Hitzetan behintzat bai. Ekintzetan ikusteko dago. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zenbait zerga igotzearen alde azaldu dira, epel. Zapatero jendaurrean, Patxi Lopez zeharka, bozgorailu lanetarako dituen egunkarietan.

Sindikatuek eta zenbait alderdik aspalditik aipatzen dute zerga politikari buruzko eztabaidaren premia; baina Zapateroren eta Lopezen eskaerak ez dira zerga politika justuagoa eta progresiboagoa lortzeko, zorraren itoginak txikitzen laguntzeko baizik. Eskaera solteak, inprobisatuak.

Baina zerga politikan zenbat biltzen den bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da nork eta nola ordaintzen duen.

Zapatero zenbait zerga igotzeko prest dago. Ze erremedio! Funtzionarioen soldatak batez beste %5 murriztuko ditu, eta pentsioak izoztu. Zerbait egin behar du herritarren haserrea arintzeko, sozialismoaren izenean.

Zapaterok esan du zergen igoerak ez diela eragingo erdiko klaseei, «benetan gehiago dutenei baizik». Zapaterok berak balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) uztailetik aurrera %16tik %18ra igotzea erabaki zuen. Klase ertainei bete-betean eragingo die.

Ez dirudi hori izango denik zergen igoera bakarra. Ziurtzat jotzen da onartu egingo duela berarentzat politikoki merkea den zerga igoera: zerga bereziena, hau da, erregaiena, alkoholarena eta tabakoarena. Hori ere erdiko klaseentzat.

Patxi Lopezek ere zenbait zerga igotzeko eskatuko die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusiei (hirurak EAJkoak), astelehenean egingo duten bileran: ondare zerga berreskuratzea, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) tasa maximoa igotzea (%45ekoa da)...

Diputazioek zergak igotzeko aukerak badituzte. Borondaterik ez. Iaz zergen bidez 2008an baino bi mila milioi euro gutxiago bildu zituzten arren. Gipuzkoak %17 gutxiago, Bizkaiak %15,8 eta Arabak %14. Gainera, ez dute zergarik igoko aurretik Espainiak egiten ez badu, lan zikina Zapateroren esku utziko dute.

Diputazioen borondate falta erakusten dute azken urteetako erabakiek. Hor dago ondare zergarekin gertatua. Hirurek bertan behera utzi zuten. Urtean 200 milioi euro jasotzeari uko egin zioten, krisiaren erdian, orain gerrikoa estutzeko eskatzen ari diren horiek beraiek.

Ez Zapaterok, ez Lopezek, ez dute zerga iruzurrik aipatu, baina bildu gabe geratzen den kopurua oso handia da. Ikuskatzaileetan dirua gastatzeko modukoa, herritarrak salatari lanetan jartzeko telefonoetan baino gehiago.

ELAren datuen arabera, langileek ordaintzen dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zerga zuzenen bidez jasotzen diren hiru eurotik bi. 2005ean, krisiaren usainik gabeko garai oparoetan, enpresen %71,6k ez zuten Sozietate Zergarik ordaindu, galerak edo sei mila euro baino sarrera txikiagoak izan zituztela aitortu zutelako. Sinestezina.

Zergen igoerari buruzko adierazpenak hasi dira. Badakigu horrelakoak nola hasten eta nola bukatzen diren: aurrena aberatsenak, eta azkenean guztienak. Orain isilik samar dago gizarte zerbitzuen ordainketari buruzko eztabaida. Baina hori ere etorriko da, hori ere krisiaren izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.