Altzairugintza

Zumarragako Arcelorreko gatazkan bere esku dagoena egin duela dio Jaurlaritzak

EAJren EBBko harreman instituzionaletako idazkariak nabarmendu du enpresari dagokiola irtenbidea aurkitzea, eta ez erakunde edo alderdiei. Bihar bilduko dira Arcelorreko zuzendaritza eta enpresa batzordea lekualdatzeez hitz egiteko.

Zumarragako Arcelorreko langileek elkarretaratzea egin zuten larunbatean Donostiako Gipuzkoa plazan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2016ko martxoaren 28a
13:45
Entzun

"Presio egiteaz eta laguntzeaz gain, gutxi egin dezake gobernu batek, erabakiak hartu behar dituena horien erantzukizuna hartzeko gai ez bada". Hitz horiekin erantzun die Koldo Mediavilla EAJren EBBko harreman instituzionaletarako idazkariak Jaurlaritzak Zumarragako Arcelorren gatazkan izan duen jarrera kritikatu dutenei.

Eusko Jaurlaritzak laguntza eskainia dio Arcelorri Zumarragan inbertsioak egin ditzan. Produktu berriak egiteko eta merkatu berriak bilatzeko moldaketak proposatu ditu gobernuak, itxiera eragozteko. Besteak beste, eta planta zabalik mantentzeko "beharrezkoa balitz", lantaldea doitzeko neurriak hartzea onartu du Jaurlaritzak. Proposamena, ordea, ez da langileen gustukoa izan, eta "inplikazioa" eskatu diote.

Eskaera horiei erantzun die gaur Mediavillak, eta nabarmendu erakundeek "hasiera-hasieratik" hartu dituztela gatazka konpontzeko neurriak eta "balizko irtenbideak" jarri dituztela negoziazio mahaian. Hala, azkenean "denen gustuko irtenbidea" aurkituko den itxaropena agertu du EAJko kideak, baina, aldi berean, ohartarazi du enpresaren esku dagoela krisia konpontzea. "Arcelor berak erabaki behar du zeintzuk diren etorkizuneko proiektuak".

Bihar lehen bilera

Gatazkari irtenbidea aurkitzen saiatzeko bilduko dira bihar zuzendaritza eta enpresa batzordea, 11:00ean. Printzipioz, lekualdatzeez hitz egiteko. Izan ere, Zumarragako lantegiak egiten duen produkzioaren atal bat kentzeko asmoa du Arcelorrek, eta lantaldea —325 behargin baino gehiago— lekualdatzeko aukera ireki du.

Lan gatazkak irauten duen bitartean, elkarretaratzeak egingo dituzte asteartero lantegiaren kanpoaldean, 13:00etatik 15:00etara. Hurrengo ostiralean, gainera, egun osoko greba egingo dute, eta Donostian elkarretaratzeko asmoa dute berriro, aldundiari ardura eskatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.