ENPRESAK

Zumarragako jardueraren zati bat etengo du Arcelor Mittalek

Ekoizpena behin-behinean gelditzea beste biderik ez duela jakinarazi die langileei. Negoziatzeko prest dago multinazionala: beste lantoki batzuetara lekualdatzeko aukera emango die 325 langileei, eta gero erabakiko du Zumarragan zer ekoizpen mantendu.

jarraia120743.jpg
Oihan Vitoria.
2016ko martxoaren 15a
07:26
Entzun

Bideragarritasun arazoak argudiatuta, Zumarragako (Gipuzkoa) lantegiko jardueraren zati bat eteteko asmoa duela jakinarazi dio Arcelor Mittal multinazionalak enpresa batzordeari, ezustean. Iberiar Penintsulan dagoen "gehiegizko eskaintzak" bultzatu du zuzendaritza erabakia hartzera. Multinazionalak lekualdatzeko parada emango die lantegi horretan beharrean ari diren langile guztiei, eta negoziazioaren arabera erabakiko du zer ekoizpen mantendu.

"Zumarragaren heriotz industriala" litzateke, ELAren arabera. Sindikatuak salatu du zuzendaritzak "behin behinean" eta "zuhurtziaz" proposatu duena "behin betiko itxiera ezkutu bat" dela azken finean. "Langileentzako banakako irtenbideez harago, eskualdearentzat oso garrantzitsua den proiektu industriala dago jokoan".

Eusko Jaurlaritzak ere "dastrikotzat" jo du iragarpena, eta hala jakinarazi dio enpresari berari. Josu Erkoreka bozeramaileari "oso albiste txarra" iruditu zaio: batik bat, erabakia hartzeko "moduak" kezkatu du gobernua. Enpresaren aldetik jarrera "aktiboagoa" bota du faltan Erkorekak. Erakunde eta enpresaren elkarlanak balizko "itxiera" saihets lezakeela uste du, eta lantaldearen kudeaketan "erantzukizunez" jokatzeko eskatu dio multinazionalari: "Orain hori da lehentasuna".

"Kolpe latza"

Zailtasunak zailtasun, Eusko Jaurlaritza ziur da altzairugintzaren sektorea bidegarria dela, eta etorkizunean ere hala izateko aukera duela. "Euskadin, izan ere, badira lehiakortasuna hobetzeko irmotasunez, seriotasunez eta zorroztasunez lanean ari diren enpresak", zehaztu du Erkorekak. Gipuzkoako PSE-EE, berriz, auzian "inplikatzeko" prest da, eta langileei eskatu die "presazko azalpenak" eman ditzatela Batzar Nagusietan enpresak duen egoeraz. "Ezinegona" agertu dute sozialistek: "Atzera bueltarik gabea bihurtu eta neurriak hartu aurretik".

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, langile gehienak herritik ahalik eta gertuen lanean jarraitzea eta Urola Garaia eskualdeko jarduera industriala berreskuratzeko konpromisoa eskatu dizkio Arcelor Mittali. "Berri beltza da, kolpe latza da Gipuzkoako industriarentzat. Orain berrindustrializazioa eta ekonomia berreskuratzearen aldeko apustua indartzeko unea da". Horren harira, lurraldeak dituen beste bi lantokietan —Bergaran eta Olaberrian— inbertsioak egitea galdegin dio Olanok konpainiari, "jarduera ekonomikoa epe erdi eta luzera bermatu ahal izateko".

Zortzi lantegitik bi, kolokan

Zumarragako lantegiak altzairuzko hariak, alanbre burdinak eta barrak ekoizten ditu, eta 325 langile ditu gaur egun. Garraiolariak eta langile azpikontratatutak kontuan hartuta, 200 gehiago litzatekeela oroitarazi du ELAk. Urteotan hainbat gorabehera eduki ditu. 2013an, esaterako, enpresak irautea bermatzeko, soldatak %12 apaldu zituzten, eta lanaldia luzatzea onartu zuten.

Ez da Arcelor Mittalek Euskal Herrian eten duen lantegi bakarra. Euskal Herrian zortzi lantegi produktibo ditu multinazionalak: hiru Bizkaian, hiru Gipuzkoan, eta bi Nafarroan. Eta horietatik bi ezbaian daude. Sestaoko ACB altzairutegia ere otsailaren 4az geroztik dago aldi baterako itxita, "epe jakinik gabe". Langileen eskariz hilean 10.000 tona ekoiztea pentsatzen ari da, argindarrak prezio apalena asteburuetan duela baliatuta. Horretarako, hilean bizpahiru asteburutan zabaltzea proposatu diote beharginek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.