Zurrumurruek eta zorraren salmentak finantza merkatuak baretu dituzte

Espainiaren eta Italiaren zorrak goia jo zuen goizean, baina eguerditik aurrera merkatu egin ziren

Iker Aranburu.
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Ekaitzaren ostean nolabaiteko barea iritsi zen atzo finantza merkatuetara. Burtsek igoera edo jaitsiera txikiekin erantzun zuten, eta espekulatzaileek jopuntuan jarri dituzten herrialdeetako zor publikoa merkatu egin zen.

Eguna, hala ere, trumoiekin hasi zen. Bezperan bezalaxe, Italiaren eta Espainiaren zorra garestitzen hasi zen. Espainiaren hamar urteko zorra %6,233ra iritsi zen bigarren merkatuan, eta 375 punturen aldea izan zuen Alemaniako bund-arekiko. Beste bezainbeste gertatzen ari zen Italiako zorrarekin: %6ko muga gainditzera iritsi zen, eta 347 puntura izan zuen Alemaniakoa.

Baina, eguerdi partera, tentsioa arintzen hasi zen. Europako Banku Zentralak Italiako zorra erosten hasi zela zabaldu zen merkatuetan, eta berria baieztatzeko modurik izan ez zen arren —EBZk egun batzuetara esan ohi du zertan aritu den—, zurrumurrua nahikoa izan zen inbertsiogile batzuek zorra erosi eta haren prezioa jaisteko. Azkenean, Espainiaren hamar urteko zorrak %5,85ko interesarekin itxi zuen —astelehenean %6,03—, eta %5,6koarekin Italiakoak.

Jaitsiera horretan beste faktore batzuek ere izan zuten zeresana. Batetik, merkatuen mezuak gorabehera, mundu errealean Italia gai izan zen bere zorra saltzeko: urtebete barru itzuli beharreko 6.750 milioi euro eskuratu zituen, haren truke %3,67ko interesa pagatu beharko duen arren, ekainean baino %70 gehiago. Greziak ere epe laburreko zorra saldu zuen. Salmenta horiek erakusten dute badirela inbertsiogileak zorra erosteko prest, baldin eta trukean interes mardulak jasotzen badituzte.

Europaren iragarpenak

Europako Batasuneko agintariek segurtasuna emateko mezuak biderkatu zituzten. Batetik, Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak ziurtatu zuen bizkor erantzungo dietela finantza erakundeen estres azterketei. Etzi jakinarazi behar dute Europako 91 banku eta aurrezki kutxek —Euskal Herriko handienak barne— zer-nola dauden prestaturik egoeraren okertze bati erantzuteko. Azterketa horiek huts egiten dituztenek hiru hilabeteko epean lortu beharko dute beharrezkoa duten kapitala, merkatuetan posible bada, eta diru publikoarekin bidez beste aukerarik ez badago.

Bestetik, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea ostiralerako goi bilera antolatzen hasi da, zorraren krisiaren okertzeari erantzun bateratua emateko. Ikusteke dago bilera hori egingo ote den, Alemaniak eta haren aliatuek ez dutelako nahi.

Berlinek garaipen bat lortu zuen euroguneko herrialdeetako Ekonomia ministroek astelehenean egin zuten bileran. Herbehereetako Finantza ministro Jan Kees de Jagerrek atzo azaldu zuenez, Greziak bere zorraren zati bat beranduago pagatzea debekatzen zuen atala kendu dute herrialde haren bigarren erreskatearen planetik. Neurria ez da EBZren gustukoa, baina ahalbidetu- ko luke banku batzuek beren zorra beranduago jasotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.