Azken elkarrizketa

Pako Etxeberria

Pako Etxeberria

Auzi medikua; Jon Anza auziaz aritu da

2010-03-17 - irakurri elkarrizketa

Pako Etxeberriak ibilbide luzea du auzi mediku gisa, eta adierazi du sinesgaitza egiten zaiola Jon Anzaren kasuko bertsio ofiziala.

 Erantzundako galderak

14

G. Eskerrik asko elkarrizketa digitalean parte hartu eta argibideak emateagatik. Hurren arte. BERRIA.INFO

E. Eskerrik asko zuei, galderak egiteagatik eta interesa agertzeagatik. BERRIA.INFOri ere eskerrak. Hurrena arte!

13

G. Baionako fiskalak epailearen esku utzi du orain auzia. Badakizu horrek zer garrantzia duen? Mikel Garcia

E. Ematen du Baionako fiskalak uste duela kasu honek hasiera batean zirudiena baino konplexutasun handiagoa daukala. Horregatik, instrukzio epailea hartzeko erabakia hartu dute, ondorio guztiekin ikertzeko auzi penal bezala. Gutxienez, zalantzak egoteaz gain, akats profesionalak daude. Ikerketa judiziala bukatu ostean kasua artxiba liteke frogarik ez dagoelako edo arduradun penalik ez dagoela uste delako. Horrela balitz, esan nahiko luke ikerketa judizialak uste duela guztia kasualitatez gertatu dela, naturalki gertatu dela heriotza, beste edonork ez duela nahita ezer egin.

12

G. Zorionak Pako Espainiako Gerra Zibileko biktimekin egiten ari zaren lanagatik. Desagertu eta aurkitu bitartean, pasatako egun horietan, horrenbestes denbora pasata... zein aztarna izan litezke interesgarriak? garbi ote zegoen? arropa zikina/garbia, aztarnak zapatetan, hatz markak arropan eta gorputzean? mikel

E. Egia da, ahaztu egin zait lehen esatea: Jon Anzak jantzita zeukan arropa ere ikertu egin behar da auzi medikuen aldetik. Dena dela, baliteke Polizia Zientifikoak aztertzea arropa eta Anzak izan zitzakeen objetu pertsonalak. Azken batean, auzi medikuen ikerketan parte hartzen duten teknikoak desberdinak dira. Aditu bakoitzak bere txostena egien du eta epaileak biltzen du informazioa, galderei erantzuna eman ahal izateko.

11

G. Berria-ko elkarrizketan esan zenuen lotsagarria zela gorpua hain hondatuta egotea. Zergatik? Nahi izanez gero, zenbat denboraz kontserba daitezke 'egoera onean'? Aitor Garmendia

E. Egia esanda, hori fiskalak berak esan zuen, autopsia egin ostean, autopsian gorpua oso egoera txarrean zegoela esanda eta horrek mugak jarri zizkietela aitortuta. Normala hala izatea, autopsia Anza hil eta urtebetera egin zutelako! Bestela, egoera normalean, pertsona bat hil eta 48 orduren buruan egiten da autopsia; izan ere, gorpua bigarren egunetik aurrera hondatzen edo desegiten hasten da. Desegitea atzeratu liteke, betiere gorpua hozten bada, baina beti dago ehun bigunen galera zelulen entzimen akzio kimikoagatik. Gorpua hoztuta badago, bakterien garapena saihesten da eta horien hondatzea.

10

G. Hasieran esan zuten bihotzekoak jota aurkitu zutela. Gero, autopsiak, tumoreak eragindako kolapso multiorganikoa izan zela. Konpatibleak dira bi azalpenak? Itziar

E. Gauza desberdinak dira biak. Bihotzekoak ez du kolapso multiorganikoa sortzen, eta honek ez du argitzen heriotza zergatik gertatu den. Kolapso multiorganikoa gaixotasun handia duten lagunek daukate; horiek heriotza agonikoa izaten dute, giltzurdinetako arazoekin, bihotzeko arazoekin eta abar. Jakin beharko litzateke bihotzekoaren diagnostikoa Anza erietxean sartu eta ordu batzuetara egin zuten.

9

G. zeintzuk dira bertsio ofizialari sinesgarritasuna kentzeko arrazoiak? xotil

E. Bertsio ofiziala baldin bada arrazoi naturalengatik hil zela Jon Anza, eta lesio fisikorik ez badago (kolpeak, beste zauriak eta bala zauriak; hala dio fiskalak esan bezala), horrek ez du eragozpen gorpua kriminalitate susmopean ez hartzea, betiere ez bada argitzen gertatu den guztia. Jazo dena harritzekoa izateaz gain, kasua akats askokoa da, eta horregatik zentzuzkoa da gaur egun zalantza asko izatea bertsio ofizialaz. Izan ere, badirudi bertsio ofizialak garrantzizko puntu batzuk baino ez dituela argitu.

8

G. Posiblea izango zen Jon torturatua izatea eta hainbeste denbora ondoren tortura horren arrastrorik edo aztarnarik ez aurkitzea autopsian? Iruņeatik

E. Bai, posible da hori, betiere balizko torturan lesio fisiko handiak ez baleude. Baina kasu honetan kontuan hartu behar da Anza erietxean egon zela hamahiru egunez eta, beraz, lukeen min fisikoa naturalki sendatzen joango zela.

7

G. jakin al da pertsona batek torturak jasan badu behaketa fisiko bat eginez? Eskerrik asko Josu Hernando Calzada

E. Mediku batek bizirik den pertsona bat aztertzen duenean, honen lesio fisikoak eta psikikoak atzeman ditzake. Gorpu baten kasuan, lesio fisikoak baino ezin daitezke atzeman, eta Anzaren kasuan lesio fisikoak ez balira izan oso bortitzak, ia ezinezkoa da deskubritzea. Baina auzi medikuen parte-hartzea ikerketa judizialean parte bat baino ez da, eta, garrantzitsua izan arren, heriotza baten inguruko beste kontu batzuk baloratu behar dira.

6

G. Demagun norbaitek drogaren bat edo pozoin bat erabili duela pertsona bat erahil edo galdekatzeko. Ze aukera legoke horren arrastorik 11 hilabete beranduago atzemateko? IKAIZE

E. Toxikoak betiko egon daitezke gorpuan eta, beraz, atzeman daitezke heriotza izan eta urte batzuetara ere. Baina kasu honetan kontuan hartu behar da desagertu zen eta erietxean hil zen denbora tartea; hau da, ia lau aste izan zirela. Epe horretan baliteke balizko toxikoen edozein zantzu desagertzea eta metabolizatzea.

5

G. Jar gaitezen hipotesi honetan. Espainiako Segurtasun Indarrek bahitu dute Anza eta hainbat egunetan eduki dute galdeketan edo. Zer da logikoagoa: A.- Hil eta gorpua ezkutatu (lurperatu, itsasora bota, kimikoki desegin...) B.- Tolosako lorategi batean hilzorian, baina bizirik, utzi. lehortea

E. Nik uste gorpua Tolosako gorputegian egon dela denbora horretan guztian, baita erietxean artatu zutela ere. Hau da, ez zutela ezkutatu gorpua. Gertatu dena da ezer ez zutela ikertu gorpu horretan eta horrek, dezepzio handia sortzeaz gain denoi, esan nahi du akats larria egin zutela Tolosako ospitaleko arduradunek. Bestetik, ez dut daturik jakiteko zer gertatu zen Anza desagertu zen egunetik erietxean sartu zuten egunera arte. Gai hau interes judizialekoa da eta une hauetan ez dago daturik forentse ikuspuntutik baloratu ahal izateko.

4

G. "Lasa eta Zabala auzian" ibili zinen auzi mediku lanetan, oker ez banago. Zer da errazagoa ikertzeko, "Anza auzia" edo "Lasa eta Zabala"? Lion

E. Errazagoa da Anzaren kasua ikertzea. Izan ere, gorpua ehun bigunekin dago eta horrek azterketa mikroskopikoak egitea ahalbidetzen du, baita toxikologikoak ere. Dena dela, Lasa-Zabalaren kasuan, haien heriotza indarkeriazkoa zen, armen zauriengatik gertatu zen, eta beste kontu batzuk direla-eta (biak lotuta zeuden eta abar), erraza zen nagusiki pasatu zena jakitea. Kasu desberdinak dira.

3

G. BERRIAn egindako elkarrizketan sekulako garrantzia eman diozu ospitalean egon zen denborako txoste medikoari. Autopsiari berari baino gehiago. Azal dezakezu zergatik, mesedez... mugimendua

E. Pertsona bat erietxean dagoenean egun batzuetan, ia dena jakin liteke daukan gaixotasunaz edo patologiaz. Batzuetan autopsiak jakinekoa dena baieztatzeko baino ez du balio; gainera, kontuan hartu Anza Tolosakoa bezalako erietxe garrantzitsu batean hartu zutela. Anzaren heriotzaren ondoren medikuek dudak izan balituzte heriotzaren zergatiez, haiek beraiek planteatu beharko lukete autopsia egitea.

2

G. Nola edukitzen dute gorpu bat gorputegia? Izoztuta? Hotzean baino izoztu gabe? leniz

E. Hasiera batean, gorpua hoztuta edukitzen da, ez izoztuta. Eta egun batzuk pasatuta identifikatu ez bada, normalena izoztea izaten da. Anzaren kasu honetan, harritzekoa da Baionako fiskalak esatea gorpua egoera txarrean zegoela, eta horregatik baliteke izoztuta ez egotea.

1

G. Ikerketa zure esku balego, nondik hasiko zinateke? aingerua

E. Pentsatzen dut Jon Anzaren kasuaz ari zarela. Historia klinikoarekin hasiko nuke ikerketa, eta hori autopsia baino lehenago egin behar da. Gainera, epaileak deklarazioa hartu behar die Tolosako erietxeko mediku denei.