l ZERRENDA OSOA    l BILAKETA       
l Guztira 105 elkarrizketa daude. 1etik - 10era bitartekoak ikusten ari zara l
2004-01-18 
Documento sin título
  Euskal Herrian antropologia eta emakumearen inguruko ikerketak uztartzen aitzindarietakoa izan zen; inoiz talde feminista batean militatu ez duen feminista izan arren, ekarpen handiak egin dizkio mugimendu horri, eta oraindik gehiago egiteko asmoa du.  

«Berdintasunaren ideologia bat bada, baina benetako parekotasunik ez»

Idurre Eskisabel.- Munduan barrena egin duena bezain luzea eta oparoa da Teresa del Valle antropologoak bizitzan egin duen ibilbidea: Berrizko (Bizkaia) Veracruz ikastetxe-barnetegi erlijiosotik Hawaiko Unibertsitatean doktore tesia egitera, Mikronesiako Guam uhartean egindako lekuan lekuko ikerketa oinarri hartuta.

Behin Euskal Herrira itzulita, gurean antropologiari behar besteko maila akademikoa ematen engaiatu zen. Milaka kilometro eta milaka bizipen. Egun, Gizarte Antropologiako katedraduna da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, bidean, EASA Gizarte Antropologiako Europako Elkartearen sortzaileetako bat eta lehendakariorde izana da. Dena den, EHUko bere bulegoan galderak erantzuten ari zaigula —bizi, xehetasunak aletuz— aitorpen bat egin digu: bere bi alabak dituela altxorrik handiena. Asteasun (Gipuzkoa) bizi da haiekin.

Espainiako Gerra garaiko Donostian jaiotako emakume bat nola iritsi da zuk egin duzun ibilbide akademiko eta pertsonala egitera? Ez da ohikoa.

Teresa Del Valle: Egia da. Donostian jaio nintzen, Gerra garaian, eta Bilbon hazi ninduten, hangoa baita nire familia. Egia da, halaber, nire bizitzak ez duela zerikusi handirik nire adin inguruko emakume gehienenarekin. 21 urterekin egin nuen aukera batekin du horrek harreman zuzena: hain zuzen ere, Berrizko Mesedetako Misiolarien Kongregazioan sartzeko hautuarekin. Garai hartan, zerbaiten alde lan egitea zen nire hautua, arrazoi erlijiosoek bultzatuta, baina, egia esan, ordurako banuen interes bat Mikronesian lan egiteko.

Bada, hori ere ez da ohikoa: Mikronesiari buruzko interesa edukitzea.

Ez, baina badu arrazoi argi bat. Izan ere, 6 urte nituenetik Berrizko Mesedetako Misiolarien Kongregazioak kudeatzen zituen Veracruzeko ikastetxeetan ibili nintzen. Kongregazio horrek misioak zituen, batik bat, Txinan, Japonian eta Mikronesian. Beraz, Cristobal Colonen izena entzun baino lehenago entzun eta irakurri nituen nik Mikronesiari buruzko kontuak. Umetan hasi zen Mikronesia nire imaginarioan present egoten.

Baina Mikronesiara heldu baino lehen AEBetan izan zinen.

Baina horrek ere harreman zuzena du Kongregazioan sartzeko erabakiarekin: Mikronesiara joatea eskatu nuen, eta, ohikoa ez bada ere, zirkustantzia batzuk tarteko, onartu egin zidaten. Garai hartan AEBen zaintzapean zegoen Mikronesia, eta, ondorioz, hara joango zen edonork AEBetan egindako ikasketak behar zituen. Gainera, laneko hizkuntza, Mikronesiako jatorrizko hizkuntzez gain, ingelesa izango zen. Horregatik joan nintzen AEBetara ikastera. Historian eta Artean lizentziatura bana egin nuen, eta gero Historian master bat; Mikronesiako historiari buruz egin nuen tesina.

Beraz, 1958 inguruan joan zinen AEBetara. Hemen utzi zenuen frankismo garaiko Euskal Herriaren eta ia 60ko hasierako Ameriketako Estatu Batuen arteko aldea handia izango zen.

Bai, eta horregatik, aldi hura oso garrantzitsua izan zen niretzat, besteak beste, kultura askotako jendearekin izan nuelako harremana. Kongregazioa misiolaria zenez, kultura askotako jendea neukan inguruan: Txinakoa, Japoniakoa, Latinoamerikakoa… Horrez gain, irekiera pertsonal handia bizi izan nuen: erlijio arloan, Vatikano II.a Kontzilioaren haritik sortutako korronte berritzaileak ezagutu nituen.

Azkenean, noiz heldu zinen Mikronesiara?

70eko hasierako urteak ziren. Guam uhartera joan nintzen, hango unibertsitatean irakasle eta ikerlari jardutera. Hori zen Kongregazio barruan nuen lana. Oso bolada interesgarria izan zen hura ere, une erabakigarria bizi baitzuen Mikronesiak: hango uharteak AEBen zaintzapetik beste aukera batzuetara irekitzen ari ziren. Batzuk, atxikimendu libreko harremanak eskatzen zituzten; beste batzuek, errepublika independenteak sortu nahi zituzten… Bertako jendearen artean mugimendu handia zegoen.Halaber, Vietnamgo gerra garaia zen, eta haren kontrako mugimenduetan parte hartu nuen. Izan ere, Guam oso gune estrategikoa zen gerra hartan.

Historiatik antropologiarako urratsa ere Mikronesian egin zenuen, ezta?

Konturatu nintzen ordura arte kontatzen zen historia kolonizatzaileen historia zela; hots, espainiarrena, japoniarrena, alemaniarrena, estatubatuarrena... Eta ohartu nintzen, Mikronesiako historiaren kontzeptua garatu behar zela, eta iturri antropologikoak lantzen hasi nintzen: ahozko historia eta lekuan lekuko ikerketa zehatzak. Nabarmendu nahi dut Mesedetako Misiolarien Kongregazioak interes handia zuela hango uharteen garapenean, eta, hortaz, asko azpimarratzen zen lekuan-lekuko kulturen eta hizkuntzen ezagutzaren beharra. Beraz, nire helburuak eta Kongregazioaren helburuak bat zetozen. Era berean, Guameko Unibertsitatean lanean aritu nintzen hiru urte eta erdietan harremana izan nuen prozesu politikoetan parte hartzen zuten ikasleekin, eta haiek beren historia propioa lantzeko interes handia zuten. Halaxe egin nuen historiatik antropologiarako urratsa.

Eta ordutik aurrera, antropologiari lotuta. Doktoretza diziplina horretan egin zenuen...

Bai, Hawaiko Unibertsitatean, East-West Center AEBetako erakundearen beka batekin. Hura ere oso aro interesgarria izan zen, besteak beste, AEBetan mugimendu feminista pizten ari zen sasoia zelako, eta aldarrikapen haietan parte hartzen hasi nintzelako. Zentroan 32 herrialdetako jendea geunden, eta emakumeen eztabaida foro bat sortu genuen. Azken batean, AEBetan astintze eta aldaketa handiko garaiak ziren, eta hura guztia xurgatu genuen.

Hala ere, 1978an Euskal Herrira itzuli zinen. Zergatik?

Famili arrazoiak tarteko zirela. Gurasoak jada oso zaharrak ziren, eta urtebeterako etorri nintzen. Urte hura erabakigarria izan zen niretzat, hemen frankismoaren azkenetan gertatutako guztiaz jabetu nintzelako. Izugarri estimatu nuen frankismo garaian jende batek egindako lana. Era berean, hasi nintzen maila pertsonalean gauza asko zalantzan jartzen: hasi nintzen Kongregazioaren barruan nituen bizipenak auzitan jartzen. Eta erabaki nuen, jada une horretan nire lekua ez zegoela Kongregazioan, eta irtetea deliberatu nuen. Erabaki zaila eta arrisku handikoa izan zen, besteak beste, lanpostua Guameko Unibertsitatean nuelako. Era berean, Euskal Herrian geratzeko gogoa nuen. Eta halaxe erabaki nuen. Zorionez, Zorroagako Fakultatean eskolak emateko aukera izan nuen, fakultate hura sortu eta hurrengo urtean antropologia ikasketak eskaintzen hasi baitziren.

Eta ia hasiera beretik emakumearen inguruko azterketak izan ziren zure lanaren ardatza. Horren isla, 1981ean Emakumeari buruzko Ikerketa Mintegia sortu zenuela.

Bai. Alde batetik, AEBetako mugimendu feministaren inguruan izandako esperientziak, eta, bestetik, Zorroagan topatu nuen jendeak bultzatu ninduten horretara. Izan ere, garrantzitsua izan zen Zorroagako sortzaile izan ziren Feli Etxeberria eta Pakita Arbe pedagogoekin, eta Marisol De Mora filosofoarekin aurkitzea. Halaber, ikasle batzuen artean interes handia topatu nuen hemengo emakumeei buruzko ikerketak egiteko; mugimendu feministaren inguruan ibilitako emakumeak ziren, eta garapen teoriko baten beharra sentitzen zuten. Hala, hiru irakaslek gidatuta, Joxe Martin Apalategik, Jonni Crawfordek eta hirurok, hasi ginen mintegiarekin. Mujer vasca, imagen y realidad (Euskal emakumea, irudia eta errealitatea) ikerlana izan zen lehen emaitza. Mintegi hura lan gune handia izan zen, oso pertsona baliagarriak bildu zituen. Tamalez, prozesu hura ez zen amaiera logikora iritsi, hau da, mintegia institutu unibertsitario bihurtzera, baizik eta 1993an bertan behera geratu zen. Emaitza handiak eman ditu —ikertzaile onak formatu ditu, antropologia ikasketen bi ardatzetako bat genero harremanak dira egun...—, baina, hala ere, galera handia da EHUk institutu unibertsitario bilakatzen ez asmatzea.

Emakumeen ikasketei buruzko interes akademikoa AEBetan sortu zitzaizula diozu. Aurretik, pertsona gisa, bazenuen emakumeen bazterketaren kontzientziarik?

Parekidetasun ezaren kontzentzia, nik uste dut, banuela, azken batean, bizitzan hainbat gauza borrokatu behar izan ditudalako; emakume izateagatik zenbait oztopo topatu ditudalako. Bizitzen joan naizen eran saiatu naiz niretzako garrantzitsuak ziren gauzak egiten. 21 urterekin nire bizitza bideratu nuen xede erlijioso batera, baina horrek badu lotura inguruan nituen emakume esanguratsuen ereduekin. Kongregazioan emakume esaguratsu asko zeuden, Margarita Maria Lopez de Maturana Kongregazioaren sortzailea kasu. Ez ziren etxeko-andreak, baizik eta ezagutza asko zituzten emakumeak, indar handikoak. Une hartan hura guztia bideratu nuen helburu erlijioso batera, baina, azken batean, erabaki hura lotuta dago bere bizitza modu esanguratsuan bizi nahi duen pertsonaren kontzientziarekin. Argi dago nik ez nuela ez dakit noren emazte izan nahi.

Antropologia eta emakumeen inguruko ikerketa arloa uztartuz, euskal matriarkatuaren teoria atzera bota zenuen. Zurea al da mitoa desmitifikatu izanaren meritua?

Esango nuke, meritua Mujer vasca, imagen y realidad ikerketa plazaratu zuen talde guztiarena izan zela, nahiz eta lana nik gidatu. Izan ere, ikerketa hartan heldu baikenion eta kritikatu baikenuen matriarkatukaren gaia. Dena den, kuestionamendua teoriatik zein praktikatik sortu zen. Euskal Herrira etorri nintzenerako banuen gai horri buruzko kuestionamendu teorikoa, AEBetan eta Hawain ikasi nuenean ezagutu bainituen zorioneko matriarkatuaren inguruan antropologo eboluzionisten teoriak, baina, halaber, hainbat ikerlari feministak haiei egindako kritikak. Ibilbide hori eginda etorri nintzen, eta ikusi nuen hemen mitoa oraindik bizi-bizi zegoela. Alabaina, fakultatean, ikasleak hasi ziren planteatzen matriarkatuari buruz esaten zena ez zetorrela bat euren eguneroko bizipenekin eta euren inguruko emakumeen bizipenekin. Matriarkatuaren teoria horren arabera, asko azpimarratzen zen emakumearen garrantzia, haien esangura handia, baina egunerokotasunean, bazterketa puri-purian zegoen.

Hala ere, era batera edo bestera, euskal matriarkatuaren sinesmen horrek ez al du indarrean segitzen?

Litekeena da. Izan ere, gai hori ikertu genuenean ikusi genuen euskal matriarkatuaren mito hori zerbait bereizgarri gisa bizi genuela euskaldunok; elementu diferentziatzailea zen. Alegia, identitate prozesuekin zerikusia zuen. Alde horretatik, kostatu egiten da desabantailan dagoen kolektibo baten bereizgarri dela ematen duen zerbait baztertzea.

Espazioaren eta gizabanakoen zein kolektiboen arteko harremana izan da zure ikerlanetan beste ardatzetako bat. Emakumeek espazio murritzagoak dituzte oraindik?

Bai. Funtsezkoa da ekoizpenaren eta ugalketaren artean egiten den banaketa zurruna kontuan hartzea, azken batean, etxeko espazioa, domestikoa, ugalketara bideratzen baita, eta ekoizpenera, aldiz, etxetik kanporakoa. Tradizio horren ondorioz, emakumea eta etxetik haraindiko espazioa kontrajarri egin dira. Une honetan, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasle Virginia Maquieirak gidatzen duen ikerketa talde batean mugikortasun libre eta segururako eskubidea ari naiz lantzen, baina ez eskubide gehigarri gisa, baizik eta oinarrizko giza eskubide gisa. Azken batean, emakumeei gizonezkoei baino beldur handiagoak sortzen dizkigute espazio handiak lasai kurritzeko.

Hainbat diskurtso entzunda ematen du gure gizartean iritsi dugula berdintasuna. Zer da, egia ala beste mito bat?

Ene, ene, ene! Horri buruz bai daudela gauza asko esateko! [Barreka]. Zehazki, Euskal Herriko gizartean, badago diskurtso bat, ez akademikoa, baizik arlo politiko eta sozialetatik datorrena, esaten duena generoaren araberako bazterketa iraganeko gauza dela; gaindituta dagoela. Teoria bat baino areago ideologia bat da, eta gazte jendearen artean asko ari da txertatzen. Argudio hori justifikatzeko estatistikak ematen dituzte: hainbat emakume daudela unibetsitatean, lanean, haur gutxiago izaten dituztela, beranduago… Argi dago datu horiek aldaketa bat adierazten dutela, baina bazterketa amaitu dela? Ez dut uste. Berdintasunaren ideologia bat da, baina ez ez du esan nahi benetako parekidetasuna dagoenik. Kontua da, orain, desberdintasuna agerian uzteko eta gainditzeko saltsa mehe egin behar dela, bazterketa sotilagoa baita.

 
 
Txutxo Abrisketa
“Nire barnean Euskal Herrian biziko naiz beti”
Jose Luis Elkoro
«Ez ninduten garbitu, txiripaz»
Anton Ormaza
“Ez dut uste espainolek sano jokatuko dutenik”
Txema Anda Fernandez
Tindufen, etsipenaren patologia da nagusi
Rafael Iriondo Aurtenetxea
Nire betiko ilusioa erdiko aurrelaria izatea zen
Joxe Landa
Aitak irakatsitako doktrinari erreparatzen diot
Begoña Zabala Gonzalez
Lehengo erradikalismora itzuli behar du feminismoak
Pirmin Aldabaldetreku Arruti
Egin nahi nuena egin eta gero, etxean nago
Xanti Iparragirre
«Ahotsa bertsolariak du, inork izatekotan»
Koldo Izagirre
«Basques’ Harbour anti-Kresala da guztiz»
 
© berria.info - 2006
     
  © BERRIA-Edizio Digitala
berria@berria.info - www.berria.info
Euskal Editorea S.L. , Martin Ugalde Kultur Parkea 20140 Andoain Tel 943 304 030 Fax 943 590 172