l ZERRENDA OSOA    l BILAKETA       
l Guztira 105 elkarrizketa daude. 1etik - 10era bitartekoak ikusten ari zara l
2006-03-19 
Documento sin título
 
Eguraldi iragarle lanetarako segidarik ez duela baina bila badabilela aitortu du Joxe Landak (Itziar, 1929). Ingurumariari egiten dion begiratua Internetekin uztartzen jakin du, euskal gizarteak aroari buruz
duen jakin-mina asetzeko asmoz.
 

«Aitak irakatsitako doktrinari
erreparatzen diot»

Iñaki Gurrutxaga.- Endoia auzoan dagoen Beliosoro Goikoa baserriko semea da Joxe Landa, hamaika senidetik bigarrena. Oraindik «bizirik eusten» dioten etxe zahar hura izan du eskola, han ikusi eta ikasitakoek erakutsi baitiote bizitzaren iparra non dagoen. «Nik dakidan gutxia neure kasa ikasitakoa dut», zehaztu du. Bizi guztia naturaren jiran pasatu du, baserria eta bertako langintza duintasunez landuz. 30 urtez jardun du Ineko Itziarko Nekazaritza Kooperatibako zuzendari lanetan. Hala ere, eguraldi gizon modura egin da ezagun. Aste barruko «giro atsegina» hizpide hartuta ekin diogu hitz-aspertuari.

Eguraldi ederra dago aspaldiko partez. Sasoiko giroa, ezta?

Joxe Landa: Baietz esango nuke. Garai honeterako on maila dezentekoa hartu duela uste dut. Baserritarrek eta, gure aita zenak eta, askotan esaten zuten: «Txapela jantzi ezak, martxoko eguzkia txarra izaten duk eta». Ederra esanda, egoki dago, baina giro atsegina deitzen diot nik. Bikaina ere esaten diot, akatsik gabea edo ezin hobea. Zaila izaten da hitz bakar batean laburbiltzea.

Eta udaberriari zer tankera hartzen diozu, Joxe?

Joxe Landa: On samarra dator. Tenporen arabera, Aste Santuetatik aurrera baldar samar geldituko da, baina ez dut uste hori beteko denik. Hasiera ona joango da, hego haize pixka batekin eta epel antzera. Euria galanki bota du orain arte, eta eguzki pixka bat gustura hartuko dute bazterrek. Natura gustura egoteak ematen dio pertsonari aparteko bizipoza. Uda gerturatu ahala, aroak ontze aldera egingo du.

Neguko iragarpenekin zer moduz ibili zara?

Joxe Landa: Zuzen ez. Udazkeneko tenporetan ikusten zen urtarrilaren erditik otsailaren erdi partera onaldi bat egon behar zela, baina ez da hori gertatu.

Ez du horretarainoko elurrik egin?

Joxe Landa: Gutxi egin du. Bi elurte kozkor egin ditu.

Tenporak aipatu ditugularik…

Joxe Landa: Ba al dakizu noizkoak diren tenporen kontuak?

Ez, egia esan.

Joxe Landa: Elizaren liturgiako araudi bat ziren tenporak, oso antzinakoak. Pello Zabala ibili da hori begiratzen, eta 300. urtetik hasita omen dator zer edo zeren arrastoa. Berez, tenporek ez dute zerikusirik eguraldiarekin. Tenporak ez daude lotuta ez ilargiarekin, ez inolako datarekin, sinesmenarekin baizik, errogatibak bezalaxe. Urtaro aldaketen mugan egin ohi dira tenporen iragarpenak.

Fidagarritasun eskasa, beraz.

Joxe Landa: Nik ez dut horren jarraipenik egin, baina gutxi. Kasualitate kontua da.

Pello Zabala izan al duzu maisu tenpora kontuetan?

Joxe Landa: Ez, aita-eta. Aitak irakatsitako doktrinari erreparatzen diot.

Orduan, umetatik datorkizu eguraldiari antza emateko sena.

Joxe Landa: Nik irudipena daukat kasi-kasik txikitatik jaso nuela. Aita-amak beti eguraldiari begira egoten ziren etxeko lanak antolatzeko, eta arrastotxo asko jartzen zituzten. Ondarroako arrantza-ontzien sirenak etxetik ondo entzuten baziren, mendebala zetorrela esaten zuten, euria egingo zuela. Horrelako kontu piloa esaten zuten.

Oinarrian herri jakituria jartzen duzun arren, bestelako baliabideak ere erabiltzen dituzu.

Joxe Landa: Oinarri hori barruan dut, baina Interneten bilatzen ditudan iragarpenak asko laguntzen didate. Hala ere, nahi ezta ere, bestela sumatzen dudan nozio hori uztartzen dut teknologiarekin.

Zer da, ba, sentitzen duzun hori? Zeri erreparatzen diozu?

Joxe Landa: [Barrez] Lainoen joera, haizearena, hezetasuna ere sumatzen du norberak, neurtzeko tresnarik eduki gabe ere, presioa ere hortxe-hortxe...

Animaliei ere erreparatzen diezu.

Joxe Landa: Bai, animaliek dezente esaten dute. Satorrek lurra harrotzeko sekulako joera dutenean euritarako joera dago, eta txantxagorria baserriko ganbaran babesten bada, elurra eta hotza gertu dauden seinale. Hegoak dituzten txindurriak agertzen badira, berriz, hego haizea sartzen da.

Baina Interneten agertzen diren isobara mapak ulertzen norbaitek irakatsiko zizun.

Joxe Landa: Zaletasuna dagoenean, jakinduria hori aberasten saiatzen da pertsona. Mariano Medina Espainiako irratiko eguraldi gizona izan zen urteetan gure erreferentzia, hemen ez baitzegoen ezer. Espainiako Meteorologia Institutuak eskaintzen duen teletiempo zerbitzuarekin ere asko ikasi genuen, eta egun gehiagotarako iragarpena egiteko aukera eman zigun. Gaur egun, Basileako (Suitza) unibertsitateak duen eguraldi mapari erreparatzen diot, eta ondo moldatzen naiz harekin. Oso grafiko onak egiten dituzte.

Eta norbaiti irakasten ari al zara?

Joxe Landa: Iloba bati irakasten saiatu naiz, baina ez dio tankerarik hartzen. Anaia bati ere esaten diot nire modu samarrean egiteko gai izango dela, baina esaten dit faltsua ote den lan horretan jardutea.

Beraz, ez daukazu segidarik.

Joxe Landa: Ez daukat, ez, baina bila nabil. Nik banuen EHKMEren bidez bide horri ekiteko gogoa. Abiatu ederki egin zen, baina porrot egin du eta kito.

Zer dela eta?

Joxe Landa: Guk behin betiko epairik ez diogu eman oraindik egitasmo horri. Udalbiltzan izandako konponezinen ondorioz dago geldirik proiektu hori. Jaurlaritzarekin harremanak izan genituen, baina horiek ezker aldeko usaina hartzen zioten eta...

Zer egingo zenuke, bada?

Joxe Landa: Zaleen elkarte bat egingo nuke, eta zerbitzu pertsonala eskaini. Lekuan lekuko egoeraren berri ematea interesgarria iruditzen zait niri, webcamen bidez. Oraindik egin daiteke. Eguraldiarekin badago berezko zaletasuna, eta aparteko arreta eskaintzen zaio. Hor badago lanerako lekua, ez Euskalmetekin lehiatzeko, osagarri gisa baizik.

Herri jakituria eta aurrerapen zientifiko eta teknologikoak uztartzearen aldeko zara.

Joxe Landa: Bai, noski. Egun bat edo bi iragartzeko, agian, ez da behar teknologiarik, baina iragarpen luzeagoak egiteko, ezinbestekoa da.

Zergatik begiratzen zaio horrenbeste eguraldiari?

Joxe Landa: Amurizak, adibidez, esaten du berari bost inporta izaten zaiola zer eguraldi egiten duen, baina hori ere errepidera ateratzen denean… Jendeak gero eta gehiago erreparatzen dio eguraldiari, gehiegitxo esango nuke.

Hor ez al dago kontraesanik? Jendea naturatik urruntzen ari da, gizartearen erritmoa ez dabil eguraldiaren menpe, hedabideek eguraldiaz asko hitz egiten dute...

Joxe Landa: Errepideetako ibilerak asko eragiten duela uste dut nik. Lehendik datorren sen hori suspertzeko joera hori ere egon daiteke, eta, gainera, hori transmititzeko eta norberak bilatzeko ahalmen handiagoa dagoenez, horrek ere eragina izango du. Agian, zaletasun handiagoa egongo da, baina ni hemen nabil ordezkoa bilatu ezinean.

Hizketaldi askoren iturri bada behintzat!

Joxe Landa: Bai, galanki. Nik ez diot asko antzematen; ni tartean baldin banago, kontu jakina da eguraldia beti, betiko galdera, betiko gaia.

Batzuetan amorratuko zara.

Joxe Landa: Bai, pixka bat bai. Kontxo, batzuetan iruditzen zait horretarako bakarrik behar nautela.

Makina bat hedabidetan egiten dituzu eguraldi iragarpenak. Nolatan hasi zinen lan horretan?

Joxe Landa: Joxean Agirre kazetaria lehengusua dut, eta haren bidez sartu nintzen saltsa horretan. Gaztea zela gure baserrira etorri zen denboraldi bat pasatzera, eta hor jakin zuen nire zaletasunaren berri.

Eta gero?

Joxe Landa: Egin egunkarian ari zela, Hemen aldizkaria sortu zuten, eta eguraldi kronikak egitera animatuko ote nintzen galdetu zidan. Saiatuko nintzela esan nion. Telefonoz egiten nituen kronikak. Gero Egin irratikoak hots egiten hasi zitzaizkidan. Hogei bat urte izango dira.

Gara egunkarian egunero idazten duzu, baina tokiko hainbat irratirekin ere elkarlanean aritzen zara.

Joxe Landa: Zazpi irratirekin hitz egiten dut egunero; zortzi eta erdiak aldera Herri Irratian, gero Info7n eta Segura irratian, gero Baztango Xorroxinen, hurrena Arrasate irratian, gero Tolosaldeko Txolarren eta azkena Leitzako Karrapen. Gara egunkarira arratsaldeko lehen orduan bidaltzen dut kronika.

Herri profetatzat hartu behar al zaitugu?

Joxe Landa: Ez dakit. Nik batzuetan ezin izaten dut kokatu neure burua. Ni hasi egin nintzen, gero tartean berriren bat sartu da, eta, hala ere, nik hor jarraitzen dut. Pentsatzen dut egiten dudana ez dela aparteko kontua, baina hor segitzen dut. Gauzak esateko moduan egon daiteke gakoa.

Hori al da zure arrakastaren giltza?

Joxe Landa: Hori izango da. Niri ere zalantza hori sortzen zait. Irrati txiki horiek beren nortasuna eduki nahi izaten dute, berezitasuna, intimoak dira, eta hedabide handiek ez dute hori bilatzen. Ni Xorroxinerako urruti samarrekoa naiz, baina urtero gonbidatzen naute bazkaritara, eta estimazio handiarekin, gainera. Ez naukate, ez, lagatzeko!

Edo hizkuntza, agian?

Joxe Landa: Igual, bai. Hala ere, iruditzen zait euskara mailan motz antzera nagoela. Interesa badut, baina astirik ez ondo sakontzeko. Eguraldiaren gorabehera asko izendatzeko hitzak eta esamoldeak falta direla uste dut nik. Euskaltzaindiari izendegi bat egitea proposatu beharko diogu.

Tarteka hanka sartuko duzu eguraldi iragarpenekin.

Joxe Landa: Galanki [barrez]. Barkamenarena gutxi erabiltzen da, eta ez dakit zergatik.

Eta kritikak zer moduz hartzen dituzu?

Joxe Landa: Ez diet kasu askorik egiten, ez baitidate buruko minik eragiten. Nik esandakoa jendeak erabat sinesten duela sinetsita nago. Okerragoa da norberak bere buruarekin edukitzen duena. Asmatzen ez dudanean, amorrua sentitzen dut, askotan dezente pentsatuta esaten baititut esan beharrekoak. Baina ez zait askotan gertatzen.

Sekula guardasola alferrik atera al duzu kalera?

Joxe Landa: Behin Deban gertatutakoa kontatuko dut. Hiru lagun burusoil pasieran zebiltzan, eta euria dezente hasi zuen, eta ni parean tokatu, eta han hasi zitzaizkidan marmarka, euriaren berri eman ez nuela eta. Maiatza zen, eta zera esan nien: «Lasai mutilak, maiatzeko euriak ilea ateratzeko balio omen dik» [Barrez].

Klima aldaketaren kontuan sinesten al duzu, Joxe?

Joxe Landa: Ez, egia esan. Kaleko jende xeheak kontu horrekin ez lukeela kezkatu behar uste dut nik.

Baina jendearen artean bada hotsa udak gero eta beroagoak direla eta neguak gero eta hotzagoak direla. Zer iritzi duzu?

Joxe Landa: Kontu hori aipatu izan da. Orain dela hiru-lau urte, uda lehorra egin zuenean, jendeak esaten zuen eguraldia erabat aldatu zela, baina hori ez da horrela. Nik daukadan denboran ez dut hori antzeman. Esan dezakedana da eguraldiak bere markak hautsi egiten dituela. Nik gogoan baditut bost edo sei kasu: uholde handi hura, Urola ibaiak autobusa eraman zuena; haizete handi bat, Zumaian trena bota zuena; koska handienekoa 47 zentimetroan jarri zueneko elurtea; 56ko izozte luze hori, eta 83ko uholdea.

Beraz, tsunamia, Katrina urakana eta horrelako hondamendiak eguraldiak bere markak hausten dituelako izaten dira?

Joxe Landa: Bai, kasualitateak, astinaldiak. Gertakizun bereziak dira gizateriaren martxaren barruan. Gero gertatzen da hedabideek egundoko oihartzuna ematen dietela gertakizun horiei, eta gizarteak uste izaten du horrelako hondamendiak bizian behin gertatzen direla.

Itsasoaren egoeraren berri ere ematen duzu iragarpenetan. Baserritar bat itsasoari begira?

Joxe Landa: Nik gertu izan dut beti itsasoa, bistan. Itsasoa beti iparraldea da guretzat, aurrea, eta hegoaldea, atzea. Itsasoak kosta inguruan eragin handia du.

Non dago Euskal Herriko itsasaldearen eta barnealdearen arteko muga?

Joxe Landa: Eguraldi kontuetan behintzat mendikateek erabakitzen dute. Barnealdea aipatzen dugunean Lizarratik beherako lurraldeaz ari gara, eta ez Goierriz. Orografiak berak ere muga egiten du.

Eta zer moduz ikusten duzu euskal baserrien eta nekazarien zeru gaina?

Joxe Landa: Ilun samar. Gauzak ez direla behar bezala egin uste dut. Gaur egun ia inor ez da bizi baserritik; baina, zorionez, baserriak bizirik daude oraindik. Horri arreta berezia jarri beharko litzaioke. Azken urteetan baserrien fisionomia asko aldatu da. Lehen denok genituen baserri inguruan baratzeak, fruitu arbolak, eta orain horiek denak desagertu egin dira, etorkizuna ganadugintzan dagoela sinetsaraziz. Lehengo eredurari gehixeago begiratu beharko genioke.

Arretaz gain politika zehatzak martxan jarri beharko liratekeela esan nahi duzu.

Joxe Landa: Adar askotatik hel dakioke gaiari. Baserriak berritzeko diru laguntzak bilatzea izan daiteke bat. Baserrian bizia egotea, nire ustez, garrantzitsua da gaur egungo gizartearentzat, baina horrek ez du joan behar baserritarren sakrifizioaren baitan. Jende askok eutsi dio baserriari, baina baserritar askok uste dute kalera jaitsiko balira bizimodu hobea edukiko luketela. Egoera hori nolabait leundu egin behar dela uste dut.

 

 
Txutxo Abrisketa
“Nire barnean Euskal Herrian biziko naiz beti”
Jose Luis Elkoro
«Ez ninduten garbitu, txiripaz»
Anton Ormaza
“Ez dut uste espainolek sano jokatuko dutenik”
Txema Anda Fernandez
Tindufen, etsipenaren patologia da nagusi
Rafael Iriondo Aurtenetxea
Nire betiko ilusioa erdiko aurrelaria izatea zen
Joxe Landa
Aitak irakatsitako doktrinari erreparatzen diot
Begoña Zabala Gonzalez
Lehengo erradikalismora itzuli behar du feminismoak
Pirmin Aldabaldetreku Arruti
Egin nahi nuena egin eta gero, etxean nago
Xanti Iparragirre
«Ahotsa bertsolariak du, inork izatekotan»
Koldo Izagirre
«Basques’ Harbour anti-Kresala da guztiz»
 
© berria.info - 2006
     
  © BERRIA-Edizio Digitala
berria@berria.info - www.berria.info
Euskal Editorea S.L. , Martin Ugalde Kultur Parkea 20140 Andoain Tel 943 304 030 Fax 943 590 172