l ZERRENDA OSOA    l BILAKETA       
l Guztira 105 elkarrizketa daude. 1etik - 10era bitartekoak ikusten ari zara l
2006-03-26 
Documento sin título
 
1936ko gerran erabaki zuen Rafael Iriondok (Gernika, 1919) futbolari izatea. Pilotazalea zen, baina oinarekin jokatu nahi zuen. Bikote erabakigarria osatu zuen Zarra zenarekin Athleticen.
 

«Nire betiko ilusioa erdiko
aurrelaria izatea zen»

Jon Ordoñez.- Telmo Zarraren heriotzak triste utzi du Rafael Iriondo Aurtenetxea. Athleticek izan duen aurreko lerro oneneko jokalari zaharrena izan arren, bizirik dagoen bakarra da. Haren tristura, ordea, sakonagoa da. Futbol zelaian bikote erabakigarria osatu zuten Zarrak eta berak, eta etxeko mahaian tuteko bikote ziren; euren emazteen aurka jokatzen zuten egunero. Atari berean dute etxea, Bilbon. Zarra zazpigarrenean bizi zen. Iriondo lehenengoan bizi da. Egongelan, bere jokalari garaiko argazki txiki bat du apain-mahaian. Horman, beste talde batzuek emandako plakak dauzka zintzilik. Kirol egunkari bateko lehen orriak ditu mahai gainean, Athleticen ingurukoak. Hala ere, ez dirudi Athleticeko jokalari mitikoenetako baten etxea horrek. «Nire ibilbidea inork ez luke ulertuko, oso bitxia da». Gernikarra izanik, 1937ko bonbardaketak herrian harrapatu zuen. Pilotazale amorratua izan da beti, baina haren eskuek ez omen zuten balio lehen mailako partidak jokatzeko. Pilotan oinarekin jokatu nahi zuen.

Nola iritsi zinen Espainiko gerrako lehen lerrotik Athleticen lehen lerrora?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Ni infanterian nengoen, eta lehen lerroan nengoela pentsatzen nuen: «Hau bukatutakoan jokalari izango naiz». Buruan sartuta neukan futbola. Zalea nintzen, baina talderik ez zegoen garai hartan. Erandiora eta Barakaldora [Bizkaia] joan nintzen proba bat egitera, baina alferrik.

Esperientzia gutxi omen zenuen.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Partida bakarra jokatu nuen gerra aurretik, Gernikarekin, 1934. urtean. Ni eskolan hasi nintzen futbolean, eta Gernikakoak bila etorri zitzaizkidan. Hamabost urte bete berri nituen lehen aldiz jokatu nuenean, Zornotzan. Taxian joan ginen partidara, eta nire etxean futbolean hasi nintzela jakin ez zezaten, herriaren kanpoaldean hartu nuen nik taxia. Taldeko ordezkariak esan zidan nire adina zein zen galdetzen bazidaten 18 urte nituela esan nezala. Ez zidaten galdetu. Bina egin genuen. Taldea gero desegin egin zen, eta zazpi urte egon nintzen partidarik jokatu gabe.

Gerra nola bizi izan zenuen?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Hasi zenean ez ninduten lehen lerrora bidali, gure kinta oso gaztea zelako. Nazionalak Gernikara sartu zirenean, ordea, gazte koadrila bat Bilbora joan ginen. Hortik Santoñara [Kantabria, Espainia] joan ginen, eta hangoa gertatu zenean, konzentrazio eremu batean sartu gintuzten. Ateratzean, etxetik pasatu gabe, Lizarrara [Nafarroa] bidali gintuzten, Arapiles batailoira. Etxekoez ez genekien ezer. Eta Lizarratik, gerrara, Teruelera. Gerra zer den ondo dakit nik.

Teruelgo bataila luzea izan zen.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Gorriena zen Teruel. Nik tranpa bat egin nuen handik ospa egiteko, eta ondo atera zitzaidan. Garai hartan hazteria gaixo asko zegoen. Medikuarengana joan eta azkura nuela esan nuen nik, baina ez zidan jaramonik egin. Ezer esan gabe trena hartu, eta Bilbora joan nintzen. Etxekoak ikusi ondoren, zer egin ez nekiela, Lizarrara joan nintzen berriro. Iritsi nintzenean ez zidaten ezer esan, egindakoa desertzioa zen arren. Gerrara bidali ninduten berriro, Teruelera, baina beste batailoi batera. Borroka latzenak paseak ziren ordurako.
Iriondo, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainza. Futbolean aurrelariak eta atzelariak soilik zeuden garaian, aurrelari boskote paregabea osatu zuten. Realean ere aritu zen Iriondo.

Oroitzen al zara Athleticekin lehen aldiz jokatu zenuen egunaz?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Bai. Normalean ez naiz oroitzen emaitzez, baina bi partida horietaz, bai. Athleticekin bina egin genuen Valentziaren aurka, Valentzian.

Nola iritsi zinen Athleticera?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Arapiles gure batailoia Lizarratik Bilbora eraman zuten. Behin, Athleticeko atezainen entrenatzailea futbol zelaira zihoala ikusi genuen nik eta beste soldadu batek. «Aizu, honek proba egin nahi du zuekin», esan zion. Egia zen. Zein taldetan jokatu nuen galdetu zion, eta «Gernikan» erantzun soldaduak. Igandean bertan Athletic Brekin jokatu nuen.

Eta hortik, gora?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Bost edo sei partida jokatu nituen Athletic Brekin, baina orduantxe Afrikara bidali ninduten. Iriondo Yriondo idazten zela esanez saiatu nintzen leku hori saihesten, baina koronela euskalduna zen, eta Iriondo i latindarrarekin idazten zela ondotxo zekien.

Azkenean, 1940ko irailean iritsi zinen Athleticeko lehen taldera, eta Ligan 323 partida jokatu zenituen.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Bai. Afrikatik etorri eta berehala egin nuen debuta, Zarrarekin batera. Harrezkero eta azken egunera arte izan nintzen titular. Gutxik izango dute marka hori. Azken partida Bartzelonaren aurkako Kopako final bat izan zen, eta galdu egin genuen. Artetxe zen nire ordezkoa. Espainiako Selekzioan jokatzen zuen berak, baina Athleticen nire ordezkoa zen. Bera gaztea zen, eta nik jada 34 urte nituen. Horregatik, ni taldetik ateratzea erabaki zuten. Barakaldora joan nintzen, erdiko aurrelari jokatzeko baldintza bakarrarekin.

Zergatik erdiko aurrelari? Athleticen postu hori Zarrak betetzen zuen.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Nire betiko ilusioa zen, baina ez nintzen postu horretarako behar bezain garaia. Athleticen beti izan nintzen eskuin aurrelari. Barakaldon bi edo hiru partida postu horretan jokatzea lortu nuen. Gero Reala etorri zitzaidan bila, eta Realean berriz ere eskuinera itzuli nintzen.

Athleticetik, Realera. Arazorik izan al zenuen sekula talde batetik bestera aldatzegatik?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Ez. Ni Barakaldotik joan nintzen Realera, eta horrek ez zuen orduan garrantzirik. Realera iritsi eta berehala, gainera, Athleticen kontra jokatu genuen. Gure aurrelari boskotetik soilik Piru Gainzak eta biok jarraitzen genuen jokatzen. Egun hartan haren kontra jokatu nuen. Nik gola sartu nuen, eta irabazi egin genuen.

Iriondo, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainza. Bostetan zu zinen gazteena, eta bostetan zu bakarrik zaude bizirik.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Bai, gizajoak. Pena da.

Inoiz izan al zen arazorik zuen artean?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Ez. Akaso bat edo beste bai Gainzarekin, baina ezer garrantzitsurik ez. Oso ondo moldatzen ginen. Bidaietan bostok elkarrekin ateratzen ginen. Eta hotelaren kanpoan jende asko pilatzen zenean, Zarrari aurretik ateratzeko esaten genion. Jende guztia berarengana joaten zen, eta gu beste ate batetik ateratzen ginen.

Nolakoa zen zuen harremana?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Konfiantza handia genuen gure artean. Panizo eta Venancio oso umoretsuak ziren. Venancio ausarta ere bazen. Zarra eta ni serioagoak ginen. Elkarrekin ateratzen ginen, bazkaltzera joaten ginen... Lehen batasun handiagoa zegoen jokalarien artean. Gaur egun entrenamendua amaitu eta jokalari bakoitzak bere bizitza egiten du.

Futbola goxoagoa al zen?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Bai... Orduan gehiago hitz egiten genuen gure artean. Bidaiak luzeagoak ziren, eta aurkariaz eta gure kontuez hizketan pasatzen genituen. Hori galdu da. Entrenatzaileak zer esango duen zain egoten dira.

Zarra lagun mina zenuen. Haren heriotza kolpe gogorra izango zen zuretzat...

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Atsekabetuta gaude emaztea eta biok. Zarra eta ni dena ginen bata bestearentzat.

Nolatan egin zineten hain lagun onak?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Ni Gernikatik etortzen nintzen Bilbora, eta bera Mungiatik. Entrenamenduaren ondoren, Ibaizabal aldamenean zegoen billar areto batera joaten ginen, herrira itzultzeko autobusa iristen zen arte.

Zuen gertutasuna zelaian ageri omen zen.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Gure trikimailuak genituen. Oso ondo ulertzen genuen elkar. Gora igotzen nintzenean bera bigarren zutoinean kokatzen zen, eta eskuarekin baloia atzera botatzeko eskatzen zidan. Nik, ordea, banekien lehen zutoinera botatzeko eskatzen ari zitzaidala. Azken momentuan aurrerago etortzen zen, eta gola sartzen zuen. Horrelako gol pila bat sartu zuen. Errematatzaile onenetako bat izan da Zarra.

Eta zu erdiratzaile onenetako bat omen zinen.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Bai, noski. Elkarrekin jokatzera ohitu ginen. Entrenamendua bukatzen zenean, biok lanean jarraitzen genuen. Nik erdiratu eta berak errematatu, orduak pasatzen genituen horrela, burutik odola zeriola geratzen zen arte.

Asko entrenatzen al zenuten?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Orain baino gutxiago, baina gogorrago. Aizu, zenbat partida diozu jokatu ditudala?

Athleticekin, 323 partida.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Eta golak?

84 Ligan...

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Gehiago izan behar dute, ehun eta gehiago.

...eta 31 Kopan. 115 guztira.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Beraz, hiru partidan behin gola sartzen nuen.

Ez al zenituen zenbatu?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Ez, baina tarteka pentsatzen nuen: «Aspadian ez dut golik sartu. Gaur nik sartu beharko dut». Hiru partidan behin izaten zela nuen buruan.
Jokatzeari utzi ondoren, Zarra bere lagun minarekin kirol denda bat jarri zuen, Bilbon. Gero entrenatzen hasi zen: Athletic, Espanyol, Zaragoza, Reala, Betis...

Zergatik hasi zinen entrenatzen?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Athleticeko jokalari nintzela, Gernikako talde bat entrenatu nuen. Gero, Realean jokatu nuen bigarren denboraldian, entrenatzaile ikastaroa egin nuen Donostian.

Garbi zeneukan orduan jokatzeari utzi eta futbolean jarraituko zenuela?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Bai. Indautxun hasi eta Athletic Bra pasatu nintzen. Denboraldi hartan Gainza zen lehen taldeko entrenatzailea, baina, antza, emaitzak ez ziren onak, eta nik ordezkatu nuen.

Kopa irabazi zenuten denboraldi horretan, baina ordurako Athleticek Ronnie Allen fitxatua zuen.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Ni kirol zuzendaritzan jarraitzea nahi zuten, baina nik ezetz esan nuen, nik entrenatzaile izan nahi nuen.

Zergatik ez zara inoiz geratu talde batean?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Ez zitzaidan urtebete baino gehiago egotea gustatzen. Gehienera bi urtez geratzen nintzen.

Zergatik?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Denbora asko egonez gero aspertu egiten zarela dirudi.

Zergatik zuten zure taldeek baloia ondo ukitzen zutelako fama?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Niri beti horrela jokatzea gustatu izan zaidalako. Gure garaian nahiko ondo jokatzen genuen, ez genion elkarri begiratu beharrik bakoitzak zer egin behar zuen jakiteko.

Zu entrenatzaile zinela eman omen zuen Realak joko onerako pausoa, 1972-1974 urteen artean.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Hori esaten zuen jendeak, hobeto jokatzen genuela. Egia esan, ondo jokatzen zuen Realak. Taldea utzi nuenean UEFArako sailkatu zela uste dut; eta ez pentsa orduan orain bezain erraza zenik sailkatzea. Athleticera etortzeko utzi nuen, baina ez nuen ondo egin. Onak izango zirela igartzen zitzaien zenbait jokalari utzi nituen Realean. Nirekin hasi ziren jokatzen Satrustegi, Gorriz, Esnaola... Betisen gero nirekin izan nuen berriro Esnaola.

Athleticzaleek ez dute Betisen talde hura berehalakoan ahaztuko. Zu aulkian eta Esnaola atean zeundeten, eta 1977ko Espainiako Kopako finala penaltietan irabazi zenioten Athletici.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Athleticeko jokalari dezente ezagutzen nituen, besteak beste, Dani. Penaltien txanda iritsi zenean, Esnaolarengana joan, eta Dani penaltia bota baino pixka bat lehenago geratu egingo zela esan nion. Beti egiten zuen horrela. Penaltia geratu zuen Esnaolak. Abantaila hor genuen.

Iaz antzeko zerbait gertatu zen Kopako finalerdietan. Penaltietan kanporatu zuen Betisek Athletic. Liga bat eta lau Kopa irabazi ondoren, nola bizi duzu zuk titulu lehortea?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Nire ustez, gaur egun ez dira ateratzen garai hartako jokalarien tankerakoak. Gainera, atzerritarren desabantaila ere badu taldeak.

Zenbat denbora pasatuko da Athletic berriro txapeldun izateko?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Ez dakit, ez dakit. Orain lehen taldera gazte batzuk iritsi dira, baina ez dakit izarrak izango diren. Aduriz oso ondo ari da. Bolada kontua dirudi askotan. Nik badut biloba bat oso ondo ari dena; zortzi urte ditu, eta ziur naiz lehen taldera iritsiko dela. Hori esaten du, nik gaztea nintzenean esaten nuen moduan.

Talde guztietan dago harrobiaren arazo hori. Gaur egungo gazteak ez direla garai batekoak bezain borrokalariak esaten dute.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Ba, futbolariek irabazten dutena ikusita, saiatzeko modukoa bada behintzat.

Zuen garaian horrenbeste irabazten zen?

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Gure garaian, gutxi. Bazen zerbait, baina asko ez. Afrikan nengoela, 125 pezeta ordaintzen zizkidan Athleticek, eta gero lehen taldean, 250. Jokalari nintzela, nire azken soldata 80.000 pezeta izan ziren.

Baina pribilegiatuak bazineten.

Rafael Iriondo Aurtenetxea: Bai, tekniko batek baino gehiago irabazten genuen.

 

 
Txutxo Abrisketa
“Nire barnean Euskal Herrian biziko naiz beti”
Jose Luis Elkoro
«Ez ninduten garbitu, txiripaz»
Anton Ormaza
“Ez dut uste espainolek sano jokatuko dutenik”
Txema Anda Fernandez
Tindufen, etsipenaren patologia da nagusi
Rafael Iriondo Aurtenetxea
Nire betiko ilusioa erdiko aurrelaria izatea zen
Joxe Landa
Aitak irakatsitako doktrinari erreparatzen diot
Begoña Zabala Gonzalez
Lehengo erradikalismora itzuli behar du feminismoak
Pirmin Aldabaldetreku Arruti
Egin nahi nuena egin eta gero, etxean nago
Xanti Iparragirre
«Ahotsa bertsolariak du, inork izatekotan»
Koldo Izagirre
«Basques’ Harbour anti-Kresala da guztiz»
 
© berria.info - 2006
     
  © BERRIA-Edizio Digitala
berria@berria.info - www.berria.info
Euskal Editorea S.L. , Martin Ugalde Kultur Parkea 20140 Andoain Tel 943 304 030 Fax 943 590 172