l ZERRENDA OSOA    l BILAKETA       
l Guztira 105 elkarrizketa daude. 1etik - 10era bitartekoak ikusten ari zara l
2005-07-24 
Documento sin título
 
65 urte bete zituenean, erretiroa hartuko zuela zabaldu zen. Oraindik, baina, Bizkaiko
bertsolari gazte askori irakasten dihardu. Gazte hilko dela dio, eta ikasleekin gustura
egoten da, gazteekin ibiltzeko aitzakia ona ematen diotelako.
 

«Gutxik dute plazako tentsioa onartzeko gogoa»

Jon Lopategi Lauzirika. (Muxika, 1934)- Hamar neba-arrebako familia bateko seigarrena da. Haren aurretik denak neskak jaio ziren Juan Lopategi eta Santa Lauzirikarenean. Umea zen Muxikara (Bizkaia) erreketeak sartu zirenean; Mungiara alde egin zuten, «behi uztarria eta gurdia martxan jarrita». Handik Barakaldora joan ziren, eta gero Bilbora. 48 ordu egin zituen Bilbon, konorterik gabe, gerra sirena entzun eta arrebarekin babeslekura zihoala buruan kolpea hartuta. Urte haiek gogorrak izanda ere, aurrera egitea lortu zuten, eta bizitza aberatsa josi du Muxikan, Gernikan, Tolosan eta Euskal Herriko ehunka bazterretan.

Zelan gogoratzen duzu Muxikan pasatutako umezaroa?

Jon Lopategi: Gerra sasoian, Mungian, Barakaldon eta Bilbon egon ginen. Bueltatu ginenean, etxea txikituta zegoen. Mahai tresnarik ere ez genuen. Kazola erdian jarri, eta bertatik jan genuen guztiok, heldu ginenean. Auzokoek-eta lagunduta, aurrera egin genuen, baina urte txarrak pasatu genituen, indarra hartu arte. Sei urtegaz joan nintzen Vista Alegreko eskolara. Doña Patrocinio Uranga zen gure maistra. Irakatsi gauza handirik ez, baina egurra majo ematen zigun! Behin, gogoratzen naiz, neure mahaian berbetan-edo egon, eta maistrak, haserre, Angel Azkueri esan zion: «Angel, emaiozu Juan Joseri —Jon Joseba naiz izatez— belarrondokoa!». Bera eserlekutik ez mugitzearren, nagusiagoari agindu ni jotzeko. Eskolako akordurik handiena horixe daukat. Behin, eskolatik etxerantz nentorrela, anaia gazteak eta gurean egoten zen Zornotzako mutiko batek esan zidaten abade bat zegoela etxean nire zain. Kasimiro Egues elduaindarra zen. Fraide eramateko mutiko bila ibiltzen zen. Hala joan nintzen Tolosara.

Eskolan dena gaztelaniaz egingo zenuten, baina etxean?

Jon Lopategi: Etxean euskaraz, baina eskolan ere gure artean dena euskaraz. Jakin ere ez genekien gaztelaniaz. Hasiberriei derrigorrean egiten zizkien irakasleak hitz batzuk euskaraz, baina Gipuzkoakoa zen, eta haren euskara arraroa irizten zitzaigun. Normalean dena gaztelaniaz egiten zigun.

Ikasteko aukera emango zizun fraide egoteak.

Jon Lopategi: Bai. Oso aukera ona, gainera. Dakidan apurra hantxe ikasi nuen. Giroa ere ona zegoen. Gustura egon nintzen hango lagun artean, nahiz eta beti izan hura nire bidea ez zelako ziurtasuna.

10 urte egin zenituen komentuan, eta gero?

Jon Lopategi: Soldaduskara. Nafarroan egin nituen hiru hilabete, eta Donostian egon nintzen gero. 15 hilabete egin nituen han. Niretzat ona izan zen komentutik atera eta jende gaztearekin egotea. Gure konpainia ohorezko konpainia zen, eta zazpi bider tokatu zitzaidan Francori guardia egitea, Aieten. Etxerako bueltan, ogibide bila hasi beharra zegoen. Kontabilitatea ikasten hasi nintzen, Gernikan, eta Dalia enpresan hasi nintzen lanean. Sei urte egin nituen han. Ondoen nengoenean, pentsu fabrika batean hasteko proposamena egin zidaten bertso saio batean. Ongarri izeneko fabrika egitekoak ziren, eta baserritarrei laguntzeko izango zela esanez egin zidan eskaintza Antonio Kortazarrek. 18 urte egin nituen lan horretan.

Pentsuekin hasi zinenerako plazaz plaza zenbiltzan. Non izan zenuen lehen harremana bertsoekin?

Jon Lopategi: Fraide nengoenean, oporretan ez ginen etxera etortzen. Udako oporretan lehiaketak antolatzen zituzten: bertsoak, marrazketa eta idazketa. Lehenengo urtean, hirurak irabazi nituen —uste dut besteek ez zutela gauza handirik egingo—. Handik aurrera bertsoak egiten hasi nintzen, etxekoak zoriontzeko, lehiaketa horretarako… baina ez neukan bertsolari izateko asmorik. Bertsotan inor ikusi gabe nengoen.

Plazarako saltoa noiz etorri zen?

Jon Lopategi: Tolosatik etxera etorri, eta Ariatzako [bera bizi den ingurua] jaietan Deunoro Sardui bertsotan hasi zen. Bezpera eguna zen; bakailao jana egoten da oraindik ere urtero. Txurrut eginda nengoen, eta neu ere kopletan hasi nintzen. Santa Kurtz jai horietan entzun nuen neure lehenengo bertso saioa ere: Deunoro Sardui eta Iturri ari ziren bertsotan. Sardui teknikoagoa zen; Iturrik bere erara egiten zuen bertsotan, baina gozo kantatzen zuen. Ekinez gero neuk ere zer edo zer egingo nuela bururatu zitzaidan. Txapelketak ere hasita zeuden Bizkaian, eta Pedro Ajuriak entrenatzeko proposamena egin zigun. Taberna zeukan Ariatzan, eta zapatuetan han batu eta txapelketa prestatzeko gonbita egin zigun. Pedro Mari Aldana hartu genuen idazkari eta gai-jartzaile, eta gero Balendin Enbeitari esatea pentsatu genuen. Baietza eman zigun, eta bera izan genuen ardatza. Gu bertsoaren erdian gelditu ere egiten ginen hasieran, baina hura ez. Hola hasi nintzen bertsoarekin zuzenean.

Eta txapelketarako prestatu ostean, parte hartu ere bai.

Jon Lopategi: Mungian kantatzea tokatu zitzaigun lehenengoan. Hiru lagun joan ginen Muxikatik. Irineo Ajuriak irabazi zuen. Desanimatu egin ginen, 14 urteko mutikoak irabazitakoan. Berriz ez joatea pentsatu nuen. Hurrengo urtean, baina, Ameriketan neukan anaia etorri zen etxera, han bizi zen gure osaba bategaz. Haiek bertsoak entzun nahi zituztela, eta joan nintzen txapelketako saiora. Eskualdeko txapela irabazi nuen! Gernikan jokatu genuen finalaurrekoa. Han porrot egin, eta amorrua sartu zitzaidan. «Hurrengorako behar den moduan prestatu behar dut», esan nion neure buruari. Neure errima hiztegia egin eta beheko errekan txoriei kantuan ibili nintzen. Trebatze saio batzuk egin eta, hirugarren ahaleginean, eskualdeko kanporaketa, finalaurrekoa eta finala irabazi nituen.

Txapelketako suak lagundu zizun bertsolari izaten?

Jon Lopategi: Bai. Tolosan Bertsolariya aldizkariaren bilduma bat topatu nuen, eta bertso asko irakurri nituen. Teknikaz han jabetu nintzen. Orduan zortziko handia eta txikia ere ez genituen bereizten: luzea eta laburra ziren guretzat.

Txapelketa horietatik atera dira gerora sasoi bat markatu duten bertsolariak. Bikotekide izan zenuen Azpillaga, esate baterako.

Jon Lopategi: Azpillaga ordurako modan zegoen. 1960ko txapelketan Donostian kantatu eta hirugarren egin zuen. 1962an hasi zitzaizkidan harekin batera deitzen, Bizkaiko txapela irabazi nuenean. Lehenengo deiak Arriandi, Iurreta, Bolibar… izan ziren. Hasierako urtean Bizkaian kantatu genuen batez ere. Behin, Mutrikun Azpillagarekin bertsotan nenbilela, Jose Rezola Ataungoa etorri zen. Haren bitartez, Ataunera eroan gintuzten. Joan baginen, joan ginen, eta harrezkero Goierri osoa egin genuen. Urtebetean, Zaldibira sei aldiz joan nintzen Azpillagarekin, Hernani inguruko auzoetara ere bai. Ataunen bertan, sei aldiz kantatu genuen.

Ibili-ibili, bertsolaritza irakasle hasi zinen.

Jon Lopategi: 1983-84 ikasturtean, mintegi bat egin zen Hondarribian. Bizkaitik ere joan ziren bertso eskoletan zebiltzanak. Bertsotan, berriz, Amuriza eta biok joan ginen. Gernikako ikastolako Sakonari eman nion ikastaroaren berri. Bera joan zen. Gipuzkoan, Mikel Mendizabal zebilen ikastolaz ikastola bertsolaritza irakasten, eta hemen ere norbait jartzearekin tematu zen Sakona. Etxenikerekin hitz egin, eta neure izena proposatu zuten, eta pentsuak utzi eta bertso-irakasle hasi nintzen. Hasieran, ikastola bakoitzean arduradun bat jarri nuen. Koordinatzailea nintzen, eta arduradunekin batu eta materiala sortzen genuen. Federazioko batzar baten, esan zidaten Getxoko Ibilaldirako ea zergatik ez nuen antolatzen Gipuzkoakoaren moduko txapelketaren bat. Orduan hasi nintzen zuzenean ikastolarik ikastola joaten. Ordurako, Aritz semeak 14 urte zituen, eta etxean ere entrenatzen hasi ginen. Markinan Buztarrirekin bertso eskolan hirukote polita zebilen: Aitor Elexpuru, Juanjo Elordui eta Iñigo Ibarra [Ander Lipus]. Ikastoletako arduradunei koplak prestatzeko ardura eman nien txapelketa janzteko.

Bizkaiko azken txapelketako zortzi finalistak ikasle izan dituzu.

Jon Lopategi: Ez dira lehenengo garaikoak, baina, denboraren joanean, nirekin ibilitakoak bai.

Zelan ikusten duzu egindako lanaren emaitza orain?

Jon Lopategi: Lehenengo urteetan beste lanik ez nuen egiten, eta ikastola batera joan eta egunean sei eskola ordu ematen nituen, eta leku batzuetan zazpi ere bai. Ikastolako Federazioak kontratatu ninduen, baina eskola publikoetara joateko baldintza jarri nien, herri bakoitzean ahalik eta ikasle gehienengana heltzeko.

Eskola orduetatik aparte, ikasleekin bueltaka ere ibili zinen.

Jon Lopategi: Bai [kar-kar-kar]. Eusko Jaurlaritza diru laguntzak eskaintzen hasi zen, ikastetxeei urtean hiru saio egitearren. Bata eskolan bertan, eta beste bi beste ikastetxe batzuetan. Orduan furgoneta neukan, eta atzean alderdi bakoitzean banku bat ipini eta han hartzen nituen eskualdeko bertsolariak. Gaur eskola honetara edo bestera goaz, eta saioa egiten genuen. Pozik etortzen ziren! Abentura polita izaten zuten.

Hortik, Kanpantxuko (Ajangiz, Bizkaia) bertso barnetegira.

Jon Lopategi: Hasieran ikastoletako arduradunekin egin genituen barnetegiak Kanpantxuko eskola zaharrean. Gero, 15 urtetik gorako bertsolari gazteak taldea osatzeko beste izan zirenean, haiekin joaten ginen urtero bost edo sei bider. Hainbat eskualdetako bertsolariek elkar ezagutu zuten, eta txapelketara haren eta honen kontra joan beharrean lagun arteko giroa sortzen zen.

Bertsolaritza zelan dago Bizkaian orain?

Jon Lopategi: Panorama polita dago. Kontua da bertsolari asko egin direla, baina nik uste dut bertsolariak jaio ere egin behar duela. Bertsoak egiteko gai edonor da, baina plazako tentsioa onartzeko gogoa dutenak gutxi dira. Egon dira bertsolari onak eta azkarrak, baina bertsolaritza utzi dute. Ikasi gabe ezer ez dago, baina izaera berezia behar da.

Txapelketak, orokorrean, asko gaztetu dira...

Jon Lopategi: Fenomenoa da. Gazteak adore handiagoa behar du, eta argiagoa behar du izan berez. Ez gure moduan, gauza baten izena esan gura eta gogoratu ezin... Kirol guztietan, fisikoetan eta adimenekoetan, landuz gero, gazteak beti behar du trebezia handiagoa. Gazteengan dago etorkizuna, eta bai oraina ere. Gazteak badabiltza antolakuntzan eta onenen artean eurak badaude, gauza ondo doan seinale.

Aurtengo Euskal Herriko txapelketarako kinielarik?

Jon Lopategi: Egaña eta Lujanbio hortxe ibiliko dira aurten ere. Bizkaikoen artean, Igor oso zehatza da, eta Unai jeniala. Zer esana emango dute. Fredik [Paya] ere badu bere originaltasuna eta anbizioa. Mendiluzerekin ere, kontuz!

Finala Barakaldora eramateari zer deritzori?

Jon Lopategi: Beste leku hoberik ez badago, bertan ondo! Gernikan gurago izango nuke... [kar-kar-kar]. Eskualde hori kontzientziatzeko eta bertako euskaldunei animoak emateko balioko du.

Txapelketa badator, eta tentsioa nabari da jada bertsolarien artean. Bizipen zaharrak berritzen zaizkizu halakoetan?

Jon Lopategi: Akordatzen naiz txapelketa aurreko egunetan baten batek beti gaia ateratzen duela, eta horixe da txarrena. Txapelketa aipatzen dizuten bakoitzean, barruan ardura sentitzen duzu. Bizimodu normala egin alde, ahaztu egin gura izaten du norberak.

1989an irabazi zenuen txapela. Ez zara berriz txapelketara joan.

Jon Lopategi: Pentsatu nuen hura baino gehiago ezin izango nuela lortu, eta orduan lortu banuen zerbaitegatik izango zela. Hobetzera ez nuen egingo. Txapelketatik erretiratzeko sasoia zela begitandu zitzaidan. Orduan ere nekez joan nintzen, eta lehia uztea hobe.

«Txapela jantzi gabe joan zen Fernando Aireri» eskaini zenion zure txapela.

Jon Lopategi: Xalbador izan da nik gehien miretsi dudan bertsolaria. Batzuetan, bat-bateko bertsoa ona dela iruditzen zaizu, eta paperean ez dizu ezer esaten. Haren bertsoak onak ziren paperean ere. Bazuten misterio apurren bat. Behin, Gipuzkoan lehiaketa antolatu zuten, Onena pentsuek babestuta. 16 bertsolari joan ginen, eta Xalbadorrek bigarren egin zuen. «Heu izan haiz onena!», esan nion amaieran, eta berak erantzun zidan: «Bai, baina beti norbait aurretik!». Barruraino sartu zitzaidan.

 
 
Txutxo Abrisketa
“Nire barnean Euskal Herrian biziko naiz beti”
Jose Luis Elkoro
«Ez ninduten garbitu, txiripaz»
Anton Ormaza
“Ez dut uste espainolek sano jokatuko dutenik”
Txema Anda Fernandez
Tindufen, etsipenaren patologia da nagusi
Rafael Iriondo Aurtenetxea
Nire betiko ilusioa erdiko aurrelaria izatea zen
Joxe Landa
Aitak irakatsitako doktrinari erreparatzen diot
Begoña Zabala Gonzalez
Lehengo erradikalismora itzuli behar du feminismoak
Pirmin Aldabaldetreku Arruti
Egin nahi nuena egin eta gero, etxean nago
Xanti Iparragirre
«Ahotsa bertsolariak du, inork izatekotan»
Koldo Izagirre
«Basques’ Harbour anti-Kresala da guztiz»
 
© berria.info - 2006
     
  © BERRIA-Edizio Digitala
berria@berria.info - www.berria.info
Euskal Editorea S.L. , Martin Ugalde Kultur Parkea 20140 Andoain Tel 943 304 030 Fax 943 590 172