Endikak ongi hasi du ibilbidea Kutxabank Torneoaren finalerdietako ligaxkan. Orain arte jokatu den partidarik hoberenean, 30-28 garaitu du Barrenetxea IV.a: lau puntu lortu ditu, eta galtzaileak bi.
Bakoitzak bere dohain nagusiak erabili zituen aurkaria menderatzeko; Endikak bi pareta jokaldia eta Barrenetxeak sakea. Guztira hamalau berdinketa egon ziren partidu guztian, eta, nahiz eta Saldiasko atzelariak eraman aurrea gehienetan, Barrenetxea gertu izan zuen une oro.
Alderik handiena 10-5ekoan iritsi zen, eta 21-17an lau tantoren aldea izan zuen Endikak. Hala ere, Barrenetxea aurretik jarri zen, 21-22, eta azken unera arte ez zen erabaki. Azken txanpan, Endikak tantoak amaitzen asmatu zuen, eta 29-26 aurreratu zen. Hurbildu zen urdina, 29-28, baina irabazleak maisuki amaitu zuen azken tantoa bere azkenengo bi paretarekin.