Badok

"Badok" bezala etiketatutako albisteen zerrenda

Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak

2022ko ekainak 17

"Bezperen dirdira" diskoa kaleratu zuenetik Lumi taldea elkarrizketatzeko abagunearen zain egon dira Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak, biziki interesgarria iruditu baitzaie Ziburuko bikoteak grabatu duen bigarren lan luzea. Hortaz, Nahia Zubeldia eta Manu Mathys taldekideekin solasaldi luze eta mamitsua izan dute ikasturte honetako azken atalean. Horrez gain, argitaratu berri den Mikel Laboa eta Artze anaien "Ikimilikiliklik" ikuskizunaren zuzeneko grabazioa hizpide izan dute.

Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak

2022ko ekainak 3

Tolosako Bonberenea gune autogestionatuaren baitan sorturiko Bonberenea Ekintzak zigiluak 20 urte egin ditu. Bi hamarkada horietan ehundik gora disko argitaratu ditu eta plataforma garrantzitsua bilakatu da euskal diskogintzan. Urtemuga ospatzeko 14 talde bildu dituen jaialdi handia antolatu du eta horretaz guztiaz hitz egiteko Patxi Muñoa Bonbereneako kidea gonbidatu dute. Horrez gain, MICE, Gilda, Bonberenea Txaranga eta Kuraiaren kantu bana entzuteko parada izan da.



Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak

2022ko maiatzak 20

Hilaren hasieran kaleratu du Habi taldeak lan berria, 'Helmuga'. Lau kantuz osaturiko EPa da, Elkar diskoetxeak biniloan argitaratua, eta dagoeneko kontzertuetan aurkezten ari direna. Horretaz hitz egiteko Yeray Gascon abeslari eta gitarrista elkarrizketatu dute atal honetan, eta ohi bezala, saioaren amaieran kantu bat aholkatzeko eskatu diote. Horrez gain, Bihar eta Birkit-en abesti bana entzun eta hizpide hartu dute Jagoba Salvador eta Eneritz Furyakek.

Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak

2022ko maiatzak 13

Aste honetako albiste nagusietako bat izan da Ødei rap abeslariaren bakarkako lehen diskoaren argitalpena. 2zio taldeko kide ohiak bere lanaren gaineko ardura osoa hartu du 'Terapia' izeneko diskoan, hala abestien konposizioarena nola ekoizpenarena. Horretaz mintzatu da luze eta zabal Jagoba Salvador eta Eneritz Furyakekin. Horrez gain, Maraca Diabloren disko berria eta Zazkel taldearen agurra aipagai izan dituzte.

Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak

2022ko apirilak 22

Apirilaren 1ean kaleratu zuen Peru Galbetek bere lan berria. "Beiratu" du izenburu, eta hitz joko bat planteatzen du begiratzearen eta zerbait beira bihurtu eta distira ematearen artean. Bakarkako lana da Galbeterena baina disko honetan inoiz baino musikari gehiagoren laguntza izan du. Horretaz guztiaz mintzatu da Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak-ekin, eta gaineran Idoia Hernandez 'Hatxe' musikariaren pieza berezi bat aholkatu digu.

Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak

2022ko apirilak 8

Badira sei urte Eñaut Marti Zinkunegi oriotarra Shanghai hirira joan zenetik ikasketak amaitzera eta geroztik musikari gisa ibilbidea garatzen ari da Txinan. Shanghai Qiutian taldearekin profesionalizazioaren bidea hartu berri du eta Txinako musika eszenaren barru-barruko ezagutza du Giranice taldeko kide ohiak. Hango esperientziaren berri eman digu saio honetan. 

Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak

2022ko martxoak 25

Musika eta irudien arteko harremanaz aritu dira saio honetan, eta zehazkiago zuzeneko emanaldietan irudiak jartzen aritzen direnen zereginaz. Horretan iaioak diren Maialen Belaustegi (Testura, Olor....) eta Jokin Guridi (Eyharts, Telmo Trenor) elkarrizketatu dituzte Jagoba Salvador eta Eneritz Furyakek. Horrez gain, Benizze proiektu berriaren lehen abestia entzun ahal izan dugu.

Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak

2022ko martxoak 11

Aste honetan abiatu da Bilboko Loraldia jaialdiaren ekitaldi berria. Euskarazko sorkuntzaren hainbat disziplinatako sormen lanak erakutsiko ditu martxoaren 27a bitartean. Amaia Ocerin jaialdiko komunikazio arduradunak festibalaren filosofia eta aurtengo egitarauaren xehetasun guztiak azaldu dizkigu. Horrez gain, Sofa, Maddi Oihenart, Ruper Ordorika eta Sortaldekoak entzuteko aukera izan dugu.

Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak

2022ko otsailak 25

Urte hasieran argitaratutako lanik nabarmenenetako bat da Vulk taldearen "Vulk ez da" diskoa. Bilboko laukoteak euskaraz osorik grabatzen duen lehen lana da, eta Euskal Herritik kanpo ere oihartzun handia izaten ari da, Madril eta Bartzelonako kontzertuetan izandako harrerak erakusten duenez. Diskoaz hitz egiteko Jangitz Larrañaga bateria jolea elkarrizketatu dute, eta hark aukeratutako Borrokan taldearen abesti bat ere entzun ahal izan dugu. Horrez gain, Catch & Soul taldea ezagutu dugu atal honetan.

Jagoba Salvador eta Eneritz Furyak

2022ko otsailak 11

Atal honetan Ander Zulaika bateria jolea elkarrizketatu dute Jagoba Salvadorrek eta Eneritz Furyakek. Eñaut Elorrieta, Olatz Salvador, Labeque ahizpak eta beste hainbatekin ibilitakoa da Zulaika, eta "soldatapeko" musikaria izateari buruz eta besteen proiektuetan aritzeari buruz aritu dira solasean. Horrez gain, Neomak, J Martina, Itoiz eta Korrikaren aurtengo kantua entzun ahal dira

Publizitatea